'Geuretik Sortuak' proiekturako hitzarmena eta Zubietako eskolaren okupazioa eztabaidagai

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 1a, 16:00

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa bat egitea, alderdi sozialistak eta EH Bilduk adostutako diru-laguntza bat, Zubietako eskolaren okupazioa eta Geuretik Sortuak proiektura begira Udalbiltzarekin adostutako hitzarmena izan ziren hizpide, besteak beste, atzoko bilkuran. 

Plan orokorrari dagokionez, Gorla ondoko Pagola-Loidi eremua babesteko eta kontserbatzeko Mendia Bizirik taldeak aurkeztutako alegazio bat ez onartzea babestu zuen udalbatzak aho batez, baina eskaera horri plan berezi baten bidez erantzutea aurreikusten dute. 

'Geuretik Sortuak': hitzarmena Udalbiltzarekin, oposizioaren abstentzioarekin

Eztabaida eragin zuen beste puntuetako bat izan zen Geuretik Sortuak proiekturako Udalbiltzarekin sinatu beharreko hitzarmena. Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen proiektua da Geuretik Sortuak. "Euskal kulturan inbertitzea da asmoa; hurrengo urtean bergararrok 26 kultura sormen berriz gozatzeko aukera izango dugu. Udalbiltzarekin akordioa eta herriko kulturaren alde egiten ari garen lana ez dira kontrajarriak, inondik inora", deritzo EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.

Bergarako, Antzuolako eta Elgetako udalek etzi, hilak 3, sinatuko dute hitzarmena Udalbiltzarekin

2021erako eta 2022rako 36.000 euro pasatxo bideratuko ditu Udalak; EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin ziren. "Hor daude Eudel, Aldundia eta Jaurlaritza, halako ekimenak garatzen dituzten erakundeak eta hor alderdi politiko guztiak gaude ordezkatuta. Bergaran badira eragileak euskal sorkuntza bultzatzen dutenak eta egokiago ikusten dugu horiei bideratzea partida hori", uste du EAJko bozeramaile Maite Agirrek.

Bergarako Udalak, Antzuolakoak eta Elgetakoak eguenean, ekainak 3, sinatuko dute hitzarmena Udalbiltzarekin.  

PSE-EEren udal aurrekonturako eskaera gauzatu du EH Bilduk

Aho batez onartu zen, bestetik, 2021eko udal aurrekonturako negoziazioetan alderdi sozialistak Udal Gobernuari egindako eskaera bat, hain zuzen ere, behar handiena duten Bergarako familiei eskola materiala erosteko hamar mila euroko partida bideratzeko asmoa duena. "Partida ekonomiko bat bideratzea eskatu genuen, unean-uneko egoera ekonomiko zailak eraginda, eskolako materiala erosteak ezohiko esfortzua suposatzen zien familiei ahal den heinean laguntzeko. Familia horiei esfortzu hori arintzeko, ahalegin bat eskatu genion Udal Gobernuari eskola materiala erosten laguntzeko eta eskatzen genion, gainera, material hori herriko komertzioetan erostea; beraz, alde bietatik irabazten irteteko helburua dauka proposamenak", adierazi zuen PSE-EEko bozeramaile Alberto Alonsok.

Era berean, aho batez onartu zen Eusko Jaurlaritzari San Martin Agirre ikastetxean obrak egiteko baimena ematea. Iñurrategiren arabera, azken urteetan Udalari "inbertsio handia" suposatu izan die bereziki fatxadako konponketa lanek eta obra horrekin espero dute arazoa behin betiko konpontzea.

EAJ: "Onartezina da Zubietako eskolak okupatuta jarraitzea"

Bestalde, EAJk galderen eta eskaeren tartean galdegin zuen sei hilabetez Deba Bailara Kontseilu Sozialista kolektiboak okupatuta duen Zubietako eskola zaharrarekin zer egiteko asmoa duen Udal Gobernuak; orain arte erabakirik hartu ez izana ez da onargarria, jeltzaleen ustez. "Onartezina iruditzen zaigu sei hilabeteren ondoren okupatuta jarraitzea; zerbait gertatuko balitz zer? Alkateak argi laga du Udalarena dela erantzukizuna zerbait gertatuko balitz; argindarrik eta urik gabe dabiltza, ez dugu uste baldintza egokietan ematen ari zaionik erabilera udal eraikin horri", esan zuen EAJko eledun Maite Agirrek. Eta gaineratu zuen Bergaran badirela askotariko eragileak eraikin hori erabili nahiko luketenak.

EAJren ustez ez da onargarria Zubietako eskolarekin Gobernuak erabakirik hartu ez izana

Gorka Artola alkateak EAJri erantzun zion esanez gaia kezkaz jarraitzen dutela eta kolektibo horri hasieratik azaldu zietela jarraitu beharreko prozedura ez zutela bete. Hirigintza txostenak dio oinarrizko segurtasun neurriak betetzen dituela eraikinak baina Gobernuak batzordean landuko du gaia eta ondoren hartuko du erabakia.

EH Bilduren gobernuak batzordean landuko du gaia, eta ondoren hartuko du erabakia

"Udalaren lokalak direnak erabili ahal izateko prozedurak batzuk daude eta hasieratik esan genien ez dutela prozedura hori bete. Txostenak baditugu esku artean eta txostenok aztertu egin behar ditugu, baina hori batzordeetan egitea tokatzen da. Batzordean aztertu ostean hartuko dugu erabakia", adierazi zuen EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak