Abenduan aurkeztu nahi du hirugarren eta azken liburua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 23a, 10:32

Patxi Larrañagak amaitu du Abizenak, leinuak eta oinetxeak liburuaren hirugarren eta azken zatia, 'i' hizkitik 'z' hizkira arteko abizenak dituena protagonista; COVID-19agatik Udalarekin adostu nahi du nola egin aurkezpena, baina abenduan izatea nahiko luke.

"Denok behar dugu zaletasunen bat bizitzari zukua ateratzeko, eta hau da nire pasioa, paperen artean beti aurkitzen dut-eta ezustekoren bat". Hitz horiekin eta amaitu berri duen Abizenak, leinuak eta oinetxeak liburuaren hirugarren zatia eskuetan duela azaldu du Patxi Larrañagak (Soraluze, 1948) zergatik igarotzen dituen horrenbeste ordu iraganeko kontuak arakatzen.

Bergarako baserriak ikertzen ditu, minusbaliotasun bategatik erretiratu zenetik; izan ere, ezaguna eta aspaldikoa da Larrañagaren Bergarako baserriekiko interesa eta haien berri gehiago jakiteko eta zabaltzeko egindako lana. Horren isla da Bergarako baserriak izenburupean Interneten duen ataria, eta, hori abiapuntu hartuta, baserri horietako zenbaitek duten ezaugarrietan arreta jarri eta liburuan batzeko lan egin du azken urteotan.

Baserriaren bueltako bitxikeriak

Liburuaren hirugarren zatiak ere oinetxeen eta mendeetan zehar hura bizitoki izandako leinuaren gaineko informazioa eta bitxikeriak jasotzen ditu. Alfabetikoki landu ditu Larrañagak baserri horiek guztiak, eta baditu lokalizatuta Bergaran 400 bat baserri. Hirugarren honetan, i eta z hizkien arteko abizenen berri jasoko du irakurleak; liburuan, garai bakoitzaren, bizimoduaren, eta abarren berri eman dezaketen bitxikeriak aipatzen ditu historia ikerlariak.

"Arbasoak auzitan zeuden beti"

Abizenari garrantzi handia ematen zitzaion garaiak izanda ere, Larrañagak dio deigarria dela familiako kideen arteko auzietarako –"pleitoetarako"– nolako joera zegoen: "Estupro-auzi asko ageri dira Oñatiko protokoloen artxiboan. Hau da, nahiko ohikoa zen gizonak emakumeari ezkontzeko eskatu, narrutan egin eta haurdun utzi ostean, emaztea umearekin bakarrik uztea. Orduan, emaztearen familiak umearen mantenurako dirua exijitzen zion gizonari...".

Abenduan aurkeztu nahiko luke

Hainbat bitxikeria aurkitu ahalko dira aurtengo maiatzean aurkeztekoa zen liburuan; COVID-19ak hankaz gora jarri zituen Larrañagaren asmoak: "Maiatzerako dena nuen prest, baina pandemia agertu zen. Hilabeteak pasatu dira ordutik, eta berandu izan baino lehen aurkeztu nahiko nuke jendaurrean. Non eta nola? Ez dakit, Udalarekin berba egin behar dut lehenago".

Aurreko bi liburuek, ikusmin handia

2017ko uztailaren 1ean eta 2018ko azaroaren 29an izan ziren beste bi aurkezpenak eta goraino bete zen udaletxeko areto nagusia. "Asko dira euren arbasoen berri izan nahi dutenak; liburuak hainbat datu eskaintzen ditu. Eskaera horietako asko Amerikatik heltzen zaizkit".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak