Olaso dorrera bisitak eta sariketa bat, Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 15a, 13:36

Martxoaren 9an 40 urte beteko dira Telesforo Monzon hil zela eta urteurren horren bueltan Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak prentsa agerraldi bateratua egin dute gaur goizean. Batetik, martxoaren 13an hasiko diren Olaso dorrera egingo diren bisita gidatuen berri eman dute eta, bestetik, aurten sortu duten Monzon-Ganuza sariketa berria ere iragarri dute.

Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaolak adierazi duenez, fundazioaren asmoa da bertako ondarea ezagutzera ematea, dorretxea bergararrei eta bisitariei irekiaz, eta hala, Telesforo Monzonen nahiari erantzunaz. Eta Bergarako alkatea Gorka Artolak azpimarratu du, besteak beste, turismoa eta kultura herrian bultzatzeko duen asmoarekin bat egiten duela.

Hala, Laboratorium museoa ikusteko aukerarekin batera Olaso dorretxean bisita gidatua ere egiteko aukera egongo da martxoaren 13tik aurrera; Laboratorium museoan eman ahalko da izena. Hilean hiru bisita gidatu antolatuko dituzte, bi euskaraz eta bat gazteleraz; iraupena ordu eta erdi ingurukoa izango da eta taldeak hamabi lagunekoak izan beharko dira gehienez.

'Monzon-Ganuza' sariketa

Gaur iragarri duten sariketan "Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari" bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omenduko dira eta gaur bertan iragarri dute zein izan den 2021eko saritua: Libe Goñi Garate (Oteitza, 1947). Honako hauek dira sariketako oinarriak:

1. Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omenduko dira.

2. Saria erabakitzeko unean, kontuan izango dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian edo eta batasunaren balioa.

3. Saria urtero banatuko da, Teleforo Monzonen heriotzaren datan (Martxoak 9) edo inguruan. Sariduna nor den beranduenera bi aste lehenago emango da jakitera.

4. Saria erabakitzeko BATZORDE bat izendatuko da, Olaso Dorrea Fundazioko Patronatuak izendatutako hiru pertsona eta Bergarako Udalak izendatutako bi pertsonez osatua.

5. Batzordea lau urtean behin berrituko da. Batzordekideek errepika dezakete mandatua.

6. Batzordeak, urtero, urte horretako urtarrilaren 31erako erabakia izango du saria nori eman, batzordeko edozein kideek aurkezturiko izenen artean. Erabakitzeko unean lehen artikuluan aipatutako irizpideak izango dira kontuan.

7. Saria sinbolikoa izango da, eta Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren balioak ordezkatuko dituen obra artistiko bat izango da. Saria euskal artista berriak sustatzeko erabiliko da.

8. Urtero artista berri bati eskainiko zaio saria diseinatzeko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtuko delarik. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraikiaz.

8. Urtero artista berri bati eskainiko zaio saria diseinatzeko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtuko delarik. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraikiaz.

9. Batzordea izango da artista eta honen obra aukeratuko duena.

10. Euskal artista berriak bere obraren berri batzordeko kideei emateko Olaso Dorrea Fundaziora zuzendu beharko dira, saria eman aurreko urteko abenduaren 31a baino lehen.

11. Obra artistikoa ordaindua izango da, orotara, 3.500 euroko diru kopuruarekin.

12. Sari ematea Bergarako herrian burutuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak