Aurrekontu proposamenari 13 emendakin aurkeztu dizkio Bergarako EAJk

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 28a, 13:07

Bost arlotan banatu dituzte jeltzaleek haien proposamenak: herritarren ongizatea, lurraldea, ostalaritza, kultura eta udal jarduna. "Ezin da herria gelditu, guztion ongizatea jokoan baitago" azaldu du Elena Lete bozeramaileak.

Bergarako EAJren esanetan, 2021ean helburu nagusia zaurgarritasun egoeran dauden eta egoerak gehien kaltetu dituen herritar zein sektoreak laguntzea eta babestea lehentasun nagusia izan beharko luke, baina EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proposamenean ez dute halakorik ikusi. "2020ko aurrekontuen jarraipen bat da, partida bakarra bideratu dute COVID-19aren ondorioei aurre egiteko, eta ez dago inongo proiektu estrategikorik Bergarak aurrera jarrai dezan".

Hori dela eta, hainbat zuzenketa proposamen egin dituzte jeltzaleek. Herritarren ongizateari dagokionez, alde batetik, itxita dagoen Boni Laskuraineko lokalean kalte arinak dituzten bergararrentzat eguneko zentroa egokitzea, 250.000 euroko partida zehaztuz. "Udalaren menpe egongo litzateke zerbitzua, eta kopurua kudeaketarako izango litzateke". Bestetik, 2021ean jaiotakoei laguntzeko programa. "EH Bilduk ez du aurreikusten hori garatzerik, horretarako konpromisoa hartu zuen arren. Aurreko urtean esan genuen moduan, beharrezkoa ikusten ditugu diru laguntza hauek, izan ere, Bergarako jaiotza tasak beherantz doaz azken urteetan". Azkenik, hileta zibiletarako gune bat sortzea proposatu dute. "Ezinbestekotzat" jo dute, eta 80.000 euro bideratuko lituzkete horretara.

Ondarea baliostea

Bergarako EAJk "argi" dauka herriko ondarea kontserbatzea eta balioestea Udalari dagokiola. Hala, elizarekin hitzarmen bat sinatzea proposatzen dute, San Pedroko gaingak bisitatzeko moduan egoteko, horretara 40.000 euro bideratuz. Bestalde, Santa Marinako zubiaren argiztapenera 7.000 euro bideratuko lituzkete. 

Horrez gain, Zubieta auzoa eraberritzeko falta diren bi faseak egiteko beharrezko baliabide ekonomikoak ezartzea proposatzen dute. "Honekin batera, pasa den urtean adostutako planifikazioa betetzea, alegia, parkina eta Zubietaren exekuzioak elkarrekin koordinatuta joan daitezen. Udal Gobernuak Zubieta eraberritzeko 500.000 euro aurreikusi ditu eta oinezkoen ibilbideak konpontzeko ere ez da iristen horrekin. Bizi dugun osasun krisiak ezin du herriaren garapena geratu". Parkinaren proiektua garatzeko 700.000 euro erabiliko lituzkete.

Azkenik, Boluko malda egonkortzeko idatzita dagoen proiektua exekutatzea eta Martokoa eraberritzeko proiektua garatzea eskatzen dute jeltzaleek, eta 2022rako konpromisoa hartzea proiektuaren zati bat exekutatzeko (80.000 euro).

Ostalaritzari laguntzak

Ostalaritzari dagokionez, karpak edo estalpeak ipintzeko dirulaguntza zuzenak ematea proposatzen dute. "Estalpea ezartzea suposatuko duen inbertsioaren % 25a udalak asumitzea proposatzen dugu".  200.000 euro bideratuko lituzkete horra.

Kultura bultzatzeko konpromisoa

Kultura arloan, Arrizuriaga Factory proiektuaren idazketa garatzen hasteko partida zehaztea proposatzen dute. "Kultura jardueren motorra bertan kokatzea eskatzen dugu, partaidetza zabal baten bidez garatzeko proiektua, 80.000 euroko partidarekin". Era berean, "ezinbestekotzat" dute Laboratoriumeko partidak mantendu edota igotzea.

Batzordeetan ere bideo aktak

Ohiko bilkuretan duela ia 3 urte hasi ziren bideo aktak erabiltzen, eta orain batzordeetan ere txertatzea eskatzen dute jeltzaleek, "gardentasuna eta eraginkortasuna bermatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak