Bergarako Gabonetako kontzertua ere isilarazi du pandemiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko abe. 11a, 14:08

Iazko Gabonetako kontzertua, Enrike Txurrukak lehen aldiz zuzendua. Argazkia: Angel Ezkurra.

Gabonetako egitarauaren barruan hainbat bergararrentzat kultura hitzordu kutunena izan ohi zen Gabonetako kontzertua ere ez da egingo aurten; Enrike Txurrukak aitortu du egoera latza dela: "Ez gara profesionalak, eta behar ditugu gozatzeko emanaldiak".

Eguazten iluntzean Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi zuenez, orain arte ezagutu ez diren Gabonak biziko dira EAEn. Kaleko ekitaldiei dagokienez, Olentzerok eta Mari Domingik ez diete harrerarik egingo umeei –gutun bana jasoko dute etxean 2011 eta 2019. urteen artean jaiotako umeek– eta errege desfilerik ere ez da izango, besteak beste.

Ezinezkoa 200 musikari batzea

Bergaran Gabonetako klasiko bat den ekitaldi bat badago, hori Bergarako Musika Bandak, Aritzeta abesbatzak, orkestrak eta orfeoiak urtero eskaini ohi duten Gabonetako kontzertua izaten da. Aurten hori ere ez da egingo eta bandako zuzendari Enrike Txurrukak aitortu du erabakia aspaldi barneratuta zutela: "Egoera epidemiologikoak eta legeak ahalbidetuko balu ere, kasurik onenean, ez liguke denborarik emango kontzertu berezi hori ganoraz prestatzeko. Ezinezkoa da astebetean Gabonetako kontzertu bat prestatzea; gu musikari amateurrak gara, ez gara profesionalak. Pandemia betean, udal pilotalekuko oholtzan 200 musikari eta abeslari elkartzea eta harmailetan 900 ikus-entzule egotea ezinezkoa da".

Pandemiak eragindako nekea

Gabonetako kontzertua urteko kultura hitzordua kutunetako bat izaten da hainbat bergararrendako eta musikari zein abeslariendako zita oso garrantzitsua izaten da. "Esandako moduan, gu musikari amateurrak gara eta zaletasunagatik elkartu ohi gara urte osoan entseatzeko eta jotzeko. Gabonetako kontzertua gozatzeko eguna izaten da, talde ezberdinak elkarrekin egotekoa eta emanaldiaz ikusleekin batera disfrutatzekoa. Urte osoko lana eta sakrifizioa dago atzetik eta musikariok behar izaten dugu aurretik egindako lanaz gozatu. Pandemiak aurten ez digu gozatzeko aukerarik eman eta nekea igartzen da, hein baten, behintzat, banda barruan".

Aratusteetako kontzerturik ere ez

2021era begirako kontzertuez galdetuta, Txurrukak aitortu du nahiago duela ezer ez aurreratu, egoera "oso aldakorra" dela ikusita. Aratusteetakoa egingo ez dela barneratuta, hileroko kontzertuetan du arreta jarrita: "Hilez hil ikusiko dugu egoera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak