Online zerbitzuari esker, inoizko zabalpenik handiena izan dute ZTB jardunaldiek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 20a, 11:59

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiek eman dutenarekin oso pozik daude Bergarako Udaleko eta Laboratorium museoko ordezkariak. Ekitaldi kopurua murriztu egin den arren, inoizko zabalpenik handiena izan du bosgarren edizioak, zenbakiek diotenez.  Izan ere, aurten 1.825 herritar izan dira modu batean edo bestean jardunaldion eskaintzarekin bat egin dutenak. 

COVID-19aren ondorioz jende multzo handiak ezin direnez batu, ikastaroak eta hitzaldiak online eskaintzea erabaki zen eta horrek modu positiboan eragin du hedapenean. Jardunaldiak amaituta ere, saio horiek ikusgai daude ztbergara.eus webgunean.

Eta ez hori bakarrik, pandemiak edukietan ere eragin zuzena izan du. "2020a landareen osasunaren nazioarteko urtea denez, hasiera baten uste genuen aurtengo jardunaldien ardatza gai hori izango zela. Baina COVID-19ak eraginda, gaia aldatu behar izan genuen eta digitalizazioari eman genion protagonismoa, adibidez", adierazi du Laboratorium museoko arduradun Rosa Errazkinek.

Ikasleen presentzia

Uztailean abiatutako jardunaldiotan askotarikoa izan da eskaintza. Saioren bat nabarmentzearren,  hezkuntza-eskaintzari dagokionez, aurten goizetako hitzaldietan parte hartzeko aukera eman zaie ikasleei. CO2-aren inguruko Susana Perezen hitzaldian gazte batzuk parte hartu zuten Seminarixoan eta beste askok online jarraitu zuten ikastetxeetatik bertatik. Oso gai interesgarriak eta erabilgarriak izan direla adierazi dute Nafarroako, Bizkaiko eta Bergarako ikastetxeetako arduradun batzuk.

Ekitaldi bat atzeratu eta beste bat suspenditu

Jarduera bakarra atzeratu da, ilustrazio zientifikoaren ikastaroa abenduan egingo delako eta saio bakarra utzi dute bertan behera, azaroaren 26an Telesforo Aranzadi protagonista izango zuena. Aurreikusitako saio guztiak egiterik ez da egon, baina antolatzaileek argi dute honezkero ospe bat lortu duten jardunaldi hauetan asmatu dutela pandemiari aurre egiten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak