Bergarako ostalarien manifestazioa, "kriminalizatuak" sentitu direlako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 19a, 16:38

Bergarako ostalarien ordezkaritza bat Irala kalean, zapatuko manifestaziorako dei egiten. Argazkia: Bergarako ostalariak.

Bergarako ostalariak protestan irtengo dira etzi, azaroak 21, San Martin plazatik (18:00). Eusko Jaurlaritzak azaroaren 7an ateak berriro ere ixtera behartu ostean, "egoera dramatikoa" bizi dutela adierazi dute: "Nork ordainduko du bigarren itxiera hau? Ostalariok berriro?". Jaurlaritzak ostalariendako iragarri dituen laguntzak gaurtik eska daitezke, abenduaren 10era arte.

Azaroaren 7an ateak itxi behar izan zituzten berriro, COVID19aren kutsatze datuek okerrera egin eta Jaurlaritzak behartuta. Eta ordutik "amesgaiztoa" bizi dute. Pandemiaren hasierako itxialdiak "min handia" egin bazien, bigarren honek "egoera dramatikoan" utzi ditu Bergarako ostalariak.

Egoeraren zailtasuna ikusita, herriko ostalari guztiek –edo gehienak, behintzat– batzea erabaki dute, batasunak indar handiagoa emango diela sinistuta, eta manifestazioa deitu dute biharko, azaroak 21, San Martin plazatik irtenda (18:00). Aurreratu dute banatzaileen kamioiren bat ere batuko dela protestara, itxierak tabernariei ez ezik banatzaileei ere zuzenean eragiten dielako, besteak beste.

Herritarrak ere deitu dituzte zapatuko manifestazioan parte hartzera.

"Sektore kriminalizatua gara"

Manifestazioa deitzeko hainbat arrazoi dituztela adierazi dute eta herritarrei ere eskatu diete protestara batzeko. Besteak beste, sektore kriminalizatua izan direla sentitzen dute, eta ez daude gertu hori onartzeko: "Ez dugu onartzen ostalaritzaren aurka abiatu duten kriminalizazio kanpaina, alarma egoeran ezarritako arau guzti-guztiak errespetatu eta bermatu direlako".

Bergarako kasuan, diotenez, ez dago frogatuta agerraldirik izan denik taberna edo jatetxeren baten: "Ze datu edo informazio dago ostalaritza guztiz ixteko? Itxierara kondenatu duten sektore bakarra izan da ostalaritzarena. Bigarren mailako sektorea garela ulertu behar dugu? Nork ordainduko du bigarren itxiera hau? Ostalariok, beste behin ere?", galdegin dute. Eta beste galdera bat ere badute agintariei zuzendutakoa: "Agintariei urte luzez bete zaie ahoa Euskal Herriko ostalaritzaren maila eta erakargarritasuna mundu mailako onenetakoa dela esanez, lan eta dedikazio askokin lortutako fruitua dela. Non dago euren laguntza gehien behar ditugunean?".

Udal Gobernuarekin batzarrak

Bergarako ostalariak orain gutxi hasi dira modu antolatuan elkartzen, eta dagoeneko egin dituzte pare bat bilera Udal Gobernuko ordezkariekin; oraingoz, bilerok elkar entzuteko baliatu izan dituzte, bereziki, eta asmoa dute elkartzen jarraitzeko. Udalak ez dizkie zergak eta terrazen tasak kobratuko bigarren itxialdi honetan ere, eta, plan integralaren aurkezpenean adierazi zutenez, Gobernua aztertzen ari da ze beste laguntza eskaini: "Badakigu sektore oso garrantzitsua dela Bergararentzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak