Erreka Egun jendetsua Bergaran, gaiaren inguruko sentsibilizazio altuaren erakusgarri

Miren Arregi Amasorrain 2020ko urr. 17a, 17:45

Deba Ibaia asko hazi da azken egunetan eta ondorioz gaur ez dute erreka beste urte batzuetan bezala garbitu. Hala ere, zikin dezente atera dute erreka bazterretatik eta baita errekatik bertatik ere.

170 bat lagunek zuten izena emanda urteroko erreka garbiketan. Baina ibaiaren emaria asko hazi dela ikusirik, formatua aldatu dute antolatzaileek. Seminarioko patioan eta Labegaraietako kiroldegian elkartu dira goizean parte hartzaileak eta handik inguruko errekak bisitatu dituzte, taldetan banatuta: Abrain, San Juan, Arane, Angiozar eta Deba Ibaiaren Mekolalde-Osintxu eta Labegaraieta-San Prudentzio-Epele zatiak. Beti Bustiko kideak piraguatan sartu dira Deba ibaian eta ahal izan duten neurrian barrutik garbitu dute erreka.

Hiru helburu nagusi izan ditu gaurko Erreka Egunak. Lehena, Deba Ibaiaren zati desberdinen identifikazioa eta diagnostikoa egitea, zati horietan dauden traba eta zikinen gainekoa, bai eta landarediari dagozkienak ere. Bigarrena, inguruko errekak ezagutu eta sentsibilizazioa lantzea eta hirugarrena, "oraindik orain, erakunde publiko ezberdinek ibaiaren berreskurapenari lotutako etxeko lanak egiteke dituztela ozen adieraztea".

Taldekako ibilaldien ostean, Deba Ibaiaren ekosistemaz eta berreskurapenaz  berba egin du aditu banak, Usondo parkean eta Labegaraietan. Kiko Alvarez biologoak Labegaraietan egindako hitzaldian azaldu du, "uraren kalitatea hobetu" egin dela Deba Ibaian, baina, "ekosistema ez dagoela onenean, besteak beste, landare inbaditzaile asko" dagoelako.

Hitzaldien ostean, Erreka Batzordeko kideek manifestua irakurri dute eta Errekaren Aldeko talde argazkia atera dute. Manifestuan, Deba ibiaren Epele-Osintxu arteko saneamenduari nahiz landaretza eta trabak kentzeari buruzko hiru zeregin konkretuak jaso dituzte: "Antzuola eta Elgetako herrietako etxeetako Deba Ibaira zuzenean isurtzen diren ur zikinak arazteko kolektorera lotzea, aspalditik pendiente dagoen zeregina; saneamenduarekin jarraituz Bergarako herrian ere etxeetako ur zikinen puntu batzuk lotzeko lanak egitea" eta hirugarrena, "ur agentziari eskatu landare inbasoreekin zein arrainendako traba diren aurreko hamarkadatan egindako hormigoizko presa eta bideraketekin egin ditzala beharrezkoak diren esku-hartzeak, berriz ere erreka natural eta bizia izan arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak