Globalizazioaren eta digitalizazioaren mendean, Estatu Espainiar eta Frantsesak euskara desagertarazteko ahaleginetan jarraitzen dutela diote eta euskarak erronka kolosalak dituela hurrengo urte eta hamarkadetan. Olaso dorrean egin zuten aurkezpena atzo, eta Sorturen arabera euskarak behar duen hauspo berri horri begira lau ildo nagusi zehaztu dituzte: hizkuntza politika berri baterako "akordio berrien" beharra, euskalgintza bera indartzea, euskarak gaur egun dituen arnasguneak indartzea eta kulturgintzak Euskal Herriaren euskalduntzean paper garrantzitsua jokatu behar duela.
Euskalgintzak bizi duen "agorpen fasea"
Atzera begiratua egin zuen Iraolak eta hilzorian zegoen euskara berreskuratu izanak lan handia suposatu zuela esan, baina euskalgintzak agortze fase bat bizi duela ere gaineratu zuen: "Hilzorian zegoen hizkuntza bat mantentzeko aurrerapauso handiak egin dira herri honetan baina, aldi berean, antzeman daiteke ezagutzaren aldetik geldialdi bat, erabileraren ere moteltze bat, euskararen kontrako erasoak badira oraindik ere estatuen partetik... Beraz, ikusten dugu euskalgintzak agorpen fase bat bizi duela".
Xabier Iraola: "Ikusten ari gara euskalgintzak agorpen fase bat bizi duela"
Irungo udaltzaingorako lan-poltsaren auzia
Eta euskararen aurkako erasoak aipatuta, azken egunotan albiste izan den Irungo udaltzainen lan poltsarako euskara ezinbesteko ez eskatzea atzerapauso bat dela uste du: "Udaltzain elebidun batek euskaldunoi eta gazteleraz bakarrik dakitenei ematen die zerbitzua. Aldiz, euskalduna ez denak diskriminatzen ditu euskaldunak garenak. Hau da, arazoa gure ustez da zapaldua zapaltzaile bihurtzen duela diskurtso honek eta horri buelta emateko hizkuntza ideologiaren hausnartzea ezinbesteko ikusten dugu; kokapen egokia eman nahi diogu eztabaidari".
Hezkuntzaren gaineko saioa maiatzaren 20an
Plaza hutsa ekimenaren bueltako beste aurkezpen bat izango da etzi, hilak 20, Irizar jauregian, (18:30) Hezkuntzaren plaza hutseko Ibai Redondo bergararrak eta Txatxilipurdi eta Herri Hezitzailetako kide Amaia Etxabe arrasatearrak hartuko dute hitza. Euskal hezkuntza sistemak bizi duen egoeraz hausnartzeaz gain, proposamen bateratzaile bat aurkeztuko dute. Halaxe azaldu du Redondok: "Gure planteamendua da herri moduan egin behar diegula aurre hezkuntza arloko erronkei. Ezin dugu zatituta jarraitu, ikastola batetik eta eskola publikoa bestetik. Hezkuntza sistema bat behar dugu, eta horretarako bateratze prozesu bat proposatzen dugu; ikastolek, eskola publikoek eta beste proiektuek duten onena hartu eta hezkuntza sistema bakarra osatu; hori da gure apustua".