ALBISTEAK

Trantsizio sozioekologikoa eta Debagoiena 2030 ekimena, mintzagai

Hasier Larrea 2021ko urt. 13a, 13:29

Hasi da dagoeneko trantsizio sozioekologikoari buruz Bergarako Udalak eta Laboratorium museoak elkarlanean antolatutako hitzaldi zikloa. Seminarixoko entzuleen aurrean aritu ziren atzo berbetan Joseba Azkarraga EHUko irakaslea eta Debagoiena 2030 ekimeneko kideak.

Joseba Azkarragak ikuspegi soziologiko eta zientifiko batetik eman ditu gizakia planetan uzten ari den aztarnaren eta horren ondorioen gakoak, datozen 30 urteetarako estrategia komun egokiak definitu beharra dagoela nabarmenduz. Soziologoaren hitzetan, eskualdean aurrerapausuak eman daitezke, eta Debagoiena 2030 ekimena adibide argitzat ikusten du. 

Hain justu ekimen horren gaineko xehetasunak eman dituzte Elena Herrarte, Onintza Legorburu eta Aitziber Plazaolak. Erakunde, eragile eta norbanakoen lankidetzan oinarrituz, Debagoiena adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutro bateranzko trantsizioa lortzeko pausuak ematen "hasiak direla" aipatu du Herrartek hitzaldian. 

Datozen urteetan eskualdea eraldatzeko lan, energia, ekonomia eta mugikortasun ereduak birpentsatu beharraz hausnartzeko gonbidapena luzatu dute hizlariek, zortzi erronkatan oinarritutako portfolioaren aurkezpenarekin.

Onintza Legorburuk entzute sakonaren metodologiaz ateratako ondorioak elkarbanatu ditu. Debagoiendarren kezka nagusietako bat "enplegua dela eta orokorrean klima aldaketa eguneroko erronka ez dela" aipatu du Legorburuk.

Ereindajan, bertako produktuen alde

Bergarako Ereindajan elkarteko bazkide Aitziber Plazaolak bailaran elikadura burujabetza ereduak txertatzeko aukerez mintzatu da, jangeletan bertako produktuez hornitutako plataforma osatzeko prototipoa diseinatzen ari direla aurreratuz.  

Urtarrilaren 26an jarraituko du Seminarixoko hitzaldi-zikloak, Euskal Herriko basogintza hizpide izango dutelarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak