Izan ere, hamar musikari elkartuko ditu Tapiak oholtza gainean. Tronpeta, tronboia, saxofoia, organoa, gitarra apala eta jazbana, eta koroetan, hiru ahots. Tapiarekin batera agertokian egongo dira Nerea Erbiti, Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe, Jon Celestino, Ibon Irixoa, Asier Ituarte, Txus Aranburu, Iñigo Telletxea eta Iker Uriarte.
Talde berria
Hogei urteko ibilbide diskografikoa egin ondoren talde berria sortu du Joseba Tapiak. Pare bat urte lanean, moldaketak eta partiturak josten ibili ostean, emaitza zuzenean grabatu du disko batean eta hori aurkeztu du. Musika popular berri eta duin bat proposatuko digu eta berriro trikitia hartu du gerrian. Hamar kantu zuzenean, txalo eta guzti. "Nire kezkek eta ofizioak sormenean jarri naute. Nire ahalegina kantagintza modernoa eta musika herrikoia uztartzea da. Bi mundu horietan lanean nabil aspaldian eta beste pauso bat emateko beharra ikusi dut", dio.