Kukubaso aurkeztuta, bazkideak eta eragileak erakartzeko unea da orain

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 19a, 13:32

Atzo aurkeztu zuten "ia erabat" galduta dagoen bertako basoa berreskuratzea helburu duen Kukubaso elkartea, Bergarako Seminarixoan. Elkartea bera aurkeztuta, bazkideak eta eragileak erakartzeko unea da orain; ekainaren 8rako eragileekin eta norbanako interesatuekin deitu dute lehen bilera irekia eta ekainaren 20rako antolatu dute lehen auzolana.

Atzoko aurkezpenean 100 bat lagunek jarraitu zuten saioa bertatik bertara eta beste herritar batzuk aukera izan zuten saioa streamingetik zuzenean jarraitzeko. Bergarako mendi eta basoek bizi duten egoera kaskarra islatzeko datu batzuk eman zituen Kukubasoko presidente Ainhoa Agirrebeñak. Bergarak dituen 77,3 kilometro koadroko azaleraren barruan %1,4 da bakarrik jabetza publikokoa eta lurren %60 hartu izan duten pinudi eta konifera landaketa gehienak banda marroiaren ondorioz eraitsita edo gaixo 
daude.

Sarobe: "Lurzorua kaltetzean beste guztia kaltetzen dugu"

Gainera, orain arteko monolaborantza intentsiboan oinarritutako basogintza eredua errepikatzeko arriskua dago eta eukaliptoaren mehatxua gero eta errealagoa da. Horrek guztiak bertako lurzorua izugarria kaltetzea ekarri du. "Bereziki Gipuzkoan ditugun maldengatik gaur gaurkoz onartu ezin diren hainbat kalte egiten ari gara; larrienetik hasita, lurzoruari egiten ari garen kaltea. Lurzorua gure balio natural handiena da, oso nekez eta geldo sortzen dena. Urte gutxitan tonak eta tonak ari gara maldan behera bidaltzen, erreketatik itsasora. Lurzorua kaltetzen dugunean beste guztia kaltetzen dugu", adierazi dio GOIENAri Narturkom-eko kide eta atzoko saioko hizlarietako bat izan zen Aitziber Sarobek.

Arazo globalaren aurrean, lanak etxetik

Kukubaso elkartekoek argi dute arazoa globala dela baina lanak etxetik hasi behar direla sinistuta daude. Herri lurren ideia berreskuratuz Bergarako basoak bergararren eskuetan egotea nahi dute, jabetza kolektiboa sustatuz eta kudeaketa sostengarriaren bidez. Eta atzoko aurkezpenean zehaztu zutenez, bost lan ildo dituzte: lurraldearen zaintza, lurrak lagapenean hartuz, dohaintzak jasoz edo lurrak erosiz; aholkularitza zerbitzua eskaintzea; hitzaldiak eta auzolanak antolatzea; Udalarekin elkarlana bultzatzea eta proiektu pedagogiko eta hezitzaileak garatzea.

Iñaki Madinabeitia (Kukubaso): "Sentsibilitatea asko aldatu da eta bada garaia egoerari irtenbide bat emateko"

Egoera "oso kezkagarria" dela diote eta heldu dela garaia, pixkanaka eta berandu baino lehen, egoerari buelta ematen hasteko. "Sentsibilitatea asko aldatu da eta bada garaia egoerari irtenbide bat emateko. Kezka badugu baina ilusioa ere bai, gure herriko lurrak beste era batera tratatzen hasteko", dio Kukubasoko kide Iñaki Madinabeitiak.

Bazkidetza kanpaina maiatzaren 24an abiatuko dute

Atzoko aurkezpenean argitu zutenez, maiatzaren 24an abiatuko dute bazkidetza kanpaina: eragile zein norbanakoendako kuota ezberdinak aterako dituzte. Gero, maiatzeko azken astean eta ekaineko lehen astean zehar herriko eragileekin erronda bat egingo dute eta ekainaren 8rako bilera irekia deitu dute eragile horiekin eta norbanako interesatuekin. Azkenik, ekainaren 20rako lehen auzolana prestatu dute, Herri Hezitzailea eta Erreka Garbiketa batzordearekin elkarlanean eta Udalaren laguntzarekin.

"Itxaropena badago"

Egoera iraultzea ez da erraza izango, baina itxaropena badago.

Aitziber Sarobe (Naturkom): "Gizartearen bultzada ezinbestekoa izango da jabeak konbentzitzeko;  administrazioak, baina, saritu beharko lituzke guztion interesari begirako hautuak"

"Bizi garen artean ez dugu itxaropena galduko. Ez daukagu erraza, hein handi baten administrazioak industriaren onurarako bideratzen duelako basoa. Hala ere, azken hitza lur jabeek dute eta jabeek erabaki dezakete beste norabide baten jartzea esku artean duten ondasun hori. Gauzak asko aldatu behar dira eta gizartearen bultzada ezinbestekoa izango da jabeak eurak konbentzitzeko; administrazioak, era berean, saritu beharko lituzke guztion interesari begira hartzen diren hautuak", dio Sarobek.

Ateak parez pare zabalik

Interesa duten herritarrarentzat eta eragileentzat ateak parez pare dituzte zabalik Kukubasokoek, posta elektronikoz (kukubasoelkartea@gmail.com) edota sare sozialen bidez. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak