Hitzarmena Udalbiltzarekin, euskal kulturaren ekoizpenerako eta hedapenerako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 3a, 16:25

Bergarako, Antzuolako eta Elgetako udalek hitzarmena sinatu dute gaur Udalbiltzarekin, euskara hutsezko artearen eta kulturaren sormena, ekoizpena eta zabalkundea sustatzea helburu duen Geuretik sortuak proiekturako; 2021ean eta 2022an 53.395 euro bideratuko dituzte proiektura hiru udalek.

Bergarako, Antzuolako eta Elgetako udalek hitzarmena sinatu zuten atzo eguerdian Udalbiltzarekin, Geuretik sortuak proiekturako. Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatu nahi dituen proiektua da Geuretik sortuak, eta Euskal Herriko 26 artistak hartuko dute parte. "Euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, geurea: euskara. Azken urteotan, globalizazioarengatik eta Espainiako eta Frantziako estatuen ahalbide ugariengatik, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean, gure hizkuntzan egindako artearen kalterako", adierazi dute.

2021ean eta 2022an 53.395 euro bideratuko dituzte proiektura hiru udalek

26 artista horiek jaioterritik kanpo hiru asteko egonaldia egingo dute obra bat sortzeko: hamasei ipuin, bost film labur eta bost antzezlan. Obrek herrietako errealitatea islatu beharko dute, "modu batera edo bestera".

Oier Zuñiga artista etorriko da

Oier Zuñiga artista etorriko da Bergarara, Antzuolara eta Elgetara. Dantza eta antzerkia fusionatzen duen Lurra arin bekizu, ama ikuskizuna sortuko du, dolua gaitzat hartuta. Iruñeko margolaria eta eskarmentu handiko aktore gaztea da Zuñiga.

Hitzarmenak jasotzen duenez, Bergaran bost antzerki emanaldiren, eleberri laburrez osatutako liburu osoaren eta film laburrez osatutako film osoaren aurkezpen publikoak egingo dira. Antzuolari eta Elgetari dagokionez, berriz, hiru antzerki emanaldi izango dira, horietako bat bertan ekoiztuko dena.

2021ean eta 2022an hiru udalek egingo duten diru ekarpena ere zehaztu zuten atzo. Hurrenez hurren, 2021ean, Bergarak, Antzuolak eta Elgetak honako diru ekarpen hau egingo dute: 16.353, 4.214 eta 3.625 euro. 2022an, berriz, Bergarako Udalak 19.933 euro, Antzuolakoak 4.851 euro eta Elgetakoak 4.419 euro. Artistek urtarrilerako amaitu beharko dituzte lanak, otsailean ikusgai egon daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak