EKINola, Etorkizuna zure eskuetan leloa darama Miguel Altuna Lanbide Heziketa Institutun egiten ari diren ekintzailetasun jardunaldiak, eta helburua da autoenpleguaren inguruan sentsibilizazio lanketa egitea, enpresen eta ekintzaileen arteko harremana sortuz, elkar-ezagutza sustatuz eta negozio ideia berritzaileak partekatzeko eta lantzeko txoko bat proposatuz.
Jardunaldia, hiru egunez
Atzo, astelehena, hiru enpresatako ordezkariak izan ziren eta eurek dituzten arazo batzuk azaldu zizkieten parte-hartzaileei eta hain justu ere, erronka horiendako soluzioak lantzen ari dira ikasleak.
Gaur, martitzena, Miguel Altuna Institututik sortutako Ekolber enpresa ekintzailearen adibidea aurkeztu diete enpresa horretako kideek, parte-hartzaileei. 2015ean sortu zuten Ekolber enpresa; biodegradagarria den plastiko itxurako materiala sortzen dute eta euren negozio eredua erakutsi diete parte-hartzaileei.
Bukatzeko, bihar, eguaztena, Mankomunitateko Garapen Agentziako teknikariak dirulaguntza eta baliabideen mapa azalduko ditu. Gainera, ideia irabazleari 1.000 euroko saria emango diote bihar.
Proba pilotuarekin, gustura
Antolatzaileek, momentuz behintzat, jardunaldiaren balorazio positiboa egin dute. Guztira, 19 parte-hartzaile izan dira, gehienak bergararrak, baina Antzuola, Urretxu edota Zumarragako parte-hartzaileak ere izan dira.
Aurtengoa lehenengo aldia izan da eta asmoa dute, aurtengo proba pilotuaren ostean, datozen urteetan ere horrelakoak antolatzen jarraitzea.