Bizilagunen "benetako iritzia" jaso nahi dute, Angiozar Tokiko Entitate Txiki izendatzeko bidean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 13a, 15:50

2020ko uztailean jarri zuen martxan Angiozar Bailarako Batzarrak Tokiko Entitate Txiki izendapena jasotzeko prozesua, eta talde eragileko kideek parte-hartze prozesu bat abiatu dute bizilagunen "benetako iritzia" zein den jakiteko. Besteak beste, Siadeco enpresaren bitartez, inkesta bat ireki dute angiozartarren artean.

"Bailara berpiztea" da prozesuaren azken helburua, orain arte egin diren lanketek emaitza emankorrik eman ez duela iritzita, eta honela azaldu dute zer lortuko zukeen Angiozarrek izendapen hori jasoko balu. "Lehendabizikoa eta inportanteena, burujabetza. Gai izango ginateke Jaurlaritzara, Diputaziora edota Udalera gure kabuz aurkezteko. Adibide bat: AHTko obrak direla-eta gonbidatu moduan joan behar izaten gara orain arte eta nahi duguna da entitate moduan aurkeztea. Bigarren abantaila oso garrantzitsu bat seigarren kapitulua da, hau da, dirua. Inbertsioak egiteko eta eskatzeko aukera emango liguke. Eta, hirugarrenik, zerbitzuen deszentralizazio bat ahalbidetuko luke eta uste dugu hori egungo zentralizazioa baino eraginkorragoa litzatekeela", adierazi du Angiozar Tokiko Entitate Txiki izendatzeko talde eragileko kideak. 

Foru-arauaren aldaketaren lanketak urrian jarraituko du

Helburua lortzeko oztopo nagusia da Gipuzkoako 2/2003 Foru Araua. Arau horrek herrigune izateko gutxieneko 500 biztanleko kopurua ezartzen du, eta Angiozarren 300 pertsona daude erroldatuta. Lanketa horrek urrian jarraituko du batzar nagusietan. "Prozesuak bi azpiprozesu ditu. Batetik, eztabaida politikoa dago; burujabetzarako bide horretan tokiko entitate izendapena jasotzen ez badugu ere deszentralizaziorako beste aukera batzuk eman ahal diguten figurak ere ari gara arakatzen eta horretarako abokatu batekin gabiltza. Egun gaia batzar nagusietan dago, foru-arauaren aldaketa proposamena egin genuenetik; lanketa horrek urrian jarraituko du. Beste azpiprozesua da Angiozarren abiatu dugun partaidetza-prozesua".

Angiozartarrek uztailaren 23ra arteko epea dute inkestak betetzeko

Parte hartze prozesu horretan bizilagunen "benetako iritzia" jaso nahi dute. Prozesuaren barruan "bide eta urratsak ematen ari diren" hainbat eztabaida talde eta elkarrizketa egiten hasiak dira eta galdetegi bat ere prestatu dute, uztailaren 23ra arte bete daitekeena. "Prozesua abiatzea bera oso interesgarria izan da alderdi politikoen borondatea ezagutzeko baina bereziki inportantea da benetan jakin ahal izango dugulako angiozartarrok benetan nahi dugun autogestio maila horretarako borrokan jarraitzea".

270 inkesta lortzeko helburua, uztailaren 23ra bitartean

Galdetegia betetzeko bi modu daude: digitalean eta eskuz. Digitala Whatsapp eta Telegram bidez banatuko dute, eta eskuz betetzekoak, Angiozarko baserri eta etxe guztietara zuzendutako gutunen bidez. Galdetegiaz gain, gutun horietan egungo prozesuaren gaineko informazioa erantsiko dutela azaldu dute. Eskuz betetako galdetegiak Beheko tabernan eta Pagamendi elkartean egongo diren hautetsontzietan entregatu ahalko dituzte herritarrek.

Siadeco enpresarekin batera prestatu dute galdetegia, Angiozar bailarako 300 herritarrek betetzeko. Hala ere, helburua 270 inkesta lortzea dela azaldu dute, eta  izen abizenak eskatzen dituzten arren, anonimotasuna bermatuko dela diote.

Larrañaga: "Borrokatzen jarraitzen badugu, badut esperantza"

Talde eragileko kideak sinistuta daude izendapena jasotzea ona litzatekeela Angiozarrentzat eta Bergararentzat eta Gipuzkoan antzeko egoeran dauden beste herriguneekin "mugimendu bat" sortzea nahi dute: "Igeldorekin, Itziarrekin, Ereñosurekin, Ezkio-Itsasorekin... Antzeko izaera eta demanda dutenekin mugimendu bat sortu behar dugu, aldarrikapena ez dadin Angiozarrera mugatu. Uste dut borrokatzen jarraitzen badugu lortuko dugula,  badut esperantza. Hori bai, ea zer dioten inkestek", dio Larrañagak.

Asurmendi: "Ona izango da Angiozarrentzat eta Bergararentzat"

Gaur egungo Udal Gobernuarekin harremana "oso ona" izan arren ez dute gehiago zain egon: "Uste dut ulertzen gaituztela. Baina hitzak eta ekintza ez dira gauza bera eta horregatik erabaki dugu gehiago ez itxarotea. Juridikoki ondo argudiatua dagoen partaidetza prozesuak eta abokatuarekin landu dugun txosten teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa ona dira Angiozarrentzat eta Bergararentzat", uste du Asurmendik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak