Atzo egin zuten, Azkoitian, 21. Organo Erromantikoaren Zikloaren aurkezpena, eta horren baitan hainbat emanaldi egongo dira gozagai Bergarako Santa Marina parrokian urrian. Bergarako, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek Fray Joseph de Echevarria organoaren adiskideen elkartearekin elkarlanean urtero antolatzen dute Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa, duela 21 urtetik. Ekimenaren helburua "organoari balioa ematea" dela azaldu dute zikloaren aurkezpenean, eta, hala, "organo jole handiak" entzuteko aukera izango da.
Pandemiak eragindako kalteak tartean izanda ere, Nazioarteko Organo Zikloarekin hartutako konpromisoarekin aurrera egitea erabaki dute, nahiz eta, hori bai, segurtasun neurri bereziekin izan.
Egitarau oparoa
Bergarari dagokionez, hiru emanaldi daude aurreikusita Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren 21. aldiaren baitan, guztiak urriko zapatuetan, 20:00etan, Santa Marina parrokian. Bihar egingo dute lehena, eta Aitor Olea arituko da, Bergarako haur abesbatzarekin batera. Alazne Jauregi ere arituko da, bakarlari, emanaldian.
Eta urriaren 10ean eta 17an egingo dituzte hurrengo kontzertuak; Mikel Ansola organista eta Akelarre abesbatza arituko dira bi aste barru, eta ostean iritsiko da Oscar Candedo organista antzuolarraren txanda, Ana Otxoa sopranoarekin batera.
Azkoitian eta Loiolan ere bai
Organo zikloaren baitako gainerako kontzertuak, aurreko edizioetan egin bezala, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian eta Azpeitiko Loiolako basilikan egingo dituzte, denak ere urrian. Euskal panoramako organista eta abesbatza ezagunenak ikusteko aukera egongo da.