EAJren ustez, "hainbat hutsune" ditu Udalak Olaso Dorrea Fundazioarekin adostutako hitzarmenak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 9a, 11:34

Otsailaren 22ko osoko bilkuran salatutakoa berretsi du gaur Bergarako EAJk ohar bidez, Telesforo Monzon hil zela 40 urte bete direnean: "Hitzarmenak hainbat eta hainbat hutsune ditu eta edozein elkarte edo fundaziorekin hitzarmen bat sinatu aurretik guztia lotu beharra dago; bergararren diruen kudeaketa zintzotasunez eta arduraz egin beharra dago". Jeltzaleek erabaki dute gaurko Monzon-Ganuza sariketan parte ez hartzea.

Jeltzaleek salatu dute Udalak 20.000 euroko diru-laguntza emango diola fundazioari urtero: "Bisiten antolaketa fundazioari dagokio, eta Udalak 20.000euroko diru laguntza emango dio urtero Fundazioari bisiten gastuei aurre egiteko. Horrez gain, Mozon-Ganuza sariketa ere jasotzen du: Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omenduko ditu. Horretarako, batzorde bat izendatu da Udaleko bi kide eta fundazioko hiru kidek osatua eta, gainera, sariaren kostuaren gehiengoa Udalak asumituko du –2.500 euro Udalak eta 1.000 euro Fundazioak–. Ulertezina da banaketa".

"Hainbat zalantza" dituzte

EAJk hainbat zalantza plazaratu ditu: "Nola da posible aktibitate planik edo emergentzia planik gabe martxoaren 13an bisitak zabaltzea? Edozein ekintza, taberna, komertzio… zabaltzeko ezinbestekoa da, zergatik fundazioak ez? Gainera, nola da posible Udalak turismo plana izan gabe –lau hilabete barru jasoko da– horrelako diru laguntza bideratzea, planaren emaitza ezagutzeke? Hitzarmenak ez du jasotzen bisitariak ikusiko duena zer den, eta gainera UDal Gobernuak, otsaileko osoko bilkuran, ez zuen erantzuten jakin bisitariak zer ikusiko zuen eta nola gauzatuko zen bisita. Ez du inongo planik jasotzen. Horrez gain, hitzarmena ohiko bilkuran onartu aurretik, webgunean, prentsan… publikatuta zegoen, Udaleko ikur eta guzti". 

EAJ ez da gaurko ekitaldian egongo

Udal Gobernuaren jarduna salatzeaz gain, gaurko Monzon-Ganuza sari banaketa ekitaldian ez dute parte hartuko: "Benetan kezkagarria da, kudeaketa ahularen eredua, diru publikoaren kudeaketa eza. Horregatik guztiagatik, Bergarako EAJk kontrako bozka eman zuen eta martxoaren 9an antolatuko den ekitaldian parte ez hartzeko hautua egin dugu. Ezin dugu hutsunez beteriko hitzarmen baten parte hartu. Erantzukizunez jokatzen dugun alderdi bat gara". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak