Bizimoduak birpentsatu, gutxiagorekin aritzeko

Hasier Larrea 2021ko urt. 16a, 12:00

Azken hamarkadetan garatutako bizi-erritmoa "bideraezina" izango dela eta, etorkizuneko desazkundearen aurrean kooperatibismoan oinarritutako moldeak eraiki behar direla azaldu zuen Seminarixoan, hilaren 12an, Joseba Azkarraga irakasleak

Hausnarketa sakonerako tartea irekiz eman zion hasiera joan den asteartean Joseba Azkarraga EHUko irakasleak Trantsizio sozioekologikoa titulupean Bergarako Udalak eta Laboratorium museoak antolatu duten hitzaldi zikloari. Irakasle abadiñarrak gaur egungo gizartearen "kolapso-egoera" ulertzeko gako soziologiko eta zientifikoak eman zituen Seminarixoan batu ziren entzuleen aurrean, datozen 30 urteetan planetaren bilakaera nolakoa izango den irudikatu aurretik.

Zientzialarien ikerketei erre-paratuta, "2050ean munduko biztanleria %90 jaitsi daitekeela" nabarmendu zuen soziologoak. Ikuspegi katastrofista dirudien arren, joera horretan sinisteko arrazoiak ikusten ditu Azkarragak: "Etorkizuneko joko-zelaian garrantzi handia jokatuko dute ekonomiak, bioaniztasunak, klimak eta energia-krisiak, gogor joko dutelako gizakiaren orain arteko interesen aurka". Hala ere, fenomeno horiek "aspaldiko partez" etorkizun irekia plantea dezaketelakoan dago, "gizakiok hartzen ditugun erabakien arabera".

Erabaki horiek mundua lau agertokitako batean kokatuko dutela uste dute adituek: "Posible da gure jarrerak lurra suntsitzea, lurraren osasuna gure buruari jarritako murrizketen eraginez hobetzea, giza arraza abiadura handian iraungitzea edo giza baliabideak hobetzea planetak eskaintzen dituen ondasunak behar bezala erabilita".

Ezbairik gabe, laugarren agertoki horren aldeko apustua egin beharra dagoela argi dauka Azkarragak, eta oraindik "garaiz" ari garela gaineratu du, nahiz eta "urteak diren aurreikuspen ezkorrak egiten ari garela".

2008a ezkero, erantzun bila

Duela hamahiru urte jazotako krisi ekonomikotik gizartea "haz-kundearen norabidea berrartzeko mirarizko formula topatu nahian" ari dela aipatu du EHU-ko irakasleak. Askok "austeritatean zein progresismoan" oinarritutako politikak jarraitu behar direla defendatzen duten bitartean, "justizian, ordenan, bakean, kooperatibismoan" eta halako balioetan oinarritutako politikak aurrera atera daitezkeela defendatzen dute beste batzuek. Hala, gauzak egiteko bigarren modu horretara heltzea "erronka historikotzat" jo du Azkarragak, "aurretik dugun desazkundea" kudeatzeko bidean.

Hirien "dekadentzia"

Datozen "erronka konplexuei" erantzuteko, gaur egun egoera oso ezberdinean dauden bi hiri jarri ditu ikerlariak adibide bezala: "Batetik dago Habana hiria, non bertan kontsumitzen den janarien %60 ekoizten den hirian bertan hazitako baratzeetan; eta bestetik dugu hiri-mamua bilakatzen ari den Detroit, non bertako biztanleek inguruko nekazari herrietara emigratu duten, pixkanaka".

Gizarte burujabe bihurtzeko bidean, beraz, janaria non ekoizten den berebiziko garrantzia izango duela argi dauka Azkarragak, eta, "ziur aski", hirian bizi den jende askok herri txikiagoetara joateko hautua egingo duelakoan dago.

Izan ere, batez ere, hirietan sekulako tenperatura igoerak egongo direla antzematen dute zientzialariek: "2050ean, Madril gaur egun ezagutzen dugun Marrakex bezalakoa izango da, Paris Madril bezalakoa, eta Londres Bartzelona bezalakoa", bota du abadiñarrak.

Eta Debagoienean, zer?

Azkarraga 13 urtez aritu zen MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean irakasle lanetan; ondorioz, gertutik jarraitu izan du bailararen bilakaera. Debagoienak ze etorkizun izan dezakeen galdetuta, "muskulu handiko eta nortasun propioko" eskualdea dela jakitun, "gogoetetatik abiatutako ekimenak martxan jartzeko gaitasuna" daukala azpimarratu du, eta Debagoiena 2030 ekimena "interesgarria" iruditu zaio ibarrak jasangarritasunerako urratsak egin ditzan.

Irakaslearen esanak entzun zituztenak ideia batekin atera ziren asteartean Seminarixotik: urteetan gehiago edukitzea hobetsi bada ere, hemendik aurrera buruek kontrakoa pentsatzera ohitu beharko dutela; hau da, hobe-beharrez gutxiagorekin konformatzera. Naturak ere izango du zer esan bizimoduen kudeaketan. Hemendik aurrera, inoiz baino gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak