Pandemiaren ondorioz, Bergarako Musika Bandak eta Erraldoien Konpartsak ezin izan dituzte ohiko zuzeneko saioak egin, denbora luzean. Baina, bideo bitartez baldin bada ere, presente egongo dira aurtengo herriko ez-jaietan.Iaz, jaien ongietorriko martxa izaten den Pobres y alegres kantuarekin egin zuten bideoa bandakoek. Eta aurten, Erraldoien martxa aukeratu dute. Hauxe adierazi du Bergarako Musika Bandako zuzendari Enrike Txurrukak: "Iazko ekainerako kontzertu bat prestatuta geneukan Erraldoien Konpartsakoekin batera, eurek iaz bete zuten 20. urteurrena ospatzeko aitzakiarekin, baina pandemiagatik hori ere bertan behera gelditu zitzaigunez eta jaietan ere eurak presente egoten direnez, aurtengo bideoan bi taldeak agertuko gara". Gaineratu du herrian Gigantes izenez ezagunagoa dela aurtengo aukeratu duten kantua. Melodia oso popularra dauka Jose Mari Gonzalez Bastidak sortutako abestiak gerora bere iloba Alfredo Gonzalez Chirlaquek moldatu zuen, gainera. Herrian txistulariek jo eta umeek abestu izan dute, erraldoiak eta buruhandiak xaxatzeko.
Bideoak, lagungarri
Aurrez aurreko entseguak eta zuzeneko kontzertuak bertan behera gelditu izanak asko baldintzatu du bandako musikarien eguneroko lana. Egoera "desatseginari" aurre egin nahian, orkestrarekin bi bideo eta bandarekin zortzi –oraingoa bederatzigarrena– egin dituzte. Musikari bakoitzak bere etxean grabatu ditu abestiak; hori egin ahal izateko, erritmoa jarraitzeko gida jaso dute, horren gainean grabatu, eta, egun osatzen duten 66 musikarien bideoekin muntaia eginda, kantuak osatu dituzte. Ikus-entzunezko horiek egiteak bi helburu izan dituela zehaztu du Txurrukak: "Bata da musikariak bandara lotuta egotea, ez ahaztea instrumentuarekin eta noizean behin gure aurpegiak ikustea; izan ere, hau afizio bat da, baina, batez ere, lagun talde bat gara, eta hori mantendu egin nahi dugu. Bestetik, nahi izan dugu herrian presente egon ere bai. Uste dut biak lortu ditugula". Dena den, "nekagarria" ere izan dela gaineratu du: "Ohituta ez gauden lan bat egitea ekarri digu; etxean kamera aurrean bakarrik jarri, grabatu eta nork bere zatia bakarrik bidaltzeak lotsa pasatzea ekarri du, kasu askotan; gero, muntaiarako, ni ez naiz profesionala horretan, eta niretzako ere lan ikaragarria izan da". Herriko beste talde batzuekin elkarlana bultzatu nahi izan dute bideoen bitartez, eta Alai Taldearekin eta musika eskolakoekin grabatu dituzte bideoak, oraingoaren aurretik.
Ez jaietarako prestatu duten ikus-entzunezkoan, berriz, Erraldoien Konpartsakoak agertuko dira. Horiek San Martzialen izan ziren grabazioa egiten, eta, erraldoiek eurek dituzten koloreekin, naturaz inguratuta eta airetik hartutako irudiak gehituta, emaitza herritarren gustukoa izatea espero dute egileek.
Ikus-entzunezkoa bandaren sare sozialetan argitaratuko dute eta Goienak eskainiko duen ez-jaietako saioan ikusi ahal izango da, oso-osorik.
Zuzenekoak hasteko zain
Bai Erraldoien Konpartsakoak eta baita bandako musikariak ere zuzenekoak hasteko ilusioz daude. Bandakoen kasuan, Banden Federazioak protokolo bat zehaztu du, eta hori Eusko Jaurlaritzara bidalita daukate. Orain haren onarpenaren zain daude-la azaldu du Txurrukak, eta uste dutela gero banda bakoitzak protokolo nagusi hori bakoitzaren beharretara egokitu beharko duela. Hori guztia onartu ostean, esperantza daukate aurrez aurreko entseguekin hasteko eta, horrenbeste denbora pasa ostean, zuzenekoren bat egiteko: "Asko gustatuko litzaiguke uda aurretik zuzeneko bat egitea. Ez dakit hilabete honetan egin ahal izango den, hurrengoan edo zuzenean irailerako utzi beharko dugun, baina sekulako gogoz gaude. Ez gara betiko sasoian egongo eta ez dakit zer egin ahal izango dugun; kontzertua ala beste formaturen bat, baina zerbait egiteko deseatzen gaude dagoeneko".
Erraldoien Konpartsakoei ere ez zaie gogorik falta. "Ikaragarrizko gogoa daukagu gure erraldoiak kalera ateratzeko. Palentziara joateko gonbidapena jaso dugu abuzturako, eta oso pozik gaude proposamenarekin, baina oraindik ez dakigu joan ahal izango garen. Ikusi egin beharko dugu pandemiak zein bide hartzen duen, eta horren arabera erabaki beharko dugu", adierazi du Andoni Goiti taldekideak. Horien kasuan, gaur egun 30 lagun daude talde nagusian eta umeenean, 50 neska-mutiko.
Egoera hobetu eta herritarren artean euren afizioekin gozatzen jarraitzeko gogotsu daude bi taldeak. Bitartean, bideoak ematen duenarekin disfrutatu behar.