XX. mendean geratu zen Bergarako Zubieta kalea eraberrituko diete

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 8a, 11:22

Bergarako Udalak konpromisoa hartu du 2021ean Zubieta kalea berriro urbanizatzeko lanak hasteko, eta obrak urte amaieran hasiko direla begi onez ikusi dute Zubieta Berrikoek; proiektua idazterakoan euren ekarpenak aintzat hartzea eskatu dute, "ahal den heinean".

Urtarrilaren 25ean onartutako 2021eko udal aurrekontuetako inbertsioen artean proiektu nagusietako bat izango da Zubieta kalea berriro urbanizatzearena. 2020ko udal aurrekontuetan ere aurreikusita zegoen proiektua, baina, COVID-19ak hankaz gora jarri zuenez Udalaren aurreikuspena, urtebete atzeratu behar izan da. Hala ere, atzerago egin behar da urbanistikoki XX. mendean geratu den kalea eta zirkulazioari dagokionez Bergarako ardatzetako bat dena eraberritzeko egon diren proiektuen berri jakiteko. Besteak beste, 2015ean prozesu bat ireki zen bizilagunekin kalea berritzeko proiektu bat garatzeko, baina sei urte pasatu dira eta ez da interbentzio esanguratsurik egin. Hain zuzen ere, 2018ko irailean zubia "birgaitzeko eta hari balioa emateko" lanak abiatu zirenean, bertako bizilagun batzuek kexatu eta argi utzi zuten euren lehentasuna kale osoa eraberritzea dela. 2021eko udal aurrekontuetan milioi bat euro daude aurreikusita, bereziki Zubieta kalea berritzeko, Martokoarekin batera.

Jose Sanchez (Zubieta Berri): "COVID-19ak eragindako egoera erabat ulertzen dugu eta elkartearen jarduna ere in-pass egoeran utzi genuen. 2021eko aurrekontuetan obra aurrera doala ikusita, poztu egin gara"

Horren berri izatearekin pozik dago Zubieta kaleko bizilagunak "modu zabalean" ordezkatzen dituen Zubieta Berri elkartea. "Zubietako zubia berritzeko lanak hasi zirenean esan genion Udalari 2015etik armairuan gordeta zuen proiektua mahai gainean jarri eta diru poltsa bat sortzen joan zedin; 2020an bazegoen diru partida bat, baina munduko aurrekontu guztiak joan ziren pikutara, Bergarakoa barne. COVID-19ak eragindako egoera erabat ulertzen dugu eta elkartearen jarduna ere in-pass egoeran utzi genuen. 2021eko aurrekontuetan obra aurrera doala ikusita, poztu egin gara", adierazi du elkarteko presidente Jose Sanchezek.

Ekarpenak jasotzeko eskaera

Hori bai, Zubieta Berri elkartekoek nahiko lukete, "ahal den heinean, behintzat", egunero bertan bizi direnen ekarpenak aintzat har daitezela, eta zubiko txapa jarri du adibide txar gisa. "Ez dakit bizilagunik badagoen zubian dagoen txapa hori begi onez ikusten duenik. Horrelako esku-hartzeak ekiditeko nahiko genuke proiektua idatzi behar denean teknikariek gure ekarpenak aintzat har ditzatela", gaineratu du Sanchezek. Jakitun dira teknikariek ezingo dutela denon gustuko proiekturik egin, baina zubiko txaparekin gertatu zena saihestea nahiko lukete.

Zubieta Berri elkartekoei esan dietenez, Udalaren asmoa da martxorako proiektua idatzita izatea: "2015eko proiektuan bizilagunok egin genituen ekarpen esanguratsuenak ez zeuden gero planoetan marraztuta... Ea oraingoan ahalik eta proiektu osotuena lortzen dugun; badakigu ez dela denon gustukoa izango, baina, gutxienez, egoera tamalgarrian dagoen kalea konpondu egingo dute, irisgarritasun arazoak desagertu egingo dira; hori da garrantzitsuena guretzat".

Zubieta Berrikoek badakite "oso proiektu potoloa" dela Udalarendako eta ulertzen dute exekuzioa fasez fase egitea: "Udalean esan digute 2021 bukaeran lehen fasea exekutatzen hasiko ginela, 2022an ere partida bat bideratuko zutela eta bigarren fasea 2023an bukatuko litzatekeela; sekulako gastua izan gabe, modu orekatuan egin nahi dute".

Eskola zaharraren orubea

2020a bukatu aurretik albiste izan zen Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak eskola zaharra okupatu zuela; Zubieta Berri elkartekoak batzartu ziren eurekin eta argi utzi zieten, besteak beste, kaleko aisialdirako izan daitekeen gune bakarra dela: "Garbi dugu gozatzeko edo aisialdirako erosoa eta irisgarria izan behar den gune bat izan behar dela; gaur-gaurkoz, guztiok ezin gara eskola zaharrera igo, ez duelako irisgarritasuna bermatzen. Denon artean erabaki beharko genuke eskola zaharreko orubeari ze erabilera eman".

Zubieta Berrikoek euren kaleari balioa eman nahi diote: "Beti kontsideratu izan da ardatza, baina autoendako, Bolura doazen 2.000 bizilagun horiei begira. Bada garaia oinezkoei begira ere jartzeko ardatz hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak