'Bergara oinez' ekimena, datorren astean bueltan

Jone Olabarria 2021ko api. 21a, 17:51

Apirilaren 29an egingo dute lehen irteera, Mariaren Lagundiak antolatuta. Hamaika eragilek hartuko dute parte, eta horietako bakoitzak irteera bat antolatzeko ardura izango du. Egoerak eraginda, seiko taldeak egin eta neurri bereziak ezarriko dituzte.

2019 urtean Bergarako hainbat elkarte eta eragileren artean sortutako ekimena da Bergara Oinez, "bergararren osasuna zaindu eta elkarren arteko harremanak sustatzeko helburuz". Hala, hirugarren aldia izango du aurtengoa ekimenak. "Iaz, pandemiak eraginda irteera bakarra egin genuen, martxoan. Aurten baina, osasun mahaia osatzen dugun eragileok beharra ikusi dugu ekintza hau berreskuratu eta segurtasun neurri guztiekin martxan jartzea erabaki dugu", azaldu du Xabier Legorburuk, Udaleko gizarte zerbitzuetako arduradunak.

Irteerak, ostegunetan

Bergara Oinez ekimenak ordubete, eta ordu eta erdi arteko oinezko txangoak egiteko aukera ematen du, "adin eta ezaugarri guztietako pertsonei egokitua, era lasai batean". Irteera denak ostegunetan egingo dituzte, 10:15ean Agorrosin kirol gunetik irtenda. Ekimenean parte hartzen duten eragileetako bakoitzaren ardura da irteera bat antolatzea; Mariaren Lagundia, Aranzadi Ikastola, Pol-Pol, Duintasuna, San Joxepe, Jardun-Topagunea,Bergarako Udala, Aspace, Osasun Publikoa, Osakidetza eta BPX. Salbuespena, irailaren 26an izango da, domeka. Aspaceren ardura izango da egun horretako irteera.

Segurtasun neurri bereziak

Proiektua EAE mailan egiten diren Ttipi-Ttapa ekimenen baitan garatzen da, eta bertan ezarritako segurtasun neurriak jarraituko dituzte, sei laguneko taldeak osatuz: "txangoa hasi haurretik, zigilua ematerakoan, parte hartzaileak, eskuak desinfektatu behar dira, tenperatura hartuko zaio eta metro eta erdiko distantzia utziko dute elkarren artean. Bestetik, txangoan beti maskara jarrita eraman beharko da".

Aurreko aldietan "oso preziatua" izan bada ere, hamarretakoa ez da egingo 2021ean, "ez behintzat egoera epidemiologikoa nabarmen hobetzen ez bada".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak