HEMEN DEBAGOIENA

Pentekoste jairik ez, baina bai egun horietarako kultura 'mokadutxoa'

Julen Iriondo 2021ko mai. 20a, 20:00

Aurten ere ez da Pentekoste jairik izango Bergaran, baina kultura eskaintza berezia prestatu du Xaxau konpartsak, Kopla Barik bertso eskolarekin eta Udalarekin elkarlanean.

Hala, gertu dute adin guztietako publikoari zuzendutako bost ekitaldiz osaturiko Are you ready? egitaraua. Gaur emango diote hasiera, Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa saioarekin, eta astelehenera arte izango da zer ikusi. Ekitaldiak Usondo parkean edo Seminarixoan izango dira, eta, sarrera guztiak doan izango badira ere, edukiera mugak direla-eta ezinbestekoa izango da aurrez erreserba egitea. "Aurten ere, zoritxarrez, ez da jairik egongo", azaldu du Kultura zinegotzi Ekaitz Aranberrik. "Baina ikusi dugu egin daitezkeela gauzak, eta kultura segurua dela, betiere osasun neurri guztiak mantentzen baditugu. Xaxau konpartsako kideek lan handia egin dute beraien kultura eskaintza bizi dugun osasun egoerara egokitzeko".

Andrea Gonzalez (Xaxau konpartsa): "Hainbat ikuskizunetarako sarrerak agortuta daude dagoeneko" 

Seminarixoa.eus plataforman eta leihatilan daude eskuragarri sarrerak. Ez utzi azken unerako; izan ere, hainbat ikuskizunetarako sarrerak berehala agortu dira. 7 urtetik gorako neskamutikoendako hondarrezko eskulturen tailerrerako erreserbak, berriz, Xaxauren eta Udalaren sare sozialen bitartez egin behar dira. Hain zuzen ere, bertan dagoen formularioa beteta. Ordu eta erdiko lau txanda izango dira.

Film laburren lehiaketa

Xaxau konpartsako kideek garrantzi berezia eman nahi izan diote aurten film laburren lehiaketari. "Egoera aurten ere pixka bat aldrebesa denez, erabaki dugu lehiaketa indartzea, eta gala formatuan aurkeztuko dugu. Sorpresa txikiz betetako ekintza xumea izango da, eta harrera ona izatea espero dugu", azaldu du Xaxauko kide Irati Alberdik. "Seminarixoan izango da gala, baina Youtuben online jarraitzeko aukera ere egongo da". Sari berriak egongo direla azaldu dute antolatzaileek, eta galan lan guztiak ikusteko aukera egongo dela baieztatu dute. Horrekin batera, publikoak botoa emateko aukera izango du; bai gala bertatik bertara jarraituko dutenek, bai etxetik ikusiko dituztenek. Amaitu da lanak aurkezteko epea, eta epaimahai ofizialak aste honetan eman du epaia.

Ekaitz Aranberri (Kultura zinegotzia): "Xaxauko kideek lan handia egin dute egitaraua egoerara egokitzeko"

Lan-baldintza zailak

Guztiz ezohikoa den egoeran prestatu dute aurten egitaraua Xaxau konpartsako kideek. "Normalean, irailean hasten gara elkartzen eta egitaraua osatzeko ekintza posibleak baloratzen. Kontuan hartu normalean seizortzi kontzertu antolatzen dituela Xaxau konpartsak. Egoera honetan, zalantza handiak izan ditugu", azaldu du konpartsako kide Andrea Gonzalezek. Azaldu du gaur egun hamazazpi bat lagunek osatzen dutela taldea, nahiz eta une honetan hamar edo hamahiru bat egon aktibo. "Gure helburua zen nola edo hala ekintzaren bat egotea. Elkartzea ez da erraza izan, edozein ekitaldi dela hainbat baldintza bete behar izan dituzte, zenbat diru jasoko genuen ere ez genuen argi, eta onarpenak eta beste oso geldo joan dira. Baina, azkenean, atera dugu egitarau bat aurrera, eta nahiko txukuna dela esango nuke". 

Arduraz jokatzeko eskaera

Egunotarako antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak Xaxau konpartsako kideek. "Aurreko urtekoekin alderatuta egitarau xumea da honako hau, baina bi helburu nagusirekin antolatu dugu: alde batetik, Xaxau konpartsak martxan jarraitzen duela erakutsi nahi dugu; izan ere, Bergarako jaiak izan ohi dira guretzat urteko ekitaldi nagusia. Beste alde batetik, garrantzitsu deritzogu egoera honetan kulturari bultzada bat emateari", azaldu du Irati Alberdik. Hala, jendeari arduraz jokatzeko eskatzen diote konpartsako kideek.

Hainbat hitzordu

Maiatzak 21 (10:00): Nekatutak bakarrizketa 

Mikro aurrean egotera ohituta dago Antton Telleria, baina berriki estreinatu da umorezko bakarrizketen munduan. Itxialdian idatzi zuen Nekatutak, eta martxoan hasi zituen herriz herriko aurkezpenak. Umorea ardatz hartuta, gertutik bizi dituen gai delikatuak lantzen dituela aurreratu du: "Psikologia, futbola, Ertzaintza... Eta, nola ez, irakasleak". Seminarixoan da hitzordua, baina sarrera guztiak agortuta daude.

Maiatzak 22 (12:00): Bertsolaritza saioa

Kopla Barik bertso eskolarekin elkarlanean antolatutako bertso saioa da eta lau bertsolari izango dira bertan. Txinbok egingo ditu gai jartzaile lanak eta kantuan, berriz, Nerea Elustondok, Beñat Gaztelumendik, eta Maddi Ane Txoperenak eta Sustrai Colinak. Eguraldi ona bada, saioa Usondo parkean izango da; bestela, Seminarixoan. Kasu bietarako hartu behar da sarrera aurrez.

Maiatzak 22 (19:00): Sua taldearen kontzertua

Pop rock estiloa jorratzen du Maruri-Jatabeko musika taldeak. Laukotea da. 2018an hasi ziren musika sortzen. Laster lortu zuten ezagun egitea; izan ere, 2019an, Gaztea Maketa Lehiaketa saria irabazi zuten. Hala, 2020an ikusi zuen argia Ordu beltzak izeneko lehenengo diskoak. Ez da lortu duten sari bakarra. Urte bereko azaroaren 26an, Gaztea Saria irabazi zuten. Seminarixoan izango dira zuzenekoa egiten.

Maiatzak 23 (19:00): Xaxau sarien banaketa

Film laburren lehiaketa da Xaxau konpartsaren ekitaldi kuttuna aurten. Bederatzigarren edizioa izango da, eta iaz parte hartze handia izan zuen. Sari banaketari dagokionez, gala formatua emango diote. Apustu berria da, eta harrera ona izatea espero dute. Online jarraitzeko aukera ere izango da. Lehiaketara film laburra aurkeztu dutenek sarrerak jasoko dituzte. Gainerakoak eskuragarri jarri dituzte.

Maiatzak 24 (10:30-13:30 eta 15:30-18:30): Hondar eskulturak

7 urtetik gorako neskamutikoendako hondar eskultura tailerra egingo dute Usondo parkean. Ordu eta erdiko lau txanda izango dira, gehienez ere 25 pertsonakoak, goizean 10:30ean eta arratsaldean 15:30ean hasita, hain zuzen ere. Sarrerak erreserbatu behar dira, Xaxau konpartsaren zein Udalaren sare sozialetan dagoen formularioa beteta. Euria bada, Boluko frontoian egingo dute tailerra.

Xaxau konpartsakoak, lanean

Andrea Gonzalez (Xaxau konpartsako kidea): "Aurreko urteko egitarautik tiraka egin dugu aurrera aurten"

Iazko esperientziatik ikasita aritu dira aurten lanean Xaxau konpartsako kideak.

Noiz hasi zineten egitaraua prestatzen?

Nahiko berandu, egia esan. Iaz gertatutakoa gogorra izan zen. Konfinatuta egon arren ekintza sorta prestatu genuen, eta dena lotuta zegoen; musika taldeak hitzartuta, erosketak eginda... Baina bi egun falta zirela jakin genuen ezingo zela ezer egin. Beasaingo jaietan gertatutakoek eragina izan zuten, eta dena bertan behera gelditu zen. Gogorra izan zen musika taldeei esatea dena bertan behera gelditzen zela. Ez genuen nahi aurten berdina gertatzerik, eta egoera zein izango zen jakin barik erabakiak atzeratzen joan gara. Ez genuen nahi, ordea, ezer ez egoterik, eta, azkenean, konpartsaren baliabideekin gertatutako proposamena aurkeztu genion Udalari. Laguntzeko prest agertu ziren, eta baldintza jakin batzuekin baina ekitaldiak antolatzeko aukera ikusten zutela esan ziguten. Kontzertu bakarra, edukiera mugatuko espazioetan, 18:00etarako amaituta... Horiek ziren baldintzak; iazko egitarautik egin dugu tira.

Zer-nolako harrera izan du prestatutako egitarauak?

Hainbat ikuskizunetarako sarrerak agortuta daude. Seinale ona da. Badirudi, dena den, batzuek beste zerbait espero zutela. Ez dakit ondo ulertu den ez direla Pentekoste jaiak, baizik eta jaiak ospatu beharko genituzkeen egunetarako antolatutako kultura eskaintza bat. Bertso saioaren ordutegiarekin, bakarrizketaren egunarekin... kexu ziren batzuk, baina bizi dugun egoeraren jabe izan behar dugu. Gure ustez, kontzertu batean ondo pasa daiteke, nahiz eta alkoholik ez egon. Horrela beharko du.

Zertan zabiltzate egunotan?

Soinu probak, aulkiak ipini eta kendu, artistei harrera egin, sarrera-irteerak antolatuta... Bada zer egina. Zapatuan, gainera, bi ekintza daude. Laguntza behar badugu, sare sozialen bidez eskatuko dugu.

Goiena telebistak, saio berezia

Maider Arregik aurkeztuta Bergarako hainbat sortzaile izango dira protagonista saioan. Seminarixoan grabatuko dute astelehenean, eta bina esku-hartze egingo dituzte Camden Town dantza akademiako kideek, Iker Hiriartek, Oihan Vegak, eta Onthe Go zein The Moodring taldeek.

Horrekin batera, Zirikatzen tarte berezia prestatuko du Aitor Agirianok, eta Jone Olabarriak gonbidatuta errezeta goxoa prestatuko du Tartufo jatetxeko Jon Ander Eizagirrek aurretik Cruz Hermanos frutadendan egindako erosketekin. Saioa martitzenean emitituko da 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak