'Urretxutik Mundura' ikuskizuna Seminarixora, Bergarako ukitu bereziarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko abe. 17a, 17:18

Marije Ugalde soprano bergararra, Isabel Lacar eta Xabier Barriolarekin batera, Donostiako Trinitate plazako estreinaldian. Argazkia: EITB.

'Urretxutik mundura' ikuskizuna helduko da zapatuan, abenduak 19, Seminarixora (19:00), duela 200 urte Urretxun jaiotako Jose Maria Iparragirre omentzea helburu duena. Gorka Hermosaren lana du oinarri obrak eta, tartean, Marije Ugalde soprano bergararrak hartuko du parte.

Gabonetako kontzertua egiteko aukerarik ez izateak utziko duen hutsunea, hein batean bada ere, betetzeko asmoz dator Urretxutik mundura ikuskizuna Bergarara. Zapatuan, abenduak 19, izango da emanaldia, Seminarixoan (19:00). Duela 200 urte Urretxun jaiotako Jose Maria Iparragirre musikagilearen omenez Urretxuko Udalak Gorka Hermosa musikari urretxuarrari enkargatutako Urretxutik mundura obra handia da proiektu honen muina. Iparragirreren melodia ezagunenen orkestrazioa eta haren obrak fusionatu ditu Hermosak; Hermosarekin batera, Jon Maia bertsolari urretxuarra eta Lau Haizeetara ahots laukotea izango dira, besteak beste.

Seminarixora egokituta

Marije Ugalde bergararra da, hain zuzen, Lau Haizeetara taldeko sopranoa, eta dio "oso pozik eta sekulako ilusioz" dagoela halako obra bat bere herrian interpretatzeko aukera izango duelako: "Oso berezia da niretako, ilusio handiz igoko naiz agertokira. Donostiako estreinaldia formatu handian egin genuen, orkestra txiki batekin eta abesbatza handi batekin. Orduan, bakarlari aritu nintzen beste hiru abeslariekin batera [Isabel Lacar, Xabier Barriola eta Pablo Azpeitia]; Seminarixoan, ordea, ez da orkestrarik eta korurik izango, eta bakarlariok kantatu beharko dugu abesbatzaren partea ere".

Ugalde: "Oso obra berezia da"

Atzean abesbatzarik ez izatea erronka handiagoa dela aitortu du Ugaldek, eta Iparragirreren pieza horiek abesteko zailak direla ere badio: "Erronka handia izango da, obra konplexua delako. Hala ere, entzuleak berehala igarriko du Iparragirreren abestiak direla".

Ugalderi bereziki gustatzen zaion obra da: "Hermosaren akordeoiak protagonismo handia dauka, eta, ni ere akordeoi-jolea naizenez, asko gustatzen zait hori. Horri gehitu behar badiogu Iparragirreren abestiak direla eta umetan etxean entzundako abestiak ekartzen dizkidala gogora... Oso obra berezia da niretzat". Seminarixoko akustika ez da onena, Ugalderen ustez: "Abesteko nahiko lehorra da eta entzuleengana behar den moduan heltzeko ahotsa anplifikatzeko bitartekoak beharko ditugu; eskolako emanaldietan ere egin izan dugu".

Bigarren emanaldia

Urretxutik mundura ikuskizuna Donostiako Trinitate plazan irailaren 12an estreinatu ostean, hurrengo emanaldia izango da Seminarixokoa, zapatuan (19:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak