Herritarrengana jotzeko prozesua martxan, 2030eko Bergarari begira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 4a, 16:34

Bergara 2030 egin herrixa plana aurkeztu du Udal Gobernuak, "Bergararen epe ertain eta luzera begirako iparrorratza" markatzeko; herritarrekin partaidetza prozesu baten bidez gauzatuko litzateke eta espero dute lehen emaitzak udarako gertu izatea.

Udal Gobernuak Bergara 2030 egin herrixa plan estrategikoa aurkeztu zuen eguazten arratsaldean. "2030eko Bergara herritarron artean nolakoa izatea nahi dugun adosteko jarri dugu martxan. Eman diogun izenak berak adierazten du bere izaera. Denon artean etorkizuneko herria diseinatuko dugu eta prozesu parte-hartzailearen bitartez herria, komunitatea egingo dugu", esan zuen Gorka Artola alkateak.

Helburu zehatz batzuk lortu beharko lirateke prozesuaren amaieran. Adibidez, urte, agintaldi eta ideologien gainetik herriko erronkei modu antolatu eta eraginkorrean erantzuteko udal-kudeaketarako tresnak eguneratzea; udal barruko eta kanpoko parte-hartzea sistematizatzea; Udaleko informazio guztia gardentasunez zabaltzea eta komunikazio-bide berriak aztertu eta erabiltzea; eta Udalaren iraunkortasun egoeraren inguruko datuak jaso eta interpretatzea. Prozesuan zehar genero ikuspegia eta giza eskubideak zeharkakotasunez erabiliko dituzte, oinarri moduan.

Izadi 21 enpresaren bitartez

Izadi 21 enpresa ari da lanketa teknikoki bideratzen, 41.170 euroko aurrekontuarekin; Udalak prozesu honetarako Diputazioko diru-laguntza jaso du 2020an, 16.287 eurokoa –kontratazioaren kostuaren %39,56–, eta 2021ean ere jasotzea aurreikusten dute.

Izadi 21 enpresako arduradunetako bat den Aitor Gonzalezek dio pandemia egoeran herritarren inplikazioa lortzea izango dela erronketako bat, herritarren parte hartze barik prozesuak ez lukeelako zentzurik izango: "Prozesu osoan zehar ezinbestekoa izango da udal-egituraren parte diren eragileen zein gizarte-eragileen parte-hartzea. Prozesu osoan irekiko diren guneetan parte hartzera gonbidatzen ditut herritarrak, ez dira damutuko. Etorkizuneko herria denon artean egin dezagun".

Horrekin batera, Gonzalezek azpimarratu zuen plan estrategikoa "tresna, praktiko, eraginkor eta erabilgarria" izateko "garrantzitsua" dela hedadura garbi finkatzea: "Landu beharreko gaiak eta ardurak hasieratik zehatz banatu behar dira".

Emaitzak udarako izatea espero

Azaldu dutenez, planaren oinarriak dira parte-hartzea eta adostasuna; zeharkakotasuna; informazioa eta gardentasuna; berdintasuna eta giza eskubideak. "Gizartea osatzen duten pertsonen eskubideak bermatu egin behar dira; are gehiago, halako proiektu batean. Herritarrak, edonolako jatorria izanik ere, partaidetzarako, ezagutzarako, informazioa jasotzeko eta proiektuaren unean uneko egoera zein den jakiteko egingo dugu lan", adierazi zuen Udal Gobernuko bozeramaile Nagore Iñurrategik.

Kronogramaren berri ere eman zuen prozesua jarraitzeaz arduratuko den Ekaitz Aranberri zinegotziak; martxoan zehar, herriko talde eta sektoreekin elkarrizketak egingo dira –oraingoz, hamabi talde elkarrizketatu dituzte–; apirilean eta maiatzean zehar, gaikako lau mahai eratuko dituzte; eta, prozesua amaitzeko, apirila eta ekaina bitartean, "herri-bilerak" egingo dituzte. Espero dute udarako prozesuaren lehen emaitzak esku artean izatea.

Azoka, erabat hutsik, gaur goizeko lehen orduan.

Azokan beste prozesu bat, "paraleloan eta koordinatuta"

Plan estrategikoarekin batera, metodologia berarekin, modu paraleloan eta koordinatuta, azokaren inguruko hausnarketa prozesua egingo da, Gipuzkoako azoken sarea deritzon proiektuari esker. Oxirondok gaur egun bizi duen egoeraren argazki ahalik eta zehatzena atera nahi dute, besteak beste, bertan galdetegi bat jarrita.

Debagoieneko Landa Garapenerako teknikari Mari Karmen Iturbek dio bi arrazoi nagusi daudela azokaren gainbehera azaltzeko, Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan aplikagarria: "Baserritarren eta kontsumitzaileen aldetik errelebo falta dago. Zahartzen ari dira bai baserritarrak bai kontsumitzaileak, eta horri buelta ematea izango da etorkizuneko erronka nagusia". Pandemia egoeran seguruak direla frogatzeaz gain, azokon garrantzia nabarmendu du: "Iraunkortasunaren aspektu guztiak betetzen dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak