Tapiak azken proiektua aurkeztuko du eguenean, Bergaran, eta kontzertua jotzeko eta kantatzeko irrikan eta ilusioz dagoela adierazi du:
'Tranpaldo' izeneko proiektu berria aurkeztuko duzu. Zer adierazten du diskoaren izenburuak?
Kontua da zuzeneko emankizuna dela, eta tranpaldo hitza erabili izan da tablatua esateko. Guk musikariok tablatu gainean jotzen dugu agertokian, eta hortik dator proiektuaren izenburua. Eta horri deitu zaio tranpaldora igotzea, eszenatokira igotzea, alegia. Aldi berean, badu bigarren esanahi bat izenburuak, tranpa hitzarekin. Nolabait, tablatua bera, tranpaldoa bihurtzen da… Hitz joko bat da, baina, oinarrian adierazi nahi dena da zuzeneko bat dela.
Kantagintza modernoa eta musika herrikoia uztartzen duen lana da, ezta?
Ni tradiziotik nator, erromerietatik, trikitixatik…, baina bakarkako ibilbidean urteak daramatzat kanpoko kantagintza modernoa lantzen. Bien arteko lotura bat da; alde batetik, musika herrikoia egin izan nahi dut, eta, beste aldetik, testu landuxeago batzuekin. Izan ere, azken aldian, musika herrikoia arinkeriarekin lotzen dela ematen du, eta, horri buelta bat eman nahi izan diot. Hain zuzen ere, musika popularra duina egin daitekeela adierazi gura izan dut, edo hori egiten saiatu naiz, behintzat.
Gaur egungo egoera dela-eta, kontzertuak ematea ez da erraza. Ikus-entzuleak eserita, edukiera mugatuarekin… dantzarako gogoa ematen duen musika eginda, ikus-entzuleak aguantatuko dute?
Hasieran beldur gehiago genuen, baina, gure kasuan, nahiko ondo egokitu da entzulegoa eta baita gu ere. Dantzaldiak ez daude baimenduta, baina, eszenatokian moldatu garela esango nuke. Ez da hain arraroa izan. Ordutegiari dagokionez ere, beti beranduago jo izan dugu, eta 19:00etan jotzea ordu ona da, ederki kontsumitzen dute musikazaleek ordu horretan ere, eta lehenago jotzea ondo geratu da, gu ere ez gara gaizki sentitu.
Jendeak behar du kultura eta musika garai hauetan?
Gure bezalako komunitate batek behar du etengabe kantu berritu bat, aldaera bat bere komunitatearentzat, eta noski, baita konfinamenduan ere. Aukera hauek jendeak ondo estimatzen ditu, eta guk ere beharrezko dugu gure kantu berrituak agertzeko…
Proiektu berriarekin zein asmo?
Zortea izan dut, diskoa aurkeztu ahal izan dudalako eta bideoa ere konfinamenduaren aurretik grabatu genuen. Burua eta lana hurrengo proiektuan daukat, eta, alde horretatik ez dut gaizki eraman azken diskoaren aurkezpena.
Bergarako Seminarixora gerturatuko direnentzat mezurik?
Egindako emanaldietan jendea bero ikusi dut, eta hamar musikarion arteko halako elkar ulertze interesgarri bat lortu dugula uste dut, eta emaitza polita eta bizia ateratzen dela uste dut. Beraz, bertaratzen direnak gustura irtengo direla emanaldik esango nuke.