Hamaika adierazpide taularatuko dituzte zapatuko jaialdian, klasikoak eta modernoak; lehengoak, egungoak eta etorkizunekoak; horien artean izango da Chill Mafia taldea. Orain dela bi urte sortutako Arrotxapeko taldea zeresana ematen ari da, Euskal Herrian ezohikoak diren musikarekin eta estetikarekin.
Gazte kuadrilla nafarraren begietatik ikusita, zer iruditzen zaizue Loreontzia berreraikiz ekitaldia?
Niri la ostia iruditzen zait, eta, are gehiago, ekitaldia nola planteatu duten ikusita. Deitu zigutenean, sekulako emozioa sortu zidan. Nolabait, erakusten du Euskal Herri osoari begira daudela eta ez dagoela adin zehatz bati begira egina, gazteongan jartzen duela onespen hori; izan ere, gure herriaren geroa gara!
Onespena diozu; orain arte, halakorik sentitu duzue rapa, reggaea eta reggaetona estiloetakoak euskaraz abesteagatik?
Egia esan, bai; lauzpabost pertsona kenduta, orokorrean, euskal entzuleek oso ondo hartu gaituzte, eta eskertzekoa da.
Aurkeztu egiguzu zure kuadrilla. Musikaria zara zu, kontserbatorioan ikasten duzu.
Arte eta bestelako sorkuntzetakoak ere badaude... Asko gara: ekoizleak, DJak, soinu teknikariak, grafitigileak, abeslariak... Parranda batean elkar ezagutu genuen eta entzuteaz gainera, musika ekoiztea erabaki genuen.
Chill Mafia taldeko kide batzuk. Argazkia: Gorka Beunza.
Euskal musikaren eszenan ezohikoa den estiloa eskaintzen duzue.
Kontua da ez genuela euskarazko erreferenterik; gazteleraz eta ingelesez entzuten genuen, gehienbat, guk musika, eta behar genuena guk sortu genuen. Gaur egun, oso ondo sentitzen naiz zera esaten: euskal musika tradizionala egiten dugula, zeren folklorea hilda dagoen zerbait den bitartean tradizioa mugitzen doa, eta, beraz, gu sar gaitezke, nire ustez, tradizio horren barruan. Azken finean, adibidez, Gazte arruntaren koplak zortziko txikia da; ezberdintasuna da guk gitarra batekin egin beharrean ordenagailu batekin abesten dugula.
Zeresan handia sortu duzue egin duzuen kantuaren moldaketarekin. Zergatik aukeratu zenuten hori?
Era guztiz naturalean atera zen. Azken urtean, batez ere, Flako Fonki-k eta biok sekulako obsesioa izan genuen euskal musika tradizionalarekin: Oskorrirekin, Ez Dok Amairu taldearekin... Flako-k bere etxean Xabier Leteren Kantatzera noazu diskoa entzun zuen eta broma antzean hasi zen kantuaren moldaketa egiten; konturatu orduko, hit bat genuen esku artean.
Batzuei gustatu zaie eta beste batzuek, berriz, gorrotatu egiten dute.
Baina hori ona da! Ezin da arrakastarik izan, ez baduzu aldi berean hater-ik. Pozten nau jendeari erreakzio negatiboa sortu izanak, horrek erran nahi du erosotasun puntu batean zeudela batzuk eta handik atera ditugula.
Txalo ugari jaso dituzue gazteen partetik eta kritikatu duzuen euskal kultura establishment-etik ere bai.
Horrek erakusten du euskal kultura establishment barruan kokoteraino zegoen jendea dagoela. Aitak askotan errieta egin izan dit –eta arrazoia ematen diot– auzoko jaietako txosnagunean Sarri Sarri entzuten duelako. Ados, egia da, oso kantu ona da, baina orain dela 40 urte sortutakoa. Kultura moldatu eta mugitu egin behar da, tradizioa mugitu egin behar da.
Orokorrean, atzera begira jarraitzen dugula uste duzue?
Dena dela, ez dago gaizki atzera begiratzea, guk ere hala egiten dugu, baina aurrera egiteko.
Probokatzea zen zuen helburua ala probokaziotzat hartu da?
Helburua disko ona egitea zen, eta lortu dugu. Probokatzaileak izan gara, baina, nire ustez, horrela garelako era naturalean. Jende asko harritu duena da Gazte arruntaren koplak gazte batzuek abestea eta, gainera, dauzkagun barrio-ko itxurekin.
"PROBOKATZAILEAK IZAN GARA, BAINA, NIRE USTEZ, HORRELA GARELAKO ERA NATURALEAN"
Zerk eman du min handiagoa, moldatutako hitzek ala zuen janzkerak?
Ba, ez dakit, harritu direnei galdetu beharko genieke.
Kebabari kantu bat eskaini diozue. Zerk bideratzen zaituzte halako kantuak egitera?
Gure egunerokotasunak. Historian zehar ez dago guztiz iraultzailea den ezer; adibidez, Monzonen hitzak iraultzaileak ziren bere garaian, baina, egun, politikoki interesgarriagoa da gure errealitateari buruz jardutea.
Aberasgarria izan da zuen kantuen bueltan sortu den euskal kulturari buruzko eztabaida, ezta?
Duda barik! Gure erakarpen artistikoena, diskoa baino gehiago, arlo askotan sortu diren auziak izan direla esango nuke: genero auzian, klase auzian, herrigintzaren barne sortu diren eztabaidak... Orain arte gertatzen ez zirenak baina izan behar dutenak.
Irudiari garrantzi handiegia?
Baliteke, baina irudia inportantea da; moda espresatzeko beste modu bat da.
Txandal-zaleak zarete eta, bereziki, Astore markako txandalak oso gustuko dituzuela diozue. Bergarara bidean Arrasaten geldialdia egingo duzue berriak jasotzeko?
Dagoeneko bidali dizkigute batzuk. Astoreko community manager-ak idatzi eta ondoren bidali zizkigun.
Zelako kontzertua izango da?
Hogei minutuko emanaldia egingo du bakoitzak, ez da ohikoa izango; bide batez, aurreratuko dugu maiatzaren 8an Bergarako gaztetxean izango garela.