Bosgarren urtez jarraian antolatu dute Bergarako emakume artistek Martxoaren 8aren bueltako erakusketa, herrian errotzen doan ekimena den seinale. Ezin da ahaztu, gainera, iaz pandemiak bete-betean harrapatu zituela; izan ere, erakusketa ireki eta astebetera heldu zen konfinamendua; Aroztegi itxi egin behar izan zuten. Amalurra izena jarri zioten iaz erakusketari, eta lau azpigai jorratu nahi izan zituzten: lur-eremua, migrazioa, emankortasuna eta materia.
Inposatutako edertasunaz
Aurtengo erakusketaren izenburua Edertasuna emakumearen bi ikuspuntuetatik da. "Edertasuna, askotan gure erabakia dena eta beste askotan inposatu egiten zaiguna. Aroztegi bi zatitan banatu dugu: kolore zuriz, batetik, guretzat ederra dena; eta, bestetik, arrosa kolorez, emakumeari inposatzen zaion edertasunaren adierazle", adierazi dute.
Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekimena izanik, "oso berezia" dela diote: "Gure lana herritarrei erakutsi nahi diegu, emakumeon izenean bizirik gaudela adierazteko. Urtero elkartu ahal izatea motibazio handia da guretzat, eta asko hunkitzen gaitu. Lan berriak sortzeko edo dauzkagunak denon artean prestatzeko aukera izateak asko batzen gaitu. Indar handiarekin eta oso gogotsu gatoz!".
Musikaz girotutako inaugurazioa
Egubakoitzean inauguratuko dute erakusketa, 18:00etan. Antolatzaileek gogora ekarri dute Aroztegiko edukiera 42 lagunekoa dela, eta erakusketa honako ordutegi honetan bisitatu ahalko dela: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; domeka eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.
Pandemiak zuzenean eragin dio inauguraziorako zuten asmoari: "Gure asmoa 19:00etan inauguratzea zen, baina, pandemiagatik, aurreratzea erabaki dugu. Erakusketari hasiera emateko, urtero egin izan dugun moduan, luntxa eta antzezlan bat egitea zen ideia. Baina asmo hori ere zapuztu digu COVID-19ak... Beraz, gure taldeko Julia Pajaresek musikarekin girotuko du inaugurazioa, bisitariek giro goxoan murgilduta ikus ditzaten gure artelanak".
Belaunaldi ezberdinen batasuna
Ekimen honen bereizgarrietako bat da belaunaldi ezberdinetako emakumeak artearen bueltan elkartzen dituela: "Adin ezberdinetako emakume talde bat izanda eta arte diziplina ezberdinak landuta ere, oso ondo ulertu dugu elkar hasieratik. Oso azkar egin genuen bat eta harremana oso ona da talde barruan. Erraza egiten zaigu ideia bat sortzea eta ideia hori gauzatzea". Gaur herri osoaren aurrean irekiko duten erakusketak, artista bakoitzaren artelanez harago, badu atzeko lana: "Hilabete batzuk lehenago batzartzen gara, ideia zaparrada egiteko. Aurten, oso ezberdina izan da prestaketa, elkartzeko arazoak izan ditugu eta. Baina pandemiak ez digu gure arteaz gozatzeko eta gozarazteko grina kendu, eta bueltan gatoz". Astean zehar aritu dira Aroztegin lanean, erakusketarako dena gertu egon dadin, eta muntaketa lanak ere txandaka egin dituzte; gainera, taldeko kide batzuk konfinatuta egon dira azken egunetan...
Erakusketan parte hartu duten Bergarako 23 emakumeei esker artearen askotariko diziplinez gozatzeko aukera egongo da: margolanak, eskultura, argazkiak, zeramika, testuak...
Oztopoak oztopo eta arazoak arazo, pandemia sasoian ere erakutsiko dute: "Dena dugu gertu Bergarako emakumeen arteaz gozatzeko. Kultura zaindu beharra dugu; orain, inoiz baino gehiago! Denok zaudete gonbidatuta Aroztegitik pasatzera!".
Emakume berriak batu dira aurten
Urtez urte hazten eta herrian errotzen doan ekimena den seinale, aurten emakume berriak batu dira taldera: "Oso pozik gaude artista berriak etorri direlako. Espero dugu artista berriek ere hurrengo urtean parte hartzea, eta esan gabe doa ateak zabalik ditugula herriko artista berriendako". 23 emakumeren lanak ikusteko aukera egongo da, beraz, Aroztegin: Maite Azkargorta, Idoia Etxarri, Jone Albeniz, Usoa Mendikute, Lierni Narbaiza, Justina Elexpuru, Julia Pajares, Mari Karmen Laskurain, Alicia Garcia, Maitena Arana, Fani, Nerea Kerejeta, Nerea Agirrezabal, Leire Etxeberria, Igaratza Goikoetxea, Selena Lizarzaburu, Mari Paz Alustiza, Maialen Lopez, Marilu Unzurrunzaga, Arantzazu Arregi, Itziar Murgizu, Ana Abajo eta Jone Telleria.