Oscar Candendo: "Niretzat hunkigarria da Bergaran aritzea"

Jone Olabarria 2020ko urr. 16a, 13:11

Ana otxoa sopranoarekin batera eskainiko du emanaldia oscar Candendo organo-jole antzuolarrak. XXI. Organo Erromantikoaren Zikloaren baitan izango da bihar Bergaran.

Antzuolarra jaiotzez, herriko elizan zegoen organoan egin zituen Oscar Candendok egun ofizio duen arloan lehen pausoak. Gaur-gaurkoz, Bartzelonan organo irakaslea da, baita Artzain Onaren parrokiako organo jotzailea ere. Organo Erromantikoaren XXI. Zikloaren baitan, emanaldia eskainiko du bihar antzuolarrak, Bergarako Santa Marina parrokian. Ana Otxoa sopranoarekin batera arituko da, 20:00etan hasita.

Bailaran bertan egin zenituen musika arloko lehen ikasketak...

Mutiko guztiak herriko organo jotzailearengana joaten ginen Antzuolan, solfeoa ikastera. On Simon zenarengandik jaso ni-tuen musika arloko lehen eskolak, eta, ostean, Bergaran ikasi nuen, egun Mariaren Lagundia denean. Hainbat mojak formakuntza bikaina zuten musikan, eta bertan ikasi nuen pianoa. 10 urte nituela Donostiara joan ginen bizitzera familia osoa, eta bertako Santa Maria amaren basilikan ikasi nuen organoa, Jose Manuel Azkueren eskutik; Espainian zegoen organo jotzaile onenetakoa zen. Zorte handia daukagu Gipuzkoan, maila handiko musikarien lekua da eta.

Ostean, Donostiatik kanpo egin zenituen organo ikasketak...

Karrera ofiziala Frantzian eta Alemanian egin dut. Hala ere, Montserrat Torrent organo irakasle kataluniarrarekin ere aritu naiz ikasketak egiten.

Zer-nolako lana da organo jotzailearena?

Ia organo guztiak elizetan daude, eta horrek ondarea ezagutzeko aukera izugarria eskaintzen dizu. Niretzat oso lan polita da, artearekin harreman estua dugu; katedral ezagun eta preziatuenetan jotzeko eta beren arkitektura, pinturak ezagutzeko aukera ematen dit ofizio honek.

Zapatuan Santa Marina parrokian izango zara; zer moduzkoa da?

Bergarak duen ondarea oso aberatsa da: elizak, jauregiak, dorretxeak... Zoragarria iruditzen zait. Gaztea nintzenean ez nuen hain polit gogoratzen, dena ilunagoa zen, baina urte gutxian buelta ematea lortu du herriak. Santa Marinari dagokionez, iluminazio bereziko parrokia dela iruditzen zait; asko igartzen da argitasunaren gorabehera bertan, nola sartzen den barrura arte argia.

Hainbatetan egon zara Organo Erromantikoaren Zikloaren baitan Bergaran. Zer garrantzi du?

Nik harreman estua dut herriarekin, niretzat beti da hunkigarria Bergaran aritzea. Egia da San Pedroko organoa jotzea dela kasu honetan organo jole guztiok nahiko genukeena, baina, tamalez, une honetan ez dago erabilgarri. Beti diot Santa Marinako organoak duen arazo bakarra dela San Pedrokoa ondoan duela. Santa Marinako organoa beste edozein lekutan balego, ikaragarria zela esango genuke, baina, kasu honetan, herriko beste parrokiako organoak itzala egiten diola iruditzen zait.

Zapatuko kontzertuaren kasuan, zer entzungo du gerturatzen denak?

Ana Otxoa abeslari sopranoa eta ni programa erakargarria prestatzen saiatu gara; hori zen asmoa, behintzat. Guretzat ere ez da programa zaila prestatu duguna, eta, entzuleari dagokionez ere, publiko guztientzat zuzendua da, baina, aldi berean, kalitatezko musikarien sorkuntzak dira. Bidelagun izango dudan Ana Otxoa sopranoari dagokionez, oso ona da.

Nolako harrera izaten dute zikloaren baitako kontzertuek?

Joan den zapatuan, antzerako saio bat eskaini genuen Azkoitian, eta oso harrera ona izan zuen, publikoa pozik geratu zen. Nik oso gustura lantzen ditudan programak izaten dira, eta publikoak ere eskertzen ditu.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak