Miguel Okina margolari bergararra hil da, 96 urterekin

Miren Arregi Amasorrain 2021ko eka. 6a, 09:15

Bergarako pintura eskolaren erreferente nagusienetarikoa, atzo hil zen, 96 urte zituela. 1924. urtean jaio zen Barrenkaleko familia batean eta margoari eskaini zion bizitza osoa. Erretratuak, paisaiak, natura hilak... maisutasuna azaldu du beti bere zertzeladetan. Bere lanaren bitartez, Bergararen kronista handienetariko bat ere izan da.

Txiki-txikitatik margoari emana, Bergara izan da bere ibilbide profesional oparoaren lekuko zuzena. Artista handi guztiak bezala, Parisen –Sena ibaiko zubiak margotzen–, Madrilen eta Katalunian ere garatu zuen bere lana, baina artista bergararra jaioterrira itzuli zen, margolari gisa goia jo zuen unean. Ordutik, Bergara izan da bere gotorleku, babesleku eta maisutasunez egindako bere lanaren testigu. Bere lanarekin, herriko kronistetako bat bilakatu zen Okina.

Bergarak ere bueltatu gura izan dio Okinari hark herriari emandako guztia eta 2013an, esaterako, omenaldi beroa eskaini zioten lagunek eta Beart elkarteko kideek Aroztegi aretoan. Orduan, "Miguel artista eta Miguel pertsona" omendu gura izan zituzten. Omenaldiak harrituta utzi zuela aitortu zuen orduan Okinak: "Margotzea nire bizimodua izan da, eta gustura: zaletasunetik bizi izan naiz, eta hori gauza handia da", azalduta.

2017an, aldiz, udalak egin gura izan zion aitortza. Orduan, Elena Lete alkateak, "Bergaran sortutako margolari talde ederra, neurri handi baten" Okinaren lanari esker izan zela adierazi zuen.

2006an Aroztegin erakutsi zituen bere lanak, Bizitza bat, margoari eskainia izeneko erakusketan. 1949tik 2006ra bitartean margotutako 35 koadro ipini zituen erakusgai.

Beart-ek ere, aitortza xumea

Haren heriotzaren berri jakin eta laster, Beart elkarteak omenaldi xumea eskaini dio Miguel Okinari sare sozialetan. Honela irakur daiteke argitalpenean. "Miguel Okina margolari handia zendu da. Eskerrik asko irakatsitako guztiagatik. GB".

Hain zuzen ere, gaur ospatuko du Beart elkarteak bere eguna. Erakusketa, azoka eta Lorenzo Askasibarri omenaldia dituzte antolatuta. Bearteko presidente Karlos Galarragak hitz politak izan ditu Miguel Okinarendako: "Maisu bat izan da guretzat, seguru asko Simon Arrietaren ikaslerik onena, eta guretzat erreferente handia. Bergaran oso ezaguna izan da, etxe guztietan dago bere koadroren bat. Kasualitatea, gaur duela lau urte egin genion omenaldia. Beti izango da erreferente bat, eta beti izango du ohorezko leku bat".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak