Gaurtik aurrera, Olaso dorrea barrutik ezagutzeko aukera

Julen Iriondo 2021ko mar. 13a, 10:07

Gaurtik aurrera bisita gidatuak egingo dituzte Bergaran Olaso Dorrean, Monzondarren etxean, Olaso Dorrea Fundazioaren eta Udalaren ekimenez. Bisiton aurrerapen gisa, aurrez izan du GOIENA-k etxea ezagutu eta zenbait txoko erakusteko aukera.

Olaso dorrearen ateak gaur irekiko dituzte, bisita gidatuen bidez bergararrek eta kanpotik datozen bisitariek horren berezia den ondarea bertatik bertara ezagutu dezaten. Gutxienez, maiatzera arteko itxarote-zerrenda luzea dago bisita horietarako, ikusmin handia piztu duen seinale. Hain zuzen ere, ikusmin hori azpimarratu du bisiten aurretik Monzonen etxeko txoko batzuk erakusteko GOIENAri ateak ireki dizkion Olaso dorreko zaindari eta bisita gidatuetako gidari izango den Javier Lazkanok: "Etorriko diren bisitariek hainbat sorpresa aurkituko dituzte; espero dugu herritarren gustukoa izatea".

Lorategian hasiko dira bisitak

Lorategitik hasiko dira bisitak: "Olasotarrak Bergarara nola etorri ziren, eraikinak zein historia izan duen kontatuko dugu bisiten hasieran". Lorategian hasitako bisitak Telesfororen anaia Isidroren etxebizitzan izango du amaiera. "Isidro beti egon izan da Telesfororen itzalean, baina azkeneko urteetan badakigu oso pertsonaia inportantea izan zela arkitekto bezala. Elgetako frontean egon zen borrokan 36ko gerran, eta, gerra galdu ostean, Venezuelara joan zen ihesi. Caracasen dirua egin ostean, mundu osoa zeharkatzen ibili zen, eta hamasei milimetrotan grabatutako filmazioak Euskal Filmotekan daude artxibatuta. Gerora, Iparraldera bueltatu zenean, hainbat eraikin altxatu zituen, eta, gaur egun, Monzon estilo moduan izendatzen da modu ofizialean", zehaztu du Lazkanok.

Hain justu ere, Olaso dorreko bisitariak bertatik bertara ikusiko dugu Isidro Monzonen etxebizitzako dekoratua oso bestelakoa dela: "Igartzen da gizon hura arkitektoa zela eta mundu zabalean ibili zela; hala, bisita gidatuak hemen bukatuko dira". Eta lorategitik eta Isidro Monzonen etxera bitarteko tartean, hainbat bitxikeria eta kuriositate ezagutzeko aukera izango da. Bisitak ordu eta erdikoak izango dira; edozelan ere, Olaso dorreko txoko guztiak ez dituzte erakutsiko: "Goiko solairuan artxibategia eta liburutegia daude, baina horiek ez dira irekiko bisita gidatuetan; bost minutuko bideo baten bidez erakutsiko eta azalduko zaie bisitariei artxibategi eta liburutegi horretan dagoena".

Frankistek okupatua urte luzez

Lazkanok gogoratu du Telesforo Monzonek erbestera ihes egin ostean, 1937an, Olaso dorrea frankistek okupatu zutela: "Konfiskatu egin zuten, eta urte luzez izan ziren hemen. Lehen solairuan El Circulo Carlista izeneko taberna bat ireki zuten eta bigarren solairuan falangisten egoitza egokitu zuten. Altzari asko, esaterako, Aieteko jauregira eroan zituzten, Francoren udarako egoitzara. Oso mingarria izan zen Telesfororentzat bere etxea nortzuek okupatu zuten jakitea".

Frankistek konfiskatutako guztia ez da dagokion lekura itzuli, Lazkanok argitu duenez: "Pazo de Meiras-en inbentarioa publiko noiz egingo den zain gaude, Olaso dorreko zerbait badagoen jakiteko. Hemendik eroan zutenaren deskribapen nahiko zehatza dugu, baina ez dakigu; Pazo de Meirasen zerbait egonez gero, ea berreskuratzerik dugun". Dorretxeko hainbat altzarik konfiskazio-zigilua dute itsatsita oraindik; Franco hil ostean, ondasunak berreskuratu egin ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak