Seminarixoan egindako ekitaldian, aldez aurretik gonbidatutako "askotariko herritarren" aurrean aurkeztu du Udal Gobernuak Bergara Izan, Bizi, Ekin plana. 2023an bukatuko den agintaldi osora begirako plana da, Udal Gobernuak "bere buruari" egindako honako galdera hau erantzutera datorrena: "Nolako Bergara irudikatzen dugu hemendik urte batzuetara? Ikusi dugu etorkizuneko argazki hori geure buruan, eta horra heltzeko marraztu dugu bide-orria. Izan garenaz harro eta izan nahi duguna argi. Bergaran bizi nahi dugu. Elkarrekin, elkarlanean eraikiko dugun Bergara bizian. Jasangarritasunetik, feminismotik eta justizia sozialetik, elkarbizitza erraztuko duen Bergara atseginean".
Udal Gobernua: "Bergaran bizi nahi dugu. Elkarrekin, elkarlanean eraikiko dugun Bergara bizian. Jasangarritasunetik, feminismotik eta justizia sozialetik, elkarbizitza erraztuko duen Bergara atseginean".
Azpimarratu dute, besteak beste, gaur aurkeztu duten ekintza plan hau izango dela Udal Gobernuaren lanerako oinarria: "Datozen urteetarako gure jardunaren ardatza izango da plan hau. Malgua, dinamikoa eta neurgarria. Izan ere, egoera aldagarria den heinean, bereziki une honetan bizitzen ari garen osasun pandemia betean, behar berriak ere sor daitezke denborak aurrera egin ahala, eta pertsonek unean-unean dituzten beharrei erantzutea da gure nahia".
Herri "koloretsua eta solidarioa"
Gorka Artola alkatea buru duen Udal Gobernuak "argi" du nolako Bergara nahiko luketen etorkizun hurbilean: "Koloredun herria nahi dugu. Pertsona guztiak aintzat hartuko dituena. Pertsona helduek bizitza duina izan dezaten lan egiten duen herri solidarioa. Haurrak eta gazteak subjektu izango dituen herria. Bergararrak euren herrian bizitzen geratu daitezen etxebizitza, lana... bermatuko dizkiena. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak aintzat hartuko dituena, argi dugulako ez dugula nahi inor atzean geratu dadin. Berdintasunean oinarritutako herrian sinisten dugulako".