Zubieta kalea berritzea eta Arrizuriaga egonkortzea, 2021erako konpromisoen artean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 23a, 13:21

Bergarako Udal Gobernuak agintaldi osorako duen Bergara Izan, Bizi, Ekin planaren barruan 2021erako dituzten konpromisoen berri eman zuten atzo. 64 dira eta horietatik nabarmendu behar dira Zubieta kalea berriro urbanizatzea, Arrizuriaga egonkortzea, San Joxepeko eguneko zentroa martxan jartzea eta ortu komunitarioen proiektua garatzea. Aldi berean, diote "lehentasun nagusia" dela bergarar guztien oinarrizko beharrak bermatzea.

Udal Gobernuko kideek diote agintaldi osorako aurreikusitako neurrietatik 64ren lanketa abiatzeko edo horiekin jarraitzeko konpromisoa hartu dutela, betiere helburu orokor batzuen teilatupean zehaztuta. Luzea da konpromisoen zerrenda, baina badira nabarmendu beharreko proiektu batzuk. 

Zubieta: makinak bertan lanean urte bukaera aurretik

Konpromiso horien artean dago, esaterako, Zubieta eta Masterreka ardatza berriro urbanizatzeko proiektua. 500.000 euro aurreikusten dira lan horietarako eta lanak urte bukaeran hasiko lirateke. Hori bai, oraindik datarik zehaztu ez badute ere, bizilagunekin elkartuko dira aurrez idatzita dagoen proiektua partekatzeko. "Nahiz eta proiektua bera nahiko itxita datorren, baditugu auzotarrekin batera zehaztu beharreko kontu batzuk. Aukerak mugatuak dira, baina auzotarrekin partekatu nahi ditugu", adierazi du Udal Gobernuko bozeramaile Nagore Iñurrategik.

Proiektuan ez dago jasota gaur egun Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako kideek okupatuta duten Zubietako eskola zaharrean aldaketarik egitea baina Udal Gobernuak dio gune horri ze erabilera eman auzotarrekin batera landu nahi duela. 

Arrizuriaga: egonkortzea lehentasun, eta gero kultura proiektua

Arrizuriagako eraikina egonkortzearena da beste konpromiso garrantzitsu bat. Iñurrategik dio proiektua "eskatzeko bidean" dagoela baina Udalak aldez aurretik eskatutako memoria teknikoan aurreikusten da jauregia egonkortzeko 300.000 euro inguru beharko direla. Lanak 2021ean hasi eta bukatzea espero du Udal Gobernuak eta ondoren hasiko lirateke Arrizuriagarako kultura proiektua idazten. Diotenez, Udalak erraztaile rola jokatuko du bergararren eta eragileen artean, kultura sorkuntza bultzatu eta proiektu eraldatzaileak martxan jartzeko. 

San Joxepeko eguneko zentroa: zerbitzua zehaztu nahi dute

Beste konpromiso garrantzitsu bat da San Joxepeko eguneko zentro arina martxan jartzearena. Ernai kalekoa martxan jarri zenetik hutsik dago San Joxepekoa. Ez da lan handirik egin behar zentroa martxan jartzeko baina eskaini beharreko zerbitzua zein den baloratzen ari dira, beharrak zeintzuk diren identifikatu ahala; besteak beste, Aretxabaletako eguneko zentroak eskaintzen duen zerbitzua aztertzen ibili dira ea Bergaran egokia izan daitekeen jakiteko.

Ortu komunitarioak: lekua ez dute zehaztu

Bestalde, Bergara jasangarriago bat sustatzeko helburuaren barruan, ortu komunitarioen proiektua garatu nahi dute aurten: "Interesatuekin partaidetza prozesu bat jarriko dugu martxan, ortu komunitarioen helburuak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko. Azterketak egin izan dira aurrez eta ortuak eurak badira helburua azterketa horrek dio leku egokiena San Joxepe atzeko eremua dela baina horrek ez du esan nahi San Joxepen jarriko direnik. Partaidetza prozesuak esango du zertarako nahi ditugun ortuok". 

Eta dagoeneko gauzatu diren konpromiso txikiagoen artean dago, esaterako, bizikletendako aparkalekuak jartzea. Labegaraietan jarri dute bizikletendako parking estali bat, kiroldegiaren atzealdean, eta hurrengoa Osteta kalean  jarriko dute, Munibe plazatik Ikerleku kalerako tartean

Amaitzeko, Udal Gobernuak azpimarratu du bergararren oinarrizko beharrak bermatzea izango dela lehentasun nagusia, diotenez, pandemiak agerian utzi duela zaurgarrienen egoera uste baino okerragoa dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak