Elosua: despopulaziorako ez dago txertorik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 18a, 07:36

Askotariko adinetako elosuarrak, Santutxuko ermitan, uztailaren 3an; 2019ko udan zaharberritu zuten ermita, auzolanean. (Argazkia: Iñigo Zubeldia).

Despopulazioaren, auzotarren zahartzearen, zerbitzu faltaren eta pandemiaren erruz, Elosuaren biziraupena arriskuan ikusten dute auzotarrek; COVID-19aren erruz auzoaren kohesioa nabarmen kaltetu da: "Auzo-sena bazegoen, baina hori ere izorratu du birusak".

Bergarako herrigunetik ia bederatzi kilometrora dago Elosua, Bergarako auzorik periferikoena. Bergarako ipar-ekialdean eta Azkoitira bidean kokatua, errepidearen alde batean dauden baserriak Bergara aldekoak dira eta beste aldekoak, berriz, Azkoitikoak. Historia eta izaera handiko auzoa, ez ditu egun garairik onenak bizi. Despopulazioari, auzotarren zahartzeari eta zerbitzuen gabeziari pandemia gehitu zaie; COVID-19ak harremanetan eragin du zuzenean, eta Elosuan, Iñigo Zubeldia auzo-alkatearen arabera, "egurtu itzela" eman dio birusak auzoaren kohesioari: "Auzotarren arteko harremana izorratu egin du, jendea elkartzeko beldurrez dago".

15 biztanle eta 50 bat baserri

2021eko uztailaren 5eko errolda datuen arabera, hamabost lagun bizi dira Elosuan. 50 baserri inguru daude, horietako asko hutsik; Zubeldiak dioenez, auzotarren artean saiatzen dira baserri horietarako gutxieneko mantentze-lanak egiten. Zerbitzu gabeziaren adierazle nagusia, duela urte batzuk auzotarrekin egindako diagnosiaren arabera, tabernaren galera izan zen.

2021eko uztailaren 5eko errolda datuen arabera, hamabost lagun bizi dira Elosuan. 50 baserri inguru daude, horietako asko hutsik. 

Gaur-gaurkoz, frontoiaren atzealdean dagoen Elur-mendi elkarte gastronomikoa da batzeko duten leku bakarra, baina gune hori ere ez da erabilgarri egon orain gutxira arte, pandemiak eraginda. Bazkideak ere zahartzen ari direnez eta gazteen erreleborik ez dagoenez, soziedadean bazkide berriak sartzeko erraztasunak jartzen hasi ziren duela bi edo hiru urte, baina hor ere zuzenean eragin du pandemiak. Bestalde, ezin da ahaztu, eskola batek auzo bati ematen dion bizitzaren ikuspegitik, soziedadea dagoen lekuan eskola egon zela duela 40 urte baino gehiago.

"Mantentze beharra" auzoetan

2019ko ekaina ezkero Udal Gobernuak "mantentzerako behar handia" antzeman du auzoetan, baina "bestelako neurriak hartu edo urratsak egin" dituztela ere gaineratu dute: "Auzoetako jaietako partida handitu –Elosuan bikoiztu egin zen–, auzoak biziberritzeko partida egokitu, auzo-batzorderako harrera-plana osatu –zinegotzi eta auzo-ordezkari berrientzat– eta auzoetako kultura taldea martxan jarri dugu. Auzoetako kultura taldeari esker iazko udako kultura agenda osatzerakoan, nahi izan zutenekin batera, kultura emanaldiak eskaini ziren auzoetan: Elosuan, astronomia behaketa; Osintxun, Iker Laurobaren kontzertua; San Juanen, garagardo dastatzea; Angiozarren, antzerkia; eta Uberan, zinema emanaldia. Balorazio oso positiboa egin zen". Uda honetan ere ekimena errepikatu dute.

Frontoi estalia eta San Martin eliza, Elosuko plazan, uztailaren 6an; pilotalekuaren atzean dago elkartea.

Elosuak dituen beharren gainean galdetuta, Udal Gobernuarendako auzoen "diagnosi orokorra" egitea izan da erronka: "Azpiegiturak oso garrantzitsuak dira Elosuan eta Bergarako beste auzoetan, baina beharrak azpiegituretatik harago doaz. Auzoen argazki osoa behar dugu. azpiegiturak, mantentze-lanak, irisgarritasuna, garapena, ingurumen, kultura, aisialdia, kirola, ongizatea zein auzoetako gobernantza eta antolaketa garatzeko. Diagnosiak behin baino gehiagotan egin dira, baita Elosuan ere. Eguneratzea da asmoa, baina ikuspegi integral eta orokorretik. Egin Herrixa Bergara 2030 plan estrategikoak emango dizkigu identifikaziorako zein erantzunerako irizpideak. Bertan auzoek espazio propioa izan dute, badakigulako behar batzuk komunak badira ere beste batzuk espezifikoak direla".

Inplikaziorik eza, "etsigarria"

Iñigo Zubeldiaren ustez, baina, "etsigarria" da erakundeen inplikaziorik eza: "Egiten diren diagnostiko edota azterketak ez dira ezertan gauzatzen. Taberna lortzeko egin ditugun saiakeretan edo turismo aldetik egin ahal izan ditugunetan, bizkarra eman didate. Justu-justuan mantentzen dituzte jaiak edota halako usadioak". Azken interbentzio esanguratsuen gainean galdetuta, "gutxienez hamar urte" pasatu direla dio: "Umeendako parkea eta porlanezko plaza egitea izan zen azkena. Ez dakit zehatz esaten, baina pasatu dira, gutxienez, hamar bat urte ordutik. Diputazioaren Berpiztu planaren barruan Elosua eta beste auzo bat sartu ziren eta hor egin zen diagnostikoan hainbat eskaera egin zituzten auzotarrek, baina hau bakarrik egin zen. Hortik aurrera ez da ezer egin".

Pandemiak kalte harremanetan

Udalaren eta auzoen arteko harremanak garatzeko ezinbestekoa da, Udal Gobernuaren arabera, auzo-alkateen figura: "Ahalbidetzen du Udalaren eta auzoaren arteko harremana zuzena izatea; auzo-alkate horiek ordezkatzen dute Udala auzoan, eta alderantziz".

Hori bai, pandemiak "hileroko lan dinamika interesgarria eta aberatsa" eten zuela gogoratu du Udal Gobernuak: "Bat-batean, etena izan genuen, eta, azken hilabete luzeetan, sortu izan diren beharrei erantzun banakakoa ematen aritu izan gara auzoen batzordetik. Baina kontaktua berreskuratzen goaz gure bizitzetan eta baita Udaleko martxan ere. Plan estrategikoaren prozesuak eman digu aukera auzo-ordezkariak berriz elkarrekin aritzeko, eta auzo-batzordeak ere hasi du bere martxa. Pandemiak sortutako egoera etorri baino lehen genuen dinamikara bueltatzeko gogo handiz gaude eta auzoen ikuspegi orokorretik auzotarrek merezi duten erantzun globalagoak artikulatzeko asmoa dugu".

Urriaren 12ko feria, "arriskuan"

Bertakoak ez diren hainbat bergararrek urriaren 12ko feriarekin lotuko dute Elosua, auzoak jende gehien erakartzen duen urteko eguna izan ohi zelako. Iñigo Zubeldia auzo-alkateak, baina, ez dio etorkizun oparorik ikusten azoka berezi horri: "Uste dut 2019koa izan zela azkena. Egoera zein den ikusita, ez diot auzoari buelta emateko ahalmenik ikusten. Esan izan didate pesimista naizela, baina esango nuke errealista naizela. Auzoarendako oso egun berezia izaten zen, diru-iturri bat ere bazen bestelako egitasmo txiki batzuk martxan jarri ahal izateko. Halako egun seinalatuetan igartzen zen auzo-sena bazegoela, baina pandemiak dena izorratu du".

 

Bertako ondarearen balioa

Ingurumenaren, biodibertsitatearen eta lehen sektorearen ikuspegitik Elosuak duen oparotasunaz gain, badu ere ondare historikotik. Hain zuzen ere, Nafarroako Erresumaren azken egituren gotorleku izan zen Iriaun gaztelu zaharraren aztarnek interesa piztu dezaketela deritzo Zubeldiak: "Gaztelua paradoxikoa izan daiteke. Duela 400 urte muino hau defendatzeko edo zaintzeko gaztelu txiki bat zen, behera etorri dena. Akaso bere aztarnetan egon daiteke auzo hau pizteko edota defendatzeko aukera".

Diputazioak ez die baimenik eman indusketetarako, baina Zubeldiak crowdfunding kanpaina bat abiatu zuen ekain bukaeran, Interneten. Zertarako? Aplikazio baten bidez gaztelu zaharrera hiru dimentsioko bisita bat egiteko. Gutxienez, 6.000 euro behar dira, eta, oraingoz, 500 euro inguru lortu dituzte: "Uste dut interesa sortuko lukeela aplikazio batekin gaztelua nolakoa zen ikustea. Elosuak baditu ondare aldetik interesgarriak izan daitezkeen hainbat aukera: ibilbide megalitikoa, Ignaziotar Bidearekin lotzeko aukera [Ignazio Loiolakoa Elosutik pasatu zen ziurtatzen duen agiriaren atzetik ere badabil Zubeldia]... Horretarako, baina, erakundeen laguntza ezinbestekoa da, eta ez dugu jaso".

Iñigo Zubeldia, Elosuko alkatea: "Agintariei ahoa betetzen zaie landa eremuaz hitz egiterakoan"

Elosuak bizi duen gainbehera "ikaragarria" dela dio, eta "beltza" ikusten dio etorkizuna.

Ze zerbitzuren falta igartzen duzue, bereziki?

Ezer handirik gauzatu ez, baina hiru edo lau diagnostiko egin dira Elosuan. Orduan egoera hobea zen, besteak beste, taberna zabalik zegoelako; ondorioztatzen zen taberna oso gune garrantzitsua zela auzotarrak elkartzeko. Galera handia izan zen, auzoari tristura handia eman zion.

Zer galduko luke Bergarak Elosua barik, zure ustez?

Funtsezkoa da landa eremua. Herriguneak ez dira mantenduko landa eremurik gabe. Uste dut gizarte mailan gehiago kontzientziatu beharko genukeela landa eremuak duen garrantziaz. Landa eremua bizitzeko era bat da, elkartzeko modu bat, kultura bat, gauza asko batzen dituen komunitate bat. Agintariei ahoa betetzen zaie esaten dutenean landa eremua zaindu egin behar dela, baina gero, ez da ezertan gauzatzen. Ahalegin gehiago egin ahalko lukete erakundeek benetan Elosuari garrantzia emango baliote.

Etsita ikusten zaitut...

Ibiliak erakusten du nor dagoen alboan eta nor ez, eta erakundeak ez daude gurekin. Proiektuak asko, baina gauzatu ia bat ere ez; etsigarria da, bai.

Nagore Iñurrategi, Udal Gobernuko bozeramailea: "Beste bide batzuk ari gara bilatzen, auzoak eta beharrak asko direlako"

Elosuan mantentze-lanak egin direla dio, eta "oso zaila" dela "auzoen oreka mantentzea".

Gobernuan zaudetenetik ze lan egin dira Elosuan?

Mantentze-lanak izan dira Elosuan azken bi urteotan egin direnak. Auzoetan, oro har, mantentzerako behar handiarekin egin genuen topo, eta horiei erantzutea izan zen lehentasunetako bat.

Nola erabakitzen dira esku-hartzeak?

Diru-laguntzetatik asko tiratzen dugu auzoetako beharrei erantzuteko. Lehentasunen mapa egin ostean, ze dirulaguntza irteten diren ikusi, auzo guztietako beharrak aztertu eta ondoren hartzen dira erabakiak. Horrela erabaki genuen, esaterako, Uberako eskola-etxea berritzea. Eta azken Erein programa Angiozarko bide zaharrerako izan da. Ez da batere erraza auzoen artean oreka mantentzea; beste bide batzuk ari gara bilatzen, auzoak eta beharrak asko direlako.

Ze garrantzi du Elosuak?

Handia, baina zailtasunak izaten ditugu landa eremuko inbertsioetan oreka mantentzeko. Elosuak ez ditu biztanle asko, baina oso aberatsa da biodibertsitatean eta lehen sektorearekin lotutako aktibitateetan; oso inportantea da Bergararentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak