Toledoko itunean eman diren "murrizketen" aurka, kaleak hartu dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko abe. 5a, 13:55

Hotzari eta euriari aurre eginez, pentsionistak kalera irten dira gaur Debagoieneko hainbat herritan. Toledoko itunaren murrizketen aurka egin dute manifestazioa, segurtasun neurri guztiak errespetatuta betiere. Uste dute, besteak beste, Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dutela "gezur handia" dela gizarte-segurantza publikoa defendaezina dela, eta hor ikusten dela sistema mantentzeaz bestelako helburuetarako erabili direla funtsak.

Bergarako erretiratuen eta pentsionistekin batera, beste hainbat herritar ere batu dira protestara. Batzordeko Itziar Usandizagak dio "itxaropen handia" zutela jarrita Toledoko itunean: "Itxaropen handia jarrita genuen, gure egoera hobetzeko hobekuntzak espero genituelako. Baina orain murrizketa handiekin aurkitu gara". 2010eko eta 2012ko lan-erreformak baliogabetu ez izana bereziki larria ikusten du Usandizagak. "Pentsioen igoera oso eskasa da oro har eta egoera okerrenean daudenei igoera altuagoa izan da ere, oso pentsio baxuekin geratuko dira. Eta ezin dugu ahaztu alargunen egoera... Horregatik, tinko, irmo eta ozen aldarrikatzera gatoz Toledoko itunak aintzat hartu behar gaituela; gure aldarrikapenak minimoak dira", gaineratu du.

Bergarako manifestazioaren hasiera, Bidekurutzeta kalean barrena

Toledoko Itunean hobekuntzak behar dituztela berretsi dute: "Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dute orain arte esaten zigutena, Gizarte Segurantza Publikoa bideragarri ezina dela eta pentsioak KPIren arabera igotzea ezinezkoa dela. Diskurtso hori era maltzurrean puztu dute botere ekonomiko handiek, eta, aldi berean, pentsio indibidual edo kolektiboen funts pribatuak bultzatzea proposatu dute. Sakoneko erreforma fiskala behar dugu, benetan sarrera handienak dituztenek gehiago ordain dezaten".

Arrasaten ere hainbat herritar elkartu ziren.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa

Aldarrikapenen artean 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen dute baina badituzte beste eskaera batzuk ere: "40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakalarekin amaitzeko neurriak, edo alarguntza-pentsioaren oinarri arautzailea %100eraino igotzea, diru-sarreren iturri bakar gisa".

Etorkizunerako borroka

Gaur egungo eskaerak etorkizunera begirakoak ere badirela nabarmendu dute: "Gure pentsiodun eta erretiratuentzat nahi ditugun konponbideak, denontzako nahi ditugu. Oraingo eta baita etorkizunerako ere, gaurko pentsiodun eta jubilatuentzat eta baita gure oinordekoak izango direnentzat".

Oñatiko manifestazioaren hasiera.

Gipuzkoako 18 herritan

Arrasaten, Oñatin eta Antzuolan ere egin dituzte manifestazioak Debagoienean eta Gipuzkoan, guztira, 18 herritan irten dira kalera erretiratu eta pentsiodunak. Adierazi dute euren eskaerak aintzat hartu arte kalera irteten jarraituko dutela.

Antzuolan 70 bat herritar elkartu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak