Bergarako Zubieta eta Masterreka ardatza, 2023ko udarako eraberrituta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 7a, 13:13

Bergarako Zubieta eta Masterreka kaleetarako urbanizazio proiektua aurkeztu zuen atzo Udal Gobernuak Seminarixoan. Oraindik zehazteke dago obrak nondik hasiko diren baina espero dute makinak urtea bukatu aurretik bertan lanean egotea, eta 2023ko udarako bi kaleak eraberrituta izatea.

Behin betiko proiektuaren idazketa esleitu aurretik bizilagunen azken ekarpenak jasotzeko saioa izan zen atzokoa. Udalarendako aspaldiko inbertsiorik handiena izango den proiektua da, ia bi milioi eta erdiko aurrekontua izango duena, eta  kronograma zehaztuta dauka Udal Gobernuak. "Azken urte askotako inbertsiorik potenteena izango da; osoko bilkuran esan genuen moduan, lehen aldiz urte baino gehiagoko aurrekontua baldintzatuko du proiektuak. Hiru urterako aurrekontua konprometituko du, guztira 2.350.000 euro inguru. Oso apustu inportantea egin dugu", adierazi du Gorka Artola alkateak.

Alkatea eta hirigintza teknikariak, atzoko aurkezpenean.

Lanak, esandako moduan, urtea bukatu aurretik hasiko dira: "Hasieratik hartu genuen konpromisoa urtea bukatu aurretik lanak hasteko eta ondoren 18 hilabete inguruko exekuzio-epea dugu aurreikusita. Dena ondo bidean, 2023ko uda inguruan obra bukatuta egongo litzateke", gaineratu du alkateak.

Urtea bukatu aurretik hasi eta 2023ko udarako lanak amaitzea da asmoa. Aurrekontu osoa da 2.350.000 euro ingurukoa.

Behar gorria, baina muga teknikoak

Azken hamarkadetan irisgarritasuna bermatzeko inbertsio esanguratsurik egiteke, bi kaleek eraberrituak izateko behar gorria dute baina, aldi berean, teknikoki mugak ere baditu kale oso estuak direlako. Gainera, ibilgailuendako bi norabidekoa izatea ez da negoziagarria, Deba bailara Elosua eta Azkoitiarekin lotzen dituen errepidea ere badelako besteak beste. Hori bai, oinezkoendako espaloiak metro eta erdiko zabalerakoak izatea bermatuko da ia ardatz osoan. 

Masterreka kalea gaur egun eta 2023an nola geratuko litzateeken; azpimarratu beharra dago simulazio bat dela. Argazkia: Bergarako Udala.

Aurrez egindako bileretan jaso diren ekarpenen artean bizilagunek bat egin dute, adibidez, ibilgailuendako zorua aldatzeko eskaerarekin. Baina badira beste eskaera batzuk ezingo direnak bete kale estu horien ezaugarriengatik, tartean, galduko diren aparkaleak berreskuratzea.

Lanak nondik hasiko diren zehazteke

Auzotarrek eta oro har herritarrek gehien galdetzen duten arloetako bat da lanak nondik hasiko diren. Ez dago zehaztuta, baina Udal Gobernutik argi utzi dute, Bergararen mugikortasunerako arteria nagusietako bat izanda, herri osoari eragingo dion obra bat izango dela. 

Obra zuzendariarekin eta segurtasun arduradunekin batera erabakiko dute lanak nondik hasiko diren

Hiru dimentsiotako simulazioak

Behin betiko proiektuaren idazketa esleitu gabe badago ere, atzoko aurkezpenean hiru dimentsiotako simulazio batzuk erakutsi zituzten, gaur egungo egoera eta 2023an nola geratuko litzatekeen erakusten dutenak.

Zubieta kalea gaur egun, eta 2023an nola geratuko litzateeken; azpimarratu beharra dago simulazio bat dela. Argazkia: Bergarako Udala.

Simulazio horietana ikusten denez, espaloiak zabaldu eta aparkalekuak murriztuko dituzte oro har.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak