Labegaraietako kiroldegi berritua gertu, normaltasunera itzulerak eperik ez badu ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 5a, 13:18

Bihar goizean inauguratuko dute Labegaraietako kiroldegi berritua, ordezkari politikoei, kirol taldeei eta herritarrei zuzendutako txandaka egingo diren bisita gidatuekin; kirola egiteko azpiegitura izateaz gain, herriarendako "erreferentziazko gune" izatea nahi dute.

40 urte egin behar dira atzera Labegaraietako kiroldegiak kiroldegi izateko egin zituen lehen urratsak ezagutzeko. Eta Union Cerrajera zenaren industrianabe izatetik kiroldegi izatera pasatzeko prozesuan izen propioren bat aipatu beharra badago, Ramon Garitano arkitekto bergararrarena da izen propio horietako bat. 1981ean idatzi zuelako Garitanok garai hartako industria-instalazio nagusia mantendu eta kiroldegi baterako birmoldaketa-proiektua, 1987an gauzatu zena.

Hain zuzen ere, Garitanok sari garrantzitsu bat jaso zuen 2010ean Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen (IOHLEE) partetik, Labegaraietako kiroldegiarena ondare-industrialaren errekuperaziorako "proiektu aitzindaria" izan zelako.

Diputaziotik ia 600.000 euro

1987tik 2019ra bitartean apenas izan da interbentzio esanguratsurik Labegaraietako kiroldegian eta begi bistakoa zen eraikinak eraberritua izateko zuen beharra. Erakin hotza eta inongo irisgarritasunik gabekoa izateaz gain, ohiko erabiltzaileen beharretarako zaharkitua zegoen. 2015etik 2019ra arteko agintaldian EAJren Udal Gobernuak lehentasunen artean kokatu zuen kiroldegiaren eraberritzea, 2019ko udal aurrekontuetako proiektu esanguratsuenetako bat izateraino. Proiektua garatu ahal izateko, baina, ezinbestekoa izan zen Foru Aldundiaren 589.000 euroko dirulaguntza lortzea; 2019ko urtarrilean egin zuten publiko dirulaguntzarako akordioa orduko Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxasok eta Bergarako alkate Elena Letek.

Bi fasetan, askotariko lanak

Kiroldegia eraberritzeko kostu osoa 2.600.000 euro ingurukoa izan da, bi fasetan gauzatu dena. Lehen fasean, besteak beste, biltegia zena bota – 42.168 eurokoa izan zen pabiloi zaharra botatzeko lanen aurrekontua– eta eraikin berri bat altxatu zuten industria-nabea zenari itsatsita; bertan, aldagelak, komunak eta Beti Busti taldekoen biltegia daude gaur egun, besteak beste. Lan horietarako 948.640 euro bideratu ziren.

"Berme handiko kantxa da; ea 30 urte irauten duen, zaharrak bezala"

Bigarren fasea izan da eraberritze-lan handienak eskatu dituena eta, beraz, aurrekontuaren zati handiena eroan duena: 1.502.396 euro, BEZa barne. Eraikin nagusian askotariko lanak egin direlako: irisgarritasuna bermatu dute eraikin osoan – igogailu bat jarri dute, adibidez–; harmailetarako berogailuak jarri dituzte –orain arte arazo nagusietako bat zen neguan eraikin hotza zela–; aldagela berriak egin dituzte; rokodromoa itxi dute eta bere azalera bikoiztu; auzotarrendako lokal bat egokitu dute; klubek zein herritarrek erabiltzeko gimnasio bat egin dute; taberna berritu dute; eta 30 urtetik gora zituen egurrezko kantxa kendu eta berria jarri dute. Hain zuzen ere, kantxa izango da kiroldegi berrituan gehien erabiliko den azpiegitura. "Berme handia duen Mondo etxeko egurrezko kantxa jarri dugu. Oso itxura ona dauka, baina erabiltzen hasten denean ikusi beharko da. Aurretik izan genuen kantxa bezain ona izaten bada honako kantxa hau, pozik egongo ginateke. Izan ere, ia 30 urtez nahiko baldintza onetan iraun zuen kantxa zaharrak", gogoratu du Udaleko Kirol teknikariburu Iñaki Ugarteburuk. Hasieran idatzi zen proiektutik gauzatu den proiektura arteko bidean hainbat aldaketa izan direla ere azpimarratu du Kirol teknikariak: "Kirol talde bakoitzak bere eskaerak egin ditu eta saiatu gara, ahal izan dugun heinean, eskaera horiek proiektuan barneratzen". Esaterako, Beti Busti taldekoek biltegia aurreikusitakoa baino altuagoa jartzea eskatu zuten piraguak modu egokian gorde ahal izateko.

Txandakako bisitak bihar goizean

Hobekuntzak erakusteko bisita gidatuak antolatu ditu Udalak bihar goizerako. Gaur egungo osasun egoera aintzat hartuta, gehienez ere hogei pertsonako taldeetan eta aurrez finkatutako hitzorduetan egingo dira bisita gidatu horiek. Hitzorduak kiroldegi barruko harmailan egingo dira. 10:00etan egingo da lehenengo txanda; arkitektoak, eraikuntza enpresako arduradunek eta Udaleko ordezkari teknikoek agintariei eta alderdi politikoetako ordezkariei azalpenak emango dizkiete. Kirol klubendako bi hitzordu zehaztu dituzte: 11:00etan eta 11:45ean. Eta, azken txanda batean, herritarrek ere izango dute aukera kiroldegi eraberritua bertatik bertara ezagutzeko; erreserba egin behar da, aldez aurretik Agorrosinera deituta: 943 77 70 95. Herritarrei zuzendutako bi hitzordu daude: 12:30ean auzokoentzat eta 13:15ean gainontzeko bergararrentzat.

"Pixkanaka" martxan jartzera

Bihar inauguratuko dute kiroldegi berritua, eta datorren astetik aurrera erabiltzeko moduan egongo da. "Saskibaloi taldekoak geldi daude, ez dute lehiaketarik. Eskubaloian partidu batzuk jokatzen ari dira, eta, akaso, norgehiagoka ofizialen bat jokatuko da hemen. Hockey taldea ere lehiatzen ari dela uste dut... Lehiatzerik izan edo ez, hurrengo astelehenetik aurrera klubak entrenatzen hasi ahalko dira; pixkanaka joango gara kiroldegia martxan jartzen", azaldu du Ugarteburuk.

"Ukitu batzuk" falta diren arren, hurrengo astean erabiltzeko moduan egongo da 

Otsaileko hirugarren astean, eguneroko erabiltzaile izango diren kirol taldeekin bilera egingo du Udalak, kiroldegiko funtzionamendua adosteko. Hainbat kirol taldek erabiltzen dutelako Labegaraietako kiroldegia euren egunerokoan: saskibaloia, eskubaloia, gimnasia erritmikoa, hockeya, eskalada eta piraguismoa. Kirol erabileraz gain, auzotarrendako gune bat aurreikusten zuen proiektuak, eta espazio hori egokitu dute sarrera nagusiaren goialdean: "Auzokideekin egin ditugu bilerak eta jaso ditugu euren iradokizunak. Lokal hori ekipatu gabe dago oraindik, urtean zehar auzokideekin batera ekipatzen joateko asmoa dugulako. Auzotarrek lokalari emango dioten erabileraren arabera modu batean edo bestean ekipatuko genuke, eta espero dugu Labegaraietako bizilagunendako erreferentziazko gune bat izatea".

Rokodromoa: udarako martxan

Eskalatzaileen aspaldiko eskaera izan da rokodromo itxi bat izatearena. Bergaran badago eskalatzeko zaletasuna, eta hainbat urtez kexatu izan dira Labegaraietan hotza pasatzen zutelako; berba hauek esan zituzten 2019ko apirilean: "Rokodromo duina eskatzen dugu; gaur egun, rokodromo hotza, zaratatsua eta zikina dugu".

Eskalatzaileendako eremu berria itxia da orain, kantxara ematen duen beirate handi batekin, eta zaharraren bikoitza izango da azalerari dagokionez. Hori bai, ekipatu gabe dago oraindik; eskalatzaileek eurek kendu zituzten helduleku zaharrak eta gaur egun egitura metalikoa da mantentzen den bakarra. Izan ere, rokodromo berrirako proiektua erabat zehaztu gabe dago: "Obra guztian zehar aritu gara lanean eskalatzaileekin, eta orain, proiektua lantzen ari dira; espero dugu hurrengo hilean Udaleko batzordetik pasatzea proiektua, uda aurretik ikusi nahi dugulako rokodromoa martxan", esan du Ugarteburuk.

Klub bakoitzaren eskaerak betetzen saiatu dira azken proiektuan, "ahal izan den heinean"

Rokodromo azpian egokitu dute gimnasio berria; gimnasioa ere ez dago erabat ekipatuta, baina laster egongo da erabilgarri. Gainera, Ugarteburuk aurreratu duenez, kirol taldeez gain herritarrek ere izango dute gimnasio berria erabiltzeko aukera; egutegi bat zehaztuko dute horretarako.

Taberna berria, aurrekoen esku

Taberna ere berritu dute. Sarrera nagusitik sartuta, ezkerreko aldean geratzen da barra orain, eta terrazara ematen duen leiho zaharra mantendu dute, besteak beste. Tabernaren ustiaketa lehiaketara atera zuen Udalak, eta obrak hasi aurretik zegoen lantalde berak irabazi zuen; hortaz, Yasmina Trigueros izango da tabernako arduradun nagusia etapa berriaren hasieran. Taberna eroateaz gain, bestelako ardura batzuk ere izango ditu; tartean, kiroldegiko kontrola eta instalazioko garbiketa lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak