Datarik ez duten arren, "ziurtzat" jo dute Arrano eta Artatseren itxiera

Jokin Bereziartua 2021ko ots. 18a, 19:01

Herrikoen auzia salatu eta gaia "kalean presente" egon dadin, hitzaldia egin zuten Peio Belastegik, Ana Sebalek, Ane Jauregik eta Oihan Ibarrak, belaunaldi ezberdinetan "arranoren eta artatseren parte" izan diren herritarrak; beste bi ekitaldi ere izango dira otsailean zehar.

Herrikoen auziaren barruan, Bergarako Arrano taberna eta Artatse elkartea dira Debagoienean ixteko arriskuan dauden bi lokalak. "Epaia irmoa da eta Gabonetan dirua kendu ziguten enbargatutako kontu korrontetik. Ez dakigu noiz etorriko diren ixtera, baina argi dugu itxi egingo dutela; politikoki interesatzen zaienean, seguruenik. Horregatik antolatu dugu hilabete osorako egitarau bat, jendeak presente izan dezan epaiak hor jarraitzen duela eta Arrano eta Artatse bizirik mantendu behar ditugula", adierazi du antolatzaileetako bat den Oier Aperribaik.

"Transmisiorako" balio izan zuen

Hala, eguaztenerako hitzaldia antolatu zuten belaunaldi ezberdinetan zehar "Arranoren eta Artatseren parte" izan diren lau herritarrekin: Peio Belastegi, Ana Sebal, Ane Jauregi eta Oihan Ibarra. Entzuleen artean gazte bergararrak izan ziren nagusi, eta antolatzaileak zein hizlariak pozik geratu ziren, saioak "historiaren transmisiorako" balio izan zuela iritzita. Hizlarien artean zaharrenak, Peio Belastegik, besteak beste, errepresioa "askoz inteligenteagoa" dela esan zuen: "Franco bizi zenean, errepresioa oso bortitza baina oso zuzena zen. Hau da, manifestazio batean egurra jaso zenezakeen, baina hor geratzen zen kontua, gehienetan. Orain, ez badago istilurik ez dago atxiloketarik, baina ondoren heltzen dira zitazioak, eta presoen aldeko kartel bat eroategatik kartzelara joan zaitezke. Ez sinistekoa da".

Jaialdirako sarrerak salgai

Hilaren 24an beste hitzaldi bat izango dute Arranon (18:00); Txema Matanzas abokatua eta Aitziber Plazaola preso ohia gonbidatu dituzte. Eta hilaren 27rako, elkartasun jaialdia a-tolatu dute udal pilotalekuan: Indai eta Talka musika taldeek emanaldi akustikoak egingo dituzte, Moises Azpiazu taldeko dantzariak egongo dira eta beste herritar batzuk ere igoko dira oholtzara. Sarrerak salgai daude dagoeneko, hamar eurotan, Arrano tabernan; 300 sarrera jarriko dituzte salgai eta ateak 17:00etan irekiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak