Bergarako Plan Orokorrari bigarren aldaketa egitea dagokio

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 5a, 18:01

2009koa da gaur egun indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), eta 2012an egin zitzaion lehen moldaketa puntuala; zortzi "aldaketa txiki" proposatzen ditu Udalak eta horietatik bost aldez aurretik adostutako hitzarmenei daude lotuta. Aldaketa horiek 2021 bukaerarako indarrean egotea espero du Udal Gobernuak.

2012tik aldaketarik izan ez duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa batzuk egitea aurreikusten du Udalak. Bergarako lurraldearen antolakuntza orokorra ezartzen duen araua da HAPO, eta plan horrek ahalbideratzen du herriko lurrei eman nahi zaien erabilera orekatua: landa-eremuaren, herritarren, industriaren eta zerbitzuen elkarbizitza, besteak beste. 2009an onartu zen Plan Orokorra Bergaran, 2012an lehen aldaketa egin zen, eta orain, bigarrena egitea tokatzen da.

Martitzenean egin zuten aurkezpena Seminarixoan, herritarren iritziak eta ekarpenak jaso ahal izateko.

Udalaren arabera, "aldaketa puntualak eta txikiak" dira proposatzen direnak, aldaketa sakonagoek Udala HAPO berrikustera behartzen duelako legeak.

Bost aldaketa hitzarmenei lotuta

Martitzenean Seminarixoan egin zuten aurreikusten diren zortzi aldaketen aurkezpena, herritarren ekarpenak jaso ahal izateko saioa. Zortzi aldaketa proposatzen dira: lehena da San Juan auzoko industrialdearen ondoko berdegune bati sailkapen berria ematea, urbanizaezina izateko.

Bigarren aldaketa da Amillaga kalean, gaur egun Soraluce kooperatiba dagoen lursail industrialean, merkataritza-erabilera ahalbidetzea. Gogora ekarri behar da udalbatzak 2019ko otsaileko ezohiko osoko bilkura batean onartu zuela hitzarmena Soraluce enpresarekin, bertan Lidl supermerkatu bat irekitzeko.

Hirugarren aldaketa da Ernai kalean etxebizitzetako sabai eraikigarri gehiago ahalbidetzea, etxebizitza libreetarako zein babes ofizialeko etxebizitzetarako; udalbatzak 2019ko martxoko ohiko osoko bilkuran onartu zuen hitzarmena Urartetxe enpresarekin, besteak beste, eguneko zentro berria egokitzeko.

Laugarren aldaketa da Agorrosingo futbol zelaiaren eta San Martin eskolaren arteko lur eremuari eskola-erabileraren izendapena kendu eta kirol-erabilerarako izendapena berreskuratzea.

Bosgarren aldaketa da San Antonioko lehen zenbakiaren orubean antolamendu berria eta eraikuntza-parametro berriak onartzea. Seigarren aldaketan Udalak proposatzen du hirigune historikoaren eremua handitzea, Errekalde jauregiko lorategiko lur guztiak barnean hartzeko.

Eta proposatzen diren azken aldaketen artean dago, besteak beste, Askarruntzeko industrialdean jarduera baten handitzea ahalbidetzea.

Nagore Iñurrategi, Udal Gobernuaren bozeramailea: "2021 bukaerarako indarrean espero ditugu aldaketok"

Pandemian aurkeztu diezue HAPO herritarrei. Zergatik?

Pandemiara egokituta baina egin genuen, uste dugulako garrantzitsua dela herritarren ekarpenak jasotzea. Galdera gehienak orain hizpide ditugun aldaketetatik kanpo egon ziren, baina aintzat hartzen ditugu hurrengo berrikuspenetarako. Halako saioak eta foroak beharrezkoak dira, herritarrei urrun geratzen zaizkien gaiak gerturatzeko badira ere.

Ze urrats egitea tokatzen da orain? Noiz egongo dira aldaketa hauek indarrean?

Datorren astean, Hirigintzako aholkulari batzordea deituko dugu; gero, udalbatzak onartu beharko du osoko bilkuran, eta 45 egunez jendaurrean jarriko da, alegazioetarako. Beste administrazio batzuen eskaeren menpe egon gaitezke, baina, dena ondo bidean, 2021. urte bukaerarako aldaketa hauek indarrean egotea espero dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak