Gai guztiak aho batez onartu dira, tartean Zubieta eraberritzeko kreditu aldaketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 29a, 15:29

Aho batez onartu ziren atzoko osoko bilkuran bozkatu ziren gai guztiak Bergaran, tartean Zubieta eta Masterreka kaleak eraberritzeko proiekturako kreditu aldaketa bat. EH Bilduko Itsasne Luarizaristik zinegotzi kargua utzi zuen, sei urteren ostean: "Dedikazio asko eskatzen du eta azken denboraldian ezin heldu nenbilen; asko ikasi dut".

Gorka Artola alkateak adierazi zuen Bergarako Udalean aurretik hartu ez den "neurri singularra" hartu dela obra horretarako. Artolak azaldu zuen 2.400.000 euroko kreditu bat konprometitzen duela Udalak 18 hilabetetarako, "Bergarak behar duen proiektu baterako".

EH Bilduk espero du urtea bukatu aurretik lanak martxan izatea. "Sekulako obra izango da eta oso pozik gaude espero dugulako urte bukaeran hondeamakinak Zubietan egotea lanean; 18 hilabetean aurreikusten ziren hiru fase horiek bateratuta espero dugu Zubieta eraberritu ahal izatea, hiru urtetako aurrekontua konprometituta", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik. 

Nagore Iñurrategi (EH Bildu): "Oso pozik gaude espero dugulako urte bukaeran hondeamakinak Zubietan egotea lanean"

EAJk, alde bozkatu arren, zalantzan jarri zuen Udal Gobernuak konpromisoa beteko duela. "Hiru proiektu zeuden eta orain Udal Gobernuak eskatu duena da hiru proiektuak bateratzea eta bakar bat moduan lizitatzea. Hori orain dela hilabete edo bi hilabete egin du, eta urte hasieratik egin zezakeen. Hau da, prozesua azkartu zitekeen eta akaso lehen fasea bukatzear izango genuke urte amaierarako. Aurrekontuetan hainbat konpromiso hartu zituen Udal Gobernuak eta horietako asko gauzatzeke  daude; horregatik zalantzak ditugu Udal Gobernu honen kudeaketaz eta konpromisoen betetzeaz", deritzo EAJko eledun Maite Agirrek. 

Maite Agirre (EAJ): "Zalantzak ditugu Udal Gobernu honen kudeaketaz eta konpromisoen betetzeaz"

Ortu komunitarioez, galderen eta eskaeren tartean

Bestalde, galderen eta eskaeren tartean jeltzaleek gogora ekarri zuten ortu komunitarioetarako eurek hobesten zuten kokalekua Bolua zela eta aukera bat galtzen dela proiektu horrekin malda behin betiko egonkortzeko: "Lur-jausia berriro ez gertatzeko uste dugu ortuen proiektua interesgarria izan daitekeela. Bestetik, gogoratu beharra dugu malda ez dagoela bere osotasunean egonkortuta eta 2019tik badago partida bat horretarako".

EH Bilduk bi aukerak jarri zituen mahai gainean eta, diotenez, egin diren saio irekietan herritarrek San Joxepeko eremua lehenetsi dute."Erabaki genuen partaidetza prozesu bat abiatzea eta herritarrek aukeratutako kokalekua berrestea. Txosten teknikoak egin dira eta baita bi saio ireki ere; azken saioan, bereziki, herritarrek San Joxepe aukeratu zuten. Epe motzean nahi dute martxan jartzea, lur zati bat izan eta landatzen hasteko".

Udal Gobernuak, aldi berean, gogora ekarri zuen hilero egiten zaiola jarraipena Boluko maldari eta azken emaitzak ondorioztatu dutela egonkortasun arazorik ez dagoela oraingoz, eta malda egonkortzeko proiektua gauzatu aurretik lur-jabeekin lanketa bat ere egin behar dela.

Gasolindegi berri baterako aukera Labegaraietan


Bestalde, atzokoan onartu zen Labegaraieta auzoaren sarreran, Arcelor Mittal parean, Udalarena den eremu bat Euskofuel enpresari saltzea, bertan gasolindegi bat jartzeko. Guztira 648 metro koadroko eremua erabiliko luke Euskofuel enpresak gasolindegia jartzeko eta lurraren salmenta 18.000 euro ingururen bueltan egin da.

Irudiko eremuan gasolindegi bat jartzeko lurra erosi dio Udalari Euskofuel enpresak.

Osintxuko eskolari "laguntza txiki bat"

Hitzarmen bat ere adostu zen Udalaren, Soraluce enpresaren eta Agorrosin guraso elkartearen artean Osintxuko eskola txikia laguntzeko, auzoarendako ezinbestekoa dela ulertuta. Udalak  2.250 euroko laguntza emango du Osintxuko eskolan zaintza zerbitzua eskaintzeko eta Udal Gobernuak eskerrak eman zizkion atzoko bilkuran Soraluce enpresari.

Itsasne Luarizaristi (EH Bildu): "Dedikazio asko eskatzen du eta azken denboraldian ezin heldu nenbilen; asko ikasi eta eroaten dut"

Itsasne Luarizaristik zinegotzi kargua utzi du

Amaitzeko, bilkuran bizi izan zen une hunkigarri bat ere, EH Bilduko Itsasne Luarizaristik zinegotzi kargua utzi duelako sei urteko dedikazioaren ostean: "Dedikazio asko eskatzen du eta azken denboraldian ezin heldu nenbilen, eta egoera ez zen hobetuko aurrerantzean. Horregatik onena beste bati lagatzea da. Asko ikasi dut, bereziki Udal baten barruko funtzionamenduaz eta lan egiteko moduaz; asko eroaten dut. Herritarrei gomendatuko nieke zinegotzi moduan sartzera; kalean erraz egiten dugu berba baina gero barruan zer dagoen ikustean gauza asko ulertzen dira".  Hauteskunde zerrendan hurrengo zihoanak uko egin duenez, EH Bilduk hurrengo uztailaren 19an egingo den osoko bilkuran jakinaraziko du zein izango den Luarizaristiren ordezkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak