Uberako eskola etxea: topagunea berrituko dute, auzoaren izaerari heltzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 23a, 08:17

Jaolatza elkartea eta eskola etxea egonkortzeko eta eraikin osoan irisgarritasuna bermatzeko obrak laster hasiko dira, eta uda partean amaitu; auzotarrendako "lehentasunezkoa eta estrategikoa" da Uberako topagune nagusia dena eraberritzea.

Azken errolda datuen arabera, 137 biztanle ditu Uberak, eta auzo alkate Gorka Buruagak kezkaz azaltzen duenez, geroago eta zaharragoa da uberarren batez besteko adina. Udalak interbentzio aipagarriak egin ditu azken urteetan auzoan; horren adibide dira 2019ko apirilean bukatu ziren plaza berria egiteko obrak eta duela urtebete inguru frontoiaren kanpoaldea margotzeko lanak. Eta orain, auzotarrendako "lehentasunezkoa" den eskola etxearen erakina eraberritu ahal izango dute; eraikina egonkortzea eta irisgarritasuna bermatzea izango dira obraren helburu nagusiak.

Eraikina egonkortu, eta irisgarri jarri

Jaolatza elkartearen eta eskola etxearen eraikinerako proiektua Biark arkitektura enpresak idatzi du eta Frixi Eraikuntzak enpresa izan da exekuziorako lehiaketa irabazi duena; aurrekontua 259.795 euro da, BEZa barne. Lanen helburu nagusia da eraikina egonkortzea eta irisgarritasuna bermatzea, eta, horretarako, besteak beste, estalki osoa berrituko dute eta arrapalen bitartez auzo elkartera eta lokalera "sarrera duina" bermatuko dira.

Jaolatza elkartearen eta eskola etxearen eraikina eraberritu egingo dute.

Udalak Jaurlaritzaren Erein programako diru-laguntzetara aurkeztu zuen proiektua, baldintzak betetzen zituelako, eta 97.000 euroko laguntza jasoko du. Lanak hasteko "lehen urratsak" egiten ari da Udala, eta, exekuzio-epea lau hilabetekoa denez, espero dute udarako gertu egotea. "Uberak auzo izaerari hel diezaion proiektu estrategikoa da; oso inportanteak dira auzoak, oso aintzat hartzen ditugu", azaldu du Nagore Iñurrategik.

26 urte daroatza eskola erabilerarik izan gabe, eta oroitzapen ederrak gordetzen ditu Buruagak, bertako azken ikasleetako bat izan zen eta: "Hemen hasi nintzen hezten, Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arte. Bizitzaren hasierako guztia inguru honetan bizi izan nuen; horregatik, erro horiek oso barruan sentitzen dira".

Uberarendako ezinbesteko gune

1990eko hamarkada amaieratik gaur egunera "oso garrantzitsuak" diren auzo batzarrak egiteko, hitzaldietarako eta tailerrak antolatzeko erabili izan dute eskola etxeko lokala. Ondoan dago Jaolatza elkarte gastronomikoa, bazkarietarako eta afarietarako auzotarrendako ezinbesteko gune dena. Eta beste bi gune ere maiz erabiltzen dituzte auzotarrek eta ingurukoek: batetik, Udalak kudeatzen duen frontoia; eta, bestetik, eliza.

Buruagak argi dio ez dagoela ulertzerik Ubera eskola etxe barik: "Eskola itxi zenean auzoaren parte handi bat hil zen. Adineko auzotar guztiek askotan aipatzen dute gaur egun Uberan ez dela umerik entzuten, eta horrela da. Garai hartan asko galdu zen auzoko bizitza eta uste dugu obra honek aukera berri batzuk eman ahalko dizkigula. Poliki-poliki, garai bateko indarra berreskuratzen joan nahi dugu".

Iñurrategi eta Buruaga eskola etxean, planoei begira.

Oraindik definitzeke dagoena da obra bukatu ostean goiko solairuan geratuko diren bi lokalen erabilera. "Auzotarrok erabiltzeko izango dela badakigu, baina oraindik zehaztu egin behar dugu zertarako erabili. Oso garrantzitsua dena da eraikinera sartzeko irisgarritasuna bermatuko dela; orain arte, beti izan ditugu eskailerak elkartera zein eskola etxera sartzeko, eta bada garaia oztopo arkitektoniko horiek, behingoz, kentzeko", gaineratu du Buruagak.

Obra bukatu ostean Uberako eskola etxeak izango zuen itxura. Irudia: Bergarako Udala.

Pandemia: kohesioari ere kalte

Badira urte batzuk auzoen arteko kohesioa sustatzeko Auzuen Arteko Eguna eta halako dinamikak abiatu zituztela; 2020an Osintxun ospatu behar zuten, baina COVID-19ak asmo horiek ere jarri zituen hankaz gora: "Oso mugimendu polita zen, bereziki gazteak zirelako protagonista, baina pandemiarekin ezinezkoa izan zen. Ea 2022an berreskura dezakegun... Espero baino gehiago kostatuko zaigu, baina jarriko gara martxan. Auzoak ere bagara euskal kultura, eta hori ezin dugu galdu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak