Guztira, hortaz, 96 langilek –gaur 46k eta 50ek datorren astean– eta 76 egoiliarrek –gaur jaso dute denek– hartuko dute txertoa Mizpirualden. Bergarako zaharren egoitzan daude 124 langile: sanitario, ile-apaintzaile eta bestelako langileak. Horietatik, 20k erabaki dute ez hartzea. Eta beste 8k ezin dute hartu, haurdun daudelako edo beste osasun arrazoi batzuengatik.
Abenduaren 28an ekin zioten koronabirusaren aurkako txertaketa planari, eta, ordutik hona, oraingoz, Debagoieneko adineko egoitzetan dauden 189 egoiliarrek eta horietan lan egiten duten 96 langilek hartu dute txertoa.
Eskoriatzako Jose Arana izan zen Pfizer eta BioNTech konpainiek garatutako txertoa hartzen lehena; abenduaren 31n ziztatu zituzten bertan bizi diren egoiliar guztiak –26–, eta baita une hartan lanean ari ziren bederatzi langileak ere.
Iturbiden, martitzenean
Arrasateko Iturbiden, bestalde, martitzen honetan hartu zuten txertoa. Bertako 85 egoiliarretako 84k hartu zuten –batek uko egin zion–, eta baita 41 langilek ere. Egoitzako zuzendari Olatz Etxabek adierazi zuen aurtengo erregeen "oparia" izan dela egoiliarrentzako txertoa. Behin lehena jarrita, aste gutxiren kabuan "immunitate osoa" lortuko dutela gehitu zuen: "Hiru aste barru bigarren dosia jasoko dugu, eta hura jartzean %100ean egongo gara immunizatuta. Beraz, otsaila hasiera inguruan lortuko dugu hori". Jose Ramon Abasolo egoiliarra izan zen txertoa hartzen lehena, eta azaldu zuen txertoa "noiz helduko zain" izan zela ordura arte. Ildo beretik mintzatu zen Nieves Altuna egoitzako langilea, eta uste du "aukera zoragarria" dela txertoa: "Lehen olatuak gogor jo zuen egoitzan, eta orain normaltasunera bidean gaude".
Bailarako gainontzeko egoitzetan, Aretxabaletako GSR Debagoienan eta Oñatiko San Martinen txertoa hartzeko "zain" daudela adierazi dute Debagoieneko ESItik; izan ere, egoitza horietan koronabirus kasu aktiboak dituzte gaur-gaurkoz.