Ondo zaharberritzearen garrantzia aldarrikatzen

Mireia Bikuña 2021ko urt. 19a, 09:00

Artez enpresako Maite Fernandezek eta Aida Payak beraien lanbideari buruzko hainbat azalpen eman dituzte Laboratorium Museoak gonbidatuta. Zaharberritu dituzten sei pieza erakutsi dituzte, eta lanaren nondik norakoak azaldu. "Edonork ezin du edozer gauza zaharberritu. Intrusismoa, gaitza da guretzat. Zaharberritzaileok unibertsitate ikasketak ditugu. Zaharberritzen ikasi dugu", esan du Maite Fernandezek.

Maite Fernandezek eta Aida Payal Arte Ederrak ikasi zuten, eta, ostean, zaharberritzean espezializatu ziren. Eta aldarrikapen horrekin hasi dute Laboratorium Museoan egindako hitzaldia. Zaharberritzaile baten lanaren nondik norakoak azaldu dituzte. Berritu behar duten artelana eurengana heltzen denetik, prozesua bukatzen den arte jarraitzen duten bidea azaldu dute. "Hasieran artelanari buruzko dokumentazioa eta ikerketa lana egiten dugu. Hortik, datu asko jasotzen ditugu. Ostean, egin beharreko lanak zehazten ditugu. Azken pausua, zaharberritzea egitea da", azaldu du Aida Payak.

Zaharberritzaileen lana oso gutxi baloratzen dela salatu dute. Eta, puntu horretan, lanbide horretan dagoen intrusismoa azaleratu dute. "Ondo zaharberritutako lan asko egiten dira, baina, hedabideetan agertzen dena Cecilia andereak zaharberritutako Borjako Ecce Hommoa agertzen da. Artelanak zaharberritzea ez da eskulanak egitea", aldarrikatu dute.

Bergaran, hainbat zaharberritze

Olaso etxeko lorategian dagoen armarria, San Pedro parrokiako San Pedroren irudia eta Hilzoriko Kristoaren kapera dira Artez enpresak, Bergaran, zaharberritu dituen artelanetako batzuk. Herritarren aurrean egindako agerraldian Laboratorium Museoan zaharberritutako pieza batzuk erakutsi dituzte: Santa Barbararen irudia, Zientzia Instrumentuen erakusketako Haldaz aparatua eta Tavesa enpresako baskula eta planetario bat, besteak beste. "Oso inportantea da zaharberritzaileek egiten duten lana. Guretzat, ezinbestekoa. Urtero daukagu partida bat zaharberritzeak egin ahal izateko", esan du Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak