Bost hitzarmen eta prozedura arazoak protagonista Bergarako otsaileko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 23a, 16:01

La Caixarekin, Caritas elkartearekin, Lokatza Ziklismo Eskolarekin, Soraluce kooperatibarekin eta Olaso Dorrea Fundazioarekin adostutako hitzarmenak izan ziren protagonista atzoko bilkuran; bi ordu eta laurden iraun zuen. Bestalde, eztabaida politikoan argi geratu zen EH Bilduren eta EAJren artean prozedura arazo sakonak daudela, batzordeen antolaketak eta beste gaizki-ulertu batzuk eraginda.

La Caixarekin dagoen hitzarmena luzatzea onartu zen atzo, baita Caritas elkartearekin eta Lokatza Ziklismo Eskolarekin lokal banaren erabileraren inguruko hitzarmena ere. Horrez gain, Olaso Dorrea Fundazioarekin bisita gidatuak edota Monzon-Ganuza saria sortzeko hitzarmena ere onartu zen. Lehenengo hiru hitzarmenak EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu ziren. Olaso Dorrea Fundazioaren hitzarmenaren puntuan EH Bilduk alde bozkatu zuen, EAJk kontra eta PSE-EE abstenitu egin zen.

Atzo onartu ziren bost hitzarmen horietatik bakarra onartu zen aho batez, Soraluce kooperatiba "Bergaran egonkortzea" helburu duena, eta eztabaida gehien eragin zuena Olaso Dorrearena izan zen. EAJk hitzarmenaren aurka bozkatu zuen, eta salatu gaiaz prentsatik enteratu izana eta dorrerako bisita gidatuetan zehaztasunik ez dagoela, Udalari urtean 20.000 euro suposatuko dizkion hitzarmen baterako. "Ez da zehazten bisitariek zer ikusiko duten bisita horretan; datu bat emango dut: bisita bakoitzetik Udalak 46 euro ordainduko ditu; hori ez da Guggenheim-era ere ordaintzen...", salatu zuen, besteak beste, EAJko zinegotzi Elena Letek.

EH Bilduk argi dauka urte luzez publiko orokorrari itxita egon den Olaso dorrea irekitzeak "berebiziko interesa" duela eta ukatu egin zuen jeltzaleek gaiaren berri hedabideen bitartez jaso  izana. "Eurek erabaki dute batzorde horretan ez egotea eta hain zuzen ere batzorde horretan landu eta sakondu da gaia; hala ere, dokumentazio osoa jaso dute eta uste dugu izan dutela gaiaren berri prentsan irten aurretik", azaldu zuen EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.

Aldaketa terrazen ordenantzan

Eztabaida eragin zuen beste puntu bat izan zen terrazak jartzeko ordenantzaren aldaketa, alkateari erabaki batzuk dekretuz hartzea ahalbidetzen diona. "Pandemiak kaltetua den ostalarien sektoreari bide bat ireki diogu aldaketa honekin, geroago laguntzak edo beste eskaera batzuk egin ditzaten", esan zuen Iñurrategik. Izan ere, atzoko eztabaidan Iñurrategik berak azpimarratu zuenez, pandemia hasi zenetik lehen diru laguntza lerroa, zergetan zein tasetan aurreztutakoa eta bigarren laguntza lerro baten jasotakoa aintzat hartuta, 4.000 eurotik gora jaso ditu ostalari bakoitzak eta 70 establezimenduri banan-banakako azterketa egin zaie.

EAJk, aldiz, uste du ez dela kopuru nahikoa eta ordenantza aldaketa "oso berandu" datorrela: "Ostalaritzak behar duena da jakitea zer nolako terrazak jarri ditzaketen: zenbat mahai eta bestela elementuak ipini ditzaketen edota nolako okupazioa izan behar duten. Esateko dekretuz alkateak izango duela baimena terrazak jartzeko, ez dira hamar hilabete behar", salatu zuen Letek.

Jeltzaleek denbora larregi igaro dela uste duten bitartean, EH Bilduk argudiatu du gaiak "lanketa sakon bat" eskatzen zuela, besteak beste. "Aztertu behar dira Udalaren baliabideak zeintzuk diren eta sektore horren beharrak zeintzuk diren. Ordenantzaren egokitzapena adierazpide bat da egokitu garela egoera berrira, baina prozesu honetan gauza asko hartu behar dira kontutan. Hau da, aldaketa hau dator lanketa sakon baten ostean. Berandu datorrela? Beste instituzio batzuetatik beranduago etorri dira askotariko laguntzak; berandu, akaso, baina badator".

Ordenantzarako proposatu den aldaketa 30 egunez egongo da erakusgai alegazioak egin ahal izateko eta ondoren onartuko da.

Nagore Iñurrategi (EH Bildu): "Gezurra da parte hartzea ukatu diegula. Aukera badute batzordean beste zinegotzi batzuekin parte hartzeko"

PSE-EEren mozioa aho batez

Bestalde, alderdi sozialistak azken orduan sartutako mozio bat onartu zuen udalbatzak aho batez. Eskola materiala erosteko laguntzak dira eta helburu bikoitza dute: batetik, baliabide gutxien dituzten familiak laguntzea eta, bestetik, material hori herrian erosi beharra dagoenez tokiko merkataritza ere lagundu nahi dute. Pozik zegoen Alberto Alonso bozeramailea proposamena aho batez onartu zelako eta Gobernuak laguntza horiek gauzatzeko konpromisoa hartu duelako.

Horrez gain, oposizioa egiteko bi modu daudela nabarmendu zuen Alonsok: "Bi modu daude oposizioa egiteko, edo oposizioak bi helburu izan behar ditu: batetik, gobernuari kontrola egitea eta zerbait gaizki egiten ari denean neurri zuzentzaile batzuk proposatzen saiatzea eta, bestetik, oposizioak sustapen helburu bat ere izan behar du, alegia, gobernua hartzen ari ez den eta oposizioak beharrezkoak direla uste dituen neurriak bultzatzea".

Elena Lete (EAJ): "Gure gizarte zerbitzuetako zinegotziari parte hartzea ukatu egin zaio. Penagarria da"

Prozedura arazo sakonak

Atzoko bilkuran argi geratu zen EH Bilduk eta EAJk prozedura sakonak dituztela. Jeltzaleak ez datoz bat Udal Gobernuaren batzordeen antolaketarekin eta horrek agerian utzi zuen lankidetza asko zailtzen dela. EAJk bereziki salatu zuten "gizarte zerbitzuetan aditu" den zinegotzi bat batzordetik kanpo utzi izana: "Gizarte zerbitzuak eroaten zituen gure zinegotziak ez dauka aukerarik batzordearen egungo ordutegian joateko. Erakutsi du nolako ezagutza duen gizarte zerbitzuetan eta parte hartzea ukatu egin zaio; penagarria da", dio Letek.

 

EAJko Maite Agirrek ere egoera salatu zuen udalbatzaren aurrean: "Batzordeetan ez zaigu parte hartzea bermatu. Egoera larria, gure egonezina adierazi behar dugu". 

Udal Gobernuko bozeramaile Nagore Iñurrategiren arabera, ez dute parte hartzerik ukatu: "Gezurra da parte hartzea ukatu egin dugula. Kontua da konpatibilitate arazo batzuk daudela ordutegietan eta egutegietan, ez da ez diogula parte hartzen uzten. Euren zinegotzi horrek parte hartzeak gure zinegotzi batek parte hartzea ekarriko luke; beste proposamen batzuk aztertu genituen. Hala ere, aukera badute batzorde horretan beste zinegotzi batzuekin parte hartzeko".

Martxoaren 8aren bueltan adierazpen instituzionala ere onartu zen, aho batez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak