Stoltz Freres organoa: 2024ko ekainerako berrituta izatea espero dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 16a, 07:32

Bergarako San Pedro elizako Stoltz Freres organoa berritzeko finantzaketa lortu dute, erakunde publikoen, Elizaren eta organoaren aldeko elkartearen arteko elkarlanari esker; konponketa 2022ko urtarrilean hasi eta 2024ko ekainean amaitzea aurreikusten dute.

San Pedro parrokiako Stoltz Freres organoa zaharberritu egingo dute, atzo goizeko prentsaurrekoan iragarri zutenez. Konponketa eta berritze prozesuak 2022ko urtarrilean hasiko du ibilbidea eta espero dute, "dena ongi bidean", 2024ko ekainerako Bergaran bueltan izatea organoa erabat zaharberrituta. Izan ere, Lyonen (Frantzia) berrituko dute 132 urtez martxan izan den organoa. 1889ko martxoaren 18an inauguratu zen Stoltz Freres organoa San Pedro elizan –Eiffel dorrea Parisen inauguratu zen hilabete berean–; Eugeene eta Edouard Stoltz organo-egileek elizan bertan eraiki zuten organoa.

Gaur egun mundu osoan jatorrizko egoeratik gertuen dagoen Stoltz-Freres etxeko organo handien artean bakarra da. Marka bereko beste organo batzuekin alderatuz hau jatorrizkoaren hurbileko baldintzetan mantentzen denez, Stoltz-Freres etxearen lekuko paregabe eta sinbolikoa da. Adituek diotenez, instrumentu erromantiko garrantzitsua da; ez du aldaketarik jasan, eta bere soinu-ezaugarriak oso jatorrizkoak dira. XIX. mendeko organo erromantikoaren salbuespen-ondaretzat har daiteke.

Aurrekontua: 468.103 euro

Diputazioaren, San Pedro parrokiaren, Bergarako Udalaren, Donostiako Elizbarrutiaren eta Stoltz Freres Organoaren Lagunen Elkartearen ekarpen guztien batuketari esker 468.103 euro lortu dira, organoak zaharberritua izateko behar duen aurrekontua. Diputazioak 234.000 euro jarri ditu; San Pedro parrokiak, 80.000 euro; Bergarako Udalak, 60.000 euro; Donostiako Elizbarrutiak, 54.000 euro; eta Stoltz elkarteak, azkenik, 40.103 euro.

Organoa berritzeko aurrekontua da 468.103 euro. Diputazioak 234.000 euro jarri ditu; San Pedro parrokiak, 80.000 euro; Bergarako Udalak, 60.000 euro; Donostiako Elizbarrutiak, 54.000 euro; eta Stoltz elkarteak, azkenik, 40.103 euro. 

Zergatik da horren garestia organoa konpontzea? Organista titular Aitor Oleak azaldu dio GOIENAri zeintzuk izango diren egingo dituzten lan nagusiak: "Sei pertsona arituko dira lanean 30 hilabetez. Honako lan hauek egingo dira: planoak egin; notaz nota soinu guztiak –36 joko bider 56 teklatu-nota eta 30 pedal nota– eta nota horien konbinazioak grabatu; instrumentua desmuntatu eta Rontalera [Lyon, Frantzia] garraiatu; makina pneumatikoa leheneratu; hauspoak zaharberritu; sekretuak berritu; noten mekanika zaharberritu; zurezko eta metalezko obrak berritu –2343 hodi dira–; kontsolaren eta noten mekanika berritu; haizegailua berritu; instrumentua Bergarara garraiatu; eta, azkenik, instrumentua muntatu, afinatu eta harmonizatu".

Protokolo bat zehaztuko dute

Oleak gaineratu duenez, hainbat konponketa egin behar dira organoan: "Hauspoetako azala oso zahartuta dago eta materialen nekeagatik hauspoek hermetikotasuna galdu dute. Azalak pitzatzen ari dira eta hauspoek eta aire-zirkuituek izaten dituzten aire-ihesak ezin dira zenbatu. Sekretuek lasaierak dituzte eta makina pneumatikoa zaratatsua eta desdoikuntza ugarirekin agertzen da, bertako hauspo txikiak lehertu egiten dira eta. Mihizko eta metalezko hodien oinetako askok zapalketak jasan dituzte, horien pisuagatik eta lokailu faltagatik. 1670an Lazaro de Aranzeagak eginiko kaxak eta Stoltz anaiek 1889an erantsitako alboko aurrealdeak xilofago-presentzia dute. Era berean, organoko kontsolan xilofagoak eginiko kalteak agerian daude".

2024ko ekainetik aurrera erabilgarri egongo litzateke organo berritua eta Oleak aurreratu du protokolo bat prestatzen ari direla San Pedro elizarekin eta Udalarekin batera: "Protokolo bat idazten ari gara, bermatzeko, zaharberritu ondoren, organoa herrian irekitako tresna izango dela eta kontzertuetan, irakaskuntza-jardueretan, ekitaldi laikoetan ere, bisitetan... erabili ahal izango dela".

Diputazioak, diruaren erdia

Diputazioak aurrekontu osoaren erdia jarri izana, Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriaren arabera, "guztiz zuzena" da. Horrez gain, organoaren aldeko elkarteak egindako lana goraipatu du: "Garrantzitsua izan da elkartearen lana, eta, euren kudeaketari esker, erakundeok gure tokia eta ardura hartu dugu. Euren bultzada eta kemena ezinbestekoa izan dira denon elkarlana bideratzeko. Bergarako organoa oso pieza inportantea da Gipuzkoako ondarean, baina beste zeregin asko ere badaude, eta, askotan, zaila izaten da lehentasunak ezartzea. Herritarren ilusioa eta indarra gertu sentitzeak asko laguntzen du baliabideak banatzerakoan, eta oso eskertuta gaude".

San Pedro elizak, 80.000 euro

San Pedro elizako parroko Jon Molinak duela hamar bat urte abiatu zuten elizaren berritze orokorraren barruan kokatzen du organoaren konponketa: "Duela hamar bat urte hasi ginen parrokia berritzeko lanetan, oso egoera txarrean zegoelako. Hainbat berrikuntza egin ditugu: eraikina bera, Santo Kristoa eta haren erretaula eta beste zenbait konponketa txiki. Orain, organoaren txanda iritsi da".

Udalak, 60.000 euro

Gorka Artola alkateak nabarmendu du bergararrek zortea dutela halako organo bat herrian izateagatik: "Zaharberritzerako finantzaketa lortu izanak esan nahi du hainbat urtetan mantendu ahal izango dela. Eta bergararrok gozatu ahal izango dugula".

Administrazio bezala ondarearen zaintza euren eginbeharretako bat dela sinistuta, elkarteak egindako lana txalotu nahi izan du Artolak: "Askotan, ez dugu gure herrian bertan duguna ezagutzen edo behar beste baloratzen, eta kanpotik etorri behar izaten zaizkigu hori esatera. Guk zorte handia dugu, badagoelako Bergaran elkartea, eta lan handia egiten ari dira. Horrek, duda barik, lagundu du eta lagunduko du bergararrek organo hau ezagutu dezaten". Esan moduan, espero dute lanak 2024ko ekainean amaitzea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak