"Derrigorrezkoa zen omenaldi hau; Bergarak zerbait zor dio oraindik Miguel Okinari, herriari asko eman dio-eta" zioen Juan Luis Bikuñak margolari bergararrari gaur eguerdian egindako omenaldiaren arrazoiak azaltzerakoan. Eta antza denez, herritar ugari izan dira iritzi berekoak, ekitaldirako aukeratu duten Aroztegi aretoa jendez lepo bete da-eta.
Miguel Okinaren lagunek antolatutako omenaldia Bikuñak berak egindako hitzaldiarekin hasi zuten. Miguel artista eta Miguel pertsona biak omendu gura zituztela azaldu du Bikuñak, eta bere ibilbidearen errepasoa ere egin du: hastapenak, Parisen igarotako denbora, Bergararekiko duen maitasuna...
Algara bat baino gehiago eragin dituen hitzaldiaen ostean, hainbat oroigarri eman dizkiote Okinari: Bearteko presidente Juanjo Altunak eskultura bat eman dio; eta Susana Izak, lagunen izenean, makila dotorea. Izak gainera, bertso sorta ederra eta hunkigarria abestu dio Okinari.
Omendua, "harrituta"
"Harrituta geratu naiz, onegia izan da: zeruan jarri naute" adierazi du artista omenduak ekitaldiaren ostean, lagun, herrikide eta ikasleak agurtzen zituen bitartean. "Margotzea nire bizimodua izan da, eta gustura: zaletasunetik bizi izan naiz, eta hori gauza handia da" gaineratu du. Omenaldia baina, ez zen amaitu Aroztegiko ekitaldiarekin; izan ere honen ostean 70 lagun inguruk bazkaria egin zuten Batzokiko jatetxean.