Bergarako Sortu: "Diru publikoa, herritarrona, herritarrontzat izan behar da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 17a, 11:31

Bergarako Sortuk, LABek eta Ernaik mobilizazioak egin dituzte joan den asteburuan zehar, aldarrikapen orokor batekin: "Diru publikoa, herritarron dirua, herritarrontzat izan behar da. Egoera jasanezina da". Duela bi asteburu egindako giza kateari auto karabana eta "ekintza koloretsua" batu zaizkio asteburu honetan. Eta iragarri dute datozen egunotan herriko pentsionistek eta mugimendu feministak antolatu dituzten mobilizazioekin bat egiten dutela.

Bergarako Sortuk ohar bidez dioenez, "oso oinarrizkoa" dirudien aldarrikapen batekin atera behar izan dira kalera: "Zergatik? Pandemiak krisi ekonomiko eta soziala areagotu duelako, Eusko Jaurlaritzaren murrizketak jasan ondoren zerbitzu publiko eta sozialak oso egoera kaskarrean daudelako: ospitaleak eta Bergarako anbulatorioa gainezka daude langile faltagatik; EAEko zein Bergarako ikastetxeak nekez ari dira lanean langile faltagatik eta ratioak handiegiak dira; Jaurlaritzaren konpetentzia diren komertzio eta bereziki ostalariak egoera larrian daude itxita eta ia laguntzak jaso gabe; pentsionistek bere miseriazko pentsioekin jarraitzen dute eta langabezia estrukturala bilakatu da ehunka bergararrentzat; erresidentziako  langileak borrokan daude, sektore feminizatu hau pribatizatu eta prekarietatera eroan du Jaurlaritzak; ehunka bergarar dira bi astean behin elikagai bankura jotzen dutenak jatekorik ez dutelako; etxebizitzen alokairuaren prezioa mugatzeari ezetz esan dio EAJk Gasteizko parlamentuan; eta Europako diru laguntzak irabaziak pilatzen ari diren multinazionalei –Iberdrola, Petronor…– eta AHTra bideratzea proposatu dute".

"Bergara bizirik behar dugu"

Sortuk uste du egoera jasanezina dela eta horretarako antolatu dituzte mobilizazioak. "Bergara bizirik behar dugu: zerbitzu publiko eta sozial indartsuekin; merkataritza eta ostalaritza bizi batekin; langabetuen, langileen, gazteen eta pentsionisten bizitza duinak bermatzeko laguntzekin; alokairu sozial bultzatuz eta prezioak mugatuz. Horregatik diru publikoa, herritarron dirua herritarron mesedetan erabiltzeko eskatzen jarraituko dugu, mobilizatuz eta alternatibak plazaratuz", gaineratu dute. Amaitzeko, herriko pentsionistek eta mugimendu feministak hurrengo egun eta asteotarako antolatu dituzten mobilizazioekin bat egiten dutela adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak