Borroka antinuklearraren sorreraz Seminarixoan, nazioarteko eta Debagoieneko prismatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 24a, 15:29

Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentalaren emanaldia aprobetxatu zuten Udalak, Bergara Bizirik-ek eta ZinemaOn taldeak, duela 40 urteko zentral nuklearren aurkako borrokaz aritzeko, Bergaran eta eskualde osoan egin zena ere aintzat hartuta. 60 bat lagun elkartu ziren Seminarixoan.

Pandemiagatik martxoko emanaldia suspenditu ostean, eguazten iluntzean heldu zen Bergarako Seminarixora Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentala. Udalaren, Bergara Bizirik-en eta ZinemaOn taldearen arteko elkarlanari esker heldu da borroka antinuklearra kontatzen duen lana Bergarara. Bergarako emanaldian izan ziren Bertha Gaztelumendi dokumentaleko zuzendaria, Sabino Ormazabal gidoilaria eta Bergarakoa den Silvia Mendibil ekoizlea; Bergara Bizirik taldeko Iñaki Madinabeitiak bertako errealitatea kontatu zuen.

Hiru zentral nuklear euskal kostan

1980ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren Lemoizko, EAko eta Debako hiru zentralez gain, Arguedasen beste bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka egiteko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli; manifestazio baketsu hartan, guardia zibil baten tiroak erail zuen. Filmak orduko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egiten du.

Oso harrera ona Euskal Herrian

Euskal Herrian zehar 40 bat emanaldi egin dituzte dagoeneko. Bertha Gaztelumendi zuzendariak dioenez, espero baino harrera beroagoa izan du: "Akaso, gaizki dago guk esatea, baina oso harrera ona izan du filmak. Aretoak bete egin ditugu; Donostian, adibidez, 500 edota 400 lagun elkartu izan ditugu emanaldi ezberdinetan. Iruñean, euskaraz egindako saioan ere jende asko batu zen. Oso martxa onean zihoazen proiekzioak, COVID-19a iritsi zen arte. Baina oso pozik gaude, interes handia piztu du eta".

Aitzindariak ekologismoan

Gizartea ingurumenarekin askoz kontzientziatuago dagoela argi dauka Gaztelumendik: "Ez nuklearren aurka bakarrik, beste hainbat arlotan badira aurrerapausoak. Eta hori garai bateko borrokan aitzindariak izan zirenei eskertu beharrean gaude".

ZinemaOn: ikasturte berrirako gertu

2019. urtearen amaieran sortu zuten herriko zenbait zinemazalek ZinemaOn taldea, Seminarixoan ohiko eskaintzaz harago pelikulak eskaintzeko asmoz. Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa izeneko dokumentalaren proiekzioa lotzen lagundu zuten, baina urrian abiatuko dute ikasturtea. Ohiko zinema eskaintza asterokoa izango da astelehenetan eta domeketan, eta hilean behinekoa egubakoitzetan.

ZinemaOn taldearen zinekluba, berriz, eguaztenero elkartuko da Seminarixoan (20:00), eta, GOIENAri aurreratu diotenez, asmoa dute ikasturte honetan ere hilean behin emanaldi bereziren bat egiteko; solasaldi bat antolatuta, pelikulako lantaldeko kideren bat gonbidatuta... Gogora ekarri behar da Seminarixoko edukiera 130 lagunekoa dela, pandemiak eraginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak