Irailean hasiko dira Aranzadi Ikastolaren 50. urteurreneko ospakizun ekitaldiak

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 20a, 16:14

Mende erdi betetzear da Bergarako guraso kooperatiba eta ikastola. Agurtzane Loidi zuzendariaren esanetan, "osasuntsu" dago ikastetxea, eta etorriko diren gainerako urteei ekiteko "ilusioz gainezka" daude komunitateko kideak.

Aranzadiko irakasle, guraso eta ikasleak 2019an hasi ziren ikastetxearen urteurrenari begira lanean, baina, COVID-19aren pandemiak behartuta, asmoak aldatu behar izan zituzten. "Osasun baldintzek ez ziguten nahi beste gauza antolatzen uzten", azaldu du Loidik. Hala, planteamenduari "beste buelta bat" eman diote eta, besteak beste, online denda bat jarri dute urteurrenaren bueltan aterako arropa eta osagarriak eta material didaktikoa saltzeko: "Maiatzaren 30era egongo da zabalik, eta asmoa bailarari eta herriari 50 urte bete ditugula adieraztea da". Ekainaren 19a izango da urteurrenaren eguna, baina zuzendariak aurreratu duenez, irailetik aurrera ere hainbat ekintza egingo dituzte; betiere, egoerara moldatuta.

Gaur egun, 0 eta 18 urte bitarteko 736 ikasle, 437 familia eta 70 irakasle inguru batzen ditu Aranzadi Ikastolak, eta hasieratik ikasle asko izan dituen arren, Lupe Olabarria ikastolaren sortzaile eta irakasle ohiarentzat, bidea ez da erraza izan. "Lehenengo urteetan lan mordoa egin genuen; Seminarixoko gelak oso txikiak ziren eta haur asko genituen", oroitzen du. Dena den, beti gustura jardun duela dio, "euskaraz abestuz" eta "euskaraz irakatsiz". Dena den, ez ditu ahaztu sasoi gogorrak: "Ez genuen dirurik, baina bai ilusioa; taberna jarri genuen diru apur bat ateratzeko. Asko aldatu dira gauzak".

Olabarria eta Loidiren ilusioarekin bat egiten du Elena Laka lehendakari ohiak ere. "Komunitateak sortutako ikastetxea da hau; denen partaidetzarekin eraiki den eskola eta hezkuntza-sistema", dio harrotasunez. Horrekin batera, gehitu du oraindik ere lanean jarraitzeko gogoa dagoela, berrikuntzak egiten jarraitzeko gogoa. "Pozgarria da, horrelako proiektu batek etorkizuna daukala ikustea", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak