Berritze energetikorako ekimen pilotua Bergarako Bolua auzoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 26a, 11:11

Debagoiena 2030 ekimenak gidatuta, Boluko etxe batzuk modu jasangarri, sinple eta merkean isolatzeko Birgaitzen esperientzia abiatu zuten eguaztenean; 20 bat bizilagun izan ziren frontoian egindako lehen bileran, eta badira dagoeneko izena eman dutenak.

Etxeetako energia eta CO2 kontsumoa murriztea eta horrekin bizilagunek dirua aurreztea. Horixe da Bolurako aurreikusita dagoen Birgaitzen programaren funtsa. "Auzo horretan etxe asko daude 1970eko eta 1980ko hamarkaden artean eraikiak izan direnak, eta etxe horiek ezaugarri berezi bat dute: horma bien artean ganbara huts bat daukate eta ganbara huts horiek isolamenduz betez gero prezio eskuragarri baten etxeko konforta nabarmen hobetuko litzateke", adierazi du H-enea Living Lab enpresako koordinatzaile Eukene Barrenetxeak.

Hamar etxek parte hartuko balute, interbentzioa %30 merkatzeko aukera egongo litzateke

Zaharberritze energetikoa "oso modu sinplean" egiten dela dio Barrenetxeak; kanpoalderantz dauden etxeetako hormetan hainbat zulo egin, aire ganbera guztiak zelulosa isolamenduarekin bete eta, ondoren, zulo horiek igeltsuarekin estaltzen dira –bezeroen erabakia da hormak margotzea–. Diotenez, egun erdiko berritzea litzateke.

1.300 eurotik 900 eurora

Era berean, eguazten arratsaldean Boluko frontoian egindako aurkezpenean, Barrenetxeak azpimarratu zuen berritzea egiteko gertu dauden hamar etxetara heltzean amaierako prezioa %30 murriztuko litzatekeela. Prezio estandar bat zehaztu dute: erreformaren balioa 1.300 euro ingurukoa litzateke, BEZik gabe. Aldiz, hamar bezeroren konpromisoa balute, interbentzio bakoitza 900 bat euro kostatuko litzateke, BEZik gabe. Zeintzuk diren abantailak? Etxeko tenperatura 1 eta 4 gradu artean berotzea, kontsumoa %24 inguru murriztea eta CO2 isurketak urtean 427 kilo murriztea eta berokuntza gastuan 80 euroraino murriztea urtero.

D2030 ekimenak gidatuta

Debagoiena 2030 ekimenak gidatutako esperientzia pilotu bat da Bolukoa, eta bultzatzaile nagusiak Acede, H-Enea Living Lab eta Ion leihoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak