Arrano tabernari eta Artatse elkarteari elkartasuna adierazteko ekintzak otsailean zehar

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 9a, 15:39

Bizirik elkartasun jaialdia iragartzeko argazkia, Arrano atarian.

Bergarako Arrano taberna eta Artatse elkartea "libre eta bizirik" nahi dituztelako, Bizirik izeneko egitaraua antolatu dute otsailerako. 'Herriko tabernen' auziaren bueltan antolatu dituzte ekintzok, azken ordukorik ez badago ere: "Lokalak ixteko agindua eman zuten baina orain geldi dago, gure ustez, komeni zaienean aktibatzeko". Hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte Arrano tabernan eta jaialdi bat ere egingo dute udal pilotalekuan, otsailaren 27an.

Bizirik ekimenaren barruan lau ekintza antolatu dituzte: otsailaren 11tik aurrera Bizirik izeneko erakusketa jarriko dute Arrano tabernan, herriko "hainbat artistek" egindako marrazkiekin; otsailaren 17an, Arranoren bueltan bizitakoak kontatuko dituzte Pello Belastegi, Ana Sebal, Ane Jauregi eta Oihan Ibarra herritarrek; otsailaren 24an, legez kanporatzeen garaiak eta herrikoen kontrako operazioak izango dituzte hizpide Txema Matanzas abokatuak eta Aitziber Plazaola preso ohiak; eta, bukatzeko, otsailaren 27an, elkartasun jaialdia izango da udal pilotalekuan. Jaialdian, besteak beste, Talka eta Indai musika taldeek eta Moises Aspiazu dantza taldekoek hartuko dute parte, beste batzuen artean.

Bizirik ekimena iragartzeko kartela.

40 urte lehen lokala ireki zenetik

Bizirik ekimenaren antolatzaileek gogora ekarri dutenez, aurten 40 urte beteko dira Arrano zaharreko lokala zabaldu zela Irizar pasealekuan, Simon Arrieta plazatik gora, eta 30 urte Arrano taberna eta Artatse elkartea zabaldu zirela gaur egun dauden lekuan. "Sekulako ilusioa zegoen Bergara ezkerretik eta abertzaletasunetik eraikitzeko eta horretarako garrantzitsua ikusten zan herrian independentista ezkertiarrak bilduko zituen gune batzuk izatea. Urteak pasatu ahala, gure akatsekin eta bertuteekin, uste dugu herrian bere tokia egitea lortu dugula eta bergarar askok sentitzen dutela eurak ere Arrano eta Artatseren parte direla. Makina bat jende pasatu da gure ingurutik, izan lagunarteko bazkari, kontzertu, parranda, hitzaldi edo barra osteko hizketaldietan. Bestalde, Bergara eta  Euskal Herriaren aldeko milaka ekimenetan parte hartzaile aktibo ere izan gala uste dugu", adierazi dute.

Ekimen gehiago ere esku artean

Horrekin batera, diote ez dutela onartuko euren etorkizuna Madrilgo auzitegietan erabakitzea: "Beti izan gaituzte jomugan, gutako asko torturatu eta espetxeratuz, gure ekintzak baldintzatuz edo ilegalizatuz, bidean mila traba ezberdin jarriz. Oin Herriko tabernen auziaren barruan Euskal Herriko ehunka lokal, taberna eta elkarte itxi nahi dituzte, tartean Bergarakoak. Gure epaile bakarrak Bergarako herria eta euskal herritarrak izango dira eta ez dugu onartuko Madrilgo bulegoetan eta auzitegietan gure etorkizuna erabakitzea. Uste dugu gurekin batera dagoela euskal gizartearen gehiengoa eta horregatik sententzia faxista honen aurka egiteko ekimen ugari egingo ditugu urte honetan zehar".

Pandemia betean antolatutako egitaraua

Pandemia betean antolatu dituzte ekintzak baina espero dute bergararrek "orain arte bezala" erantzungo dutela: "Pandemia garaietan erantzutea zailagoa dan arren Bergarako herritarrengan konfiantza osoa daukagu. Hori dala eta, hilabete honetan egingo ditugun ekimenak aurkeztera gatoz. Espero dugu orain arte jasotako babesa eta berotasuna emango diguzuela!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak